Albistea
Bermeoko Udalaren Berdintasun Sailak, pausoz- pauso, indartzen jarraitzen du. Modu horretara, otsailaren 6tik aurrera eta urtea amaitu bitartean, emakumeentzako aholkularitza zerbitzua eskainiko da. Zerbitzua, hain zuzen ere, gaian aditua den Clara Campoamor elkarteak eskainiko du, Ana Sanchez teknikariaren bitartez.
Emakumeei zuzenduta dagoen aholkularitza juridikoa erasoren bat jaso duten emakumeek eskatu ahalko dute, eta, era berean, familia kontuei buruz aritzeko ere erabili ahalko da.
Bermeon, martitzenero eskainiko dute zerbitzua, 09:30etik 13:30era, Gizarte Ongizate Sailean (GOS). Hitzordu bakoitza 30 eta 45 minutu bitartekoa izango da, eta euskaraz zein gazteleraz eskatu ahalko da. Zerbitzua erabili gura dutenek, aldez aurretik eskatu beharko dute hitzordua berdintasuna@bermeo.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita, 94-617 91 60 telefono zenbakira deituta, edo GOSeko sarrerara bertaratuta. Dagoeneko hitzordua eskatzeko aukera zabalik dago.
Bermeoko Udaleko Berdintasun Saileko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok adierazi du Bermeoko Udalean “gabezia bat” ikusten zutela zentzu horretan, mota horretako zerbitzua “beharrezkoa” dela gaineratuta: “Bermeoko Udalak dituen baliabideekin ezinezkoa zen aholkularitza juridikoaren zerbitzua ematea, horregatik erabaki dugu Clara Campoamor elkarteagaz egitea. Ez da herri guztietan dagoen zerbitzu bat, baina eskertzekoa da herrian horrelako zerbitzu bat eduki ahal izatea”.
Bermeoko Udalak 14.998 euro bideratuko ditu emakumeentzako aholkularitza juridikoa eskaintzeko zerbitzura.
010 (94 617 91 00)