Albistea
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly kezkatuta agertu da beste behin ere, herriko anbulatorioan bizi duten egoeragatik; izan ere, mediku falta dagoela gogora ekarri du. Alkateak adierazi du, lehen mailako arretako mediku eta pediatra gabezia dagoenez, zailtasunak sortzen ari direla herritarrei arreta egokia emateko. “Bai herritarrak, eta baita ere, anbulatorioko arduradunak, haserre eta kezkatuta daude egoerarekin, denboran luzatzen ari baita. Azken horiekin, bilduta egon gara, lehen eskutik euren kezkak entzuteko”, azaldu du.
Herritarrek eta anbulatorioko langileek azaldutako kezka nagusien artean honako hauek daude:
Alkateak nabarmendu du ez dagoela “batere pozik” egoerarekin, horregatik Osakidetzari premiazko neurriak hartzeko eskatzen dio , arazoa “lehenbailehen” konpontzeko: “Bermeoko anbulatorioko medikuen falta erronka handia da tokiko komunitatearentzat, beharrezkoa den arreta medikua bermatzeko". Ildo horretan, alkateak talde mediku oso bat izatearen garrantzia azpimarratu du, eta agintari eskudunen aldetik “ekintza azkar bat” eskatu du.
Kezka horiei guztiei erantzunez, Bermeoko Udala osatzen duten hiru talde politikoek (EH Bildu, Guzan eta EAJ) aho batez adostu zuten mozio bat azken udalbatzarrean. Mozio horrek Osakidetzari eskatzen zion lehen mailako arreta egokia bermatzeko, bai eta herriko premiekin bat datozen pediatra eta larrialdietako zerbitzuak ziurtatzeko ere. Testuinguru horretan, osoko bilkurak bere kezka sakona adierazi zuen anbulatorioaren egoeragatik, eta “urduri eta gogaituta” dauden herritarren sentimendua islatu zuen. Mozio horretan bertan, Osakidetzako arduradunekin bilera bat egitea eskatu zuten, kezka horiei zuzenean heltzeko. Bilera hori datorren martxoaren 18rako dago deituta.
Topaketa horretan, identifikatutako arazoetarako “konponbide azkar eta eraginkorrak aurkitzea” bilatzen saiatuko direla adierazi du alkateak. Gainera, gehitu du, aukera baliatuko duela Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuan oheak eta funtsezko beste zerbitzu batzuk ezartzea eskatzeko, “osasun-arreta deszentralizatzeko eta Busturialdean kalitatezko zerbitzuak bermatzeko”.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak nabarmendu du, “garrantzitsua dela hiriburuetan oinarritutako ikuspegitik harago joatea, eta Bermeo moduko eskualdeko herriek, kalitatezko eta hurbileko osasun-zerbitzuak eskura izatea”.
Osakidetzak kezka horiei lehentasuna ematea espero du alkateak, “Bermeoko eta inguruko biztanleek osasun-arreta ona izan dezaten”.
010 (94 617 91 00)