Albisteak

Albistea

Sustraiak gogoan izanik zabaldu dira XXX. Arrain Azokako ateak

Adin guztietarako eskaintza zabala izango dugu igandera bitartean Bermeoko Arrain Azokan, itsas arrantza munduaren erakusleiho garrantzitsuenean.

Sustraietara buelta egin duen Bermeoko XXX. Arrain Azokak gaur goizean zabaldu ditu ateak. Domekara bitartean, adin eta gustu guztietarako eskaintza zabala eskainiko du itsas arrantza munduaren erakusleiho garrantzitsuenak. Hegaluzea protagonista berezia izanda, Arrain Azokak ekitaldi berritzaile asko dakartza, Bermeoko kultura, historia, ekonomia eta itsasoari hain lotuta duen nortasuna ezagutu ahal izateko.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Arrain Azoka Elkarteko presidentea arduratu da Bermeoko XXX. Arrain Azoka inauguratzeaz. Beragaz batera egon dira udaleko zinegotziak; Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz; Leandro Azkue, Arrantza eta Akuikultura zuzendaria; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; inguruko hainbat herritako alkateak, eta  enpresa eta erakundeetako ordezkariak, besteak beste.
Azokaren 30. urteurren honetan, sustraietara bueltatu gura izan da, horregatik, Hegaluze Saria ere sustrai horiek landatzeaz arduratu den Bego Gangoiti Cangak jaso du, Arrain Azokaren sortzaileak. “Nork esango zion gure aurtengo Hegaluze saridunari Arrain Azoka honaino eta holako osasun ederraz helduko zenik. Baina bai, Bego, heldu da eta merezimendu osoz”, esan du Bermeoko alkateak inaugurazio ekitaldia hasi berri.
Alkateak adierazi du Arrain Azoka nagusitu edo heldu egin dela, eta nabarmendu du duela 30 urte gurasoen alboan azoka ikusten zuten neska- mutilak, gaur egun, andra eta gizon helduak direla: “Eurak dira gurasoengandik jasotakoa erakutsi beharko dietenak seme-alabei, dela arrain azoka, edo dela itsasoari eta naturari maitasuna, zein ideia guzti horiek bihotzez eta bihotzetik azaltzeko gure hizkuntza. Seme-alaba horietako batzuk itsasoan ibiliko dira. Oraindik gure herriak duen itsasoarekiko lotura modu horretan ikusi behar dugu”.
Era berean, gogora ekarri du Bermeoko arrantza munduari eta itsasoari lotutako emakumeen lana: “Nork esango zuen orain 30 urte andrazkoak egongo zirela itsasontzi baten leman edo enpresen buru? Gaur egun, hori ere esan ahal dugu, badauzkagu andrazko kapitainak, eta baita ere kapitain izateko ikasten ari direnak. Gure herriaren etorkizuna izango diren andrazko kapitain, patroi eta gerenteak gure artean daude, gure alabak dira, herri honen ideia aurrerakoien alabak”.
Baina era berean, ez ditu ahaztu gura izan, agintera heldu direnen edo helduko direnen ondoan, eurak bezain beharrezkoak diren kontserberetako eskuko langileak, sareginak, neskatilak…: “Ezin ditugu langile hauek ahaztu eta ezin dugu ahaztu horietako batzuk igarotzen ari diren une latzak. Ezin dugu ahaztu andrazko horien eta baita gizonezkoen une honetako egoera zein den. Jaso gure babes osoa!”.
Buruan dauka alkateak duela egun batzuetako Bermeoko portua, “itsasontziz beteta” egon baitzen, antxoaz beteta. “Arrantzale horiek ez ziren duela 30 urteko arrantzale mota bera. Pasa den astean kolore guztietako arrantzaleak ikusi ahal izan ditugu gure kaleetan, geure antzinako Bermeoko portuan bezala. Lehen itsasontzien kolorez betetako portua, eta gaur egun, kolorez betetako arrantzaleak. Ondo etorriak zarete gure itsasoa kolorez janzten duzuen itsasoko langile guztiak. Izan zaitezte askeak gurean lan egin eta duintasunez bizitzeko. Eta askatasun hori itsasoari lotutako herrienganaino heltzea da nire ametsa. Amets egin Palestina, berandu baino lehenago libre izango zara-eta! Jaso Bermeotik gure askatasun haizea!”, adierazi du Bermeoko alkateak.
Eskerrak ematen amaitu du hitzaurrea: “Eskerrik asko hau guztia egin ahal izateko lan egin duten guztiei, antolakuntzan ari diren talde eta elkarteei, babesleei, langileei, boluntarioei eta erakundeei”.


Arrantza sektoreko eraldaketa baten ondorioz



Eguerdiko inaugurazio ekitaldiaren baitan banatu da XXVII. Hegaluze Saria, aurten, Bego Gangoitik hartu duena, “oso eskertuta”. Gangoitik mimo handiz antolatu du urtez-urte Arrain Azoka. Aurtengoa azokaren 30. urteurrena izanda, Arrain Azoka Elkarteak ikusi du “urte polita eta borobila” dela berari saria emateko.

Hunkituta hartu du saria Bermeoko turismo teknikariak. Hitza hartuta adierazi du Arrain Azoka arrantza sektoreko eraldaketa baten ondorioz etorri zela, eta herriko egunerokotasuna, hala nola, aldatu beharra zegoela. “Arrain Azoka Elkartea sektorearen topagune ezin hobea izan zen eta da, eta herri osoak hasiera batetik bereganatu zuen azoka, partaidetza aktiboarekin, gainera”, esan du.

Nahiz eta Saria berak jaso, proiektua berea delako, azpimarratu du 30 urte hauetan, Arrain Azoka mantendu eta garatzeko orduan, hainbat jenderen lana egon dela atzetik: “Turismo saileko lankideak, sektorearen parte hartze aktiboa, herriko kultur, kirol eta gizarte taldeak, hainbat pertsona anonimo…”

Urtero bezala, Bermeoko kirol, gizarte eta kultur taldeen eskutik, jai giroa izango da Arrain Azokaren beste osagaietako bat, euskararekin eta berritasunekin batera. Hala, alkateak pertsona guztiak gonbidatu ditu asteburu honetan Bermeora etortzera.

XXX. Arrain Azokaren programa oso zabala da; www.bizibermeo.eus/arrainazoka2024 webgunean aurkitu daiteke, eta bertan joango dira eguneratzen. Facebook (@arrainazoka), Instagram (bermeokoarrainazoka) eta YouTube (Arrain Azoka Bermeo) sare sozialetan ere jarriko da informazioa.

17 / 05 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0