Albistea
• Abaroak “ohorez eta erantzukizunez” hartzen du alkatetza eta udal korporazio berriak aurretik “erronkaz, ilusioz eta proiektuz beteriko ibilbidea” duela adierazi du
Aritz Abaroa Bermeoko alkate izendatua izan da gaur egindako Osoko Bilkura berezian. Horrela, Aritz Abaroaren lehenengo legealdia izango da Bermeoko alkate bezala. Abaroaren izendapena EAJ-PNVko zinegotzien aldeko botoekin egin da. EH Bilduko zinegotziek eta Guzan plataformako zinegotziek euren hautagaiak bozkatu dituzte.
Abaroak alkatetza “ohorez eta erantzukizunez” hartzen duela azpimarratu du eta udal korporazio berriak aurretik “erronkaz, ilusioz eta proiektuz beteriko ibilbidea” duela adierazi du. “Zintzotasuna eta errespetua” bere “oinarrizko baloreak” izango direla adierazi ondoren, bere helburua “legealdi oparoa” izatea dela gaineratu du.
Abaroaren esanetan, “gure orain arteko dinamika elkarlanean” oinarrituta egon da, “entzute-aktiboa landu dugu: bermeotarrengatik urre egonez, beharrizanak lehen eskutik ezagutuz eta herriko elkarte eta sektore diferenteen inplikazioa bilatuz”. Ildo horretan, gobernu berriaren estiloa, “bide berdinetik” bideratuko dutela adierazi du: “gertuko gobernu bat, bermeotar danak ordezkatzen gaituena, herritarron beharrizanari erantzuna emateko gaitasunarekin eta sinergia desberdinek integratzen dakiena. Danokin eta danona”.
Bermeoko alkateak adierazi duenez, hartutako konpromisoak izango dira gobernu berriaren “bandera nagusiak”: “Pertsonak, Bermeotarrak, bizi-kalitate altua duen herri baten alde lan egingo dugulako; Herri bizia, betiko aktibitate ekonomikoak eusteko eta berrientzat aukerak sortzeko lan egingo dugulako; eta geure baloreak eta izaera: bermeotarrak garelako eta horretaz harro gaudelako”, azaldu du.
Aritz Abaroak udal korporazioa osatzen duten talde guztiei ere “bere eskua luzatu” die alkate moduan. “Konbentzituta nago danon artean Bermeo izango garela eta elkarrekin herriaren onurarako iniziatibek lantzeko aukerak izango ditugula. Jarrera eraikitzailearekin eta baikorrarekin eta beti ilusioarekin. Bermeok eta bermeotarrak merezi dugulako”, nabarmendu du.
Bermeoko alkateak eskerrak eman dizkie legealdi berrian zinegotzi edo alkate kargua berriztzen ez duten emakume eta gizonei, Bermeoko herriari, taldekide, alderdikide eta bere familia eta hurbileko lagunei. “Jarraitu dezagun bide honetatik lanean, bilatu dezagun elkarlanerako aukerak. Bermeok etorkizun oparo bat dauka aurretik. Mila esker guztioi!”, nabarmendu du.
010 (94 617 91 00)