Albisteak

Albistea

Bermeoko udal talde politiko guztiek Bermeoko Udaletxea berreraikitzeko laguntza eskatzeko mozioa onartu dute

Bermeoko Udal Talde politiko guztiek Bermeoko Udaletxea berreraikitzeko laguntza eskatzeko honako MOZIOA onartu dute:

2013ko apirilaren11n Bermeoko Alde Zaharrak Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larriena bizi izan zuen. 11 eraikin eta Udaletxea kaltetuta eta 72 pertsona inguru etxe barik gelditu ziren. Bermeoko Udala sutearen aurrean ahalik eta erantzun onena ematen saiatu zen eta lehentasuna etxe barik gelditu ziren pertsonei arreta ematea izan zen, dudarik gabe. 

Momentu horretan erakunde ezberdinen arteko elkarlana garrantzitsua izan zen gertaera honi aurre egiteko, baina hartutako hainbat konpromiso ez dira bete eta horiek oraindik behar-beharrezkoak dira Alde Zaharra berreskuratzeko. Izan ere, oraindik Udaletxea, berreraiki gabe dago.

Bermeoko Udaletxea eraikin barrokoa da. Domingo de Cafrangak eraiki zuen XVIII. Mendean (1733) eta 1929. urtean handitu zen, laugarren solairua eraiki zenean. Eraikuntza erdi-adosatua da, planta angeluzuzenekoa, eta fatxada nagusian harlandu beltzeko aparailua dauka, azken altueran adreiluz konbinatuta. 

Bermeoko Udaletxea, babes berezia duen kultura–ondare legez katalogatuta dago. Bermeoko Alde Zaharrean kokatuta dago, Arana ta Goiri’tar Sabinen enparantzan. Bermeoko Hirigune Historikoak Ondasun gisa Monumento Multzo izendapena dauka, (132/1996 DEKRETUA, ekainaren 5ekoa-116 zkiko EHAA), eta Udaletxearen eraikin bera ere kultura ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta dago (451/1995 DEKRETUA, urriaren 17koa- 208 zkiko EHAA) eta eraikin hori zaintzeko babes arauak ezartzen ditu Dekretu berak. Hori dela eta, eraikina berreginaraztea oso garrantzitsua da, Euskal Kultur Ondare Legeari jarraituz. 

Guzti honegaitik, konponketa lanak hastea ezin bestekotzat jo du Bermeoko Udalak ahalik eta arinen berreskuratzeko. Horrela, Udalak proiektua egin zuen eta 2015ean eraikina berreraikitzeko proiektuaren lehenengo faseari hasiera eman zitzaion, eraikinaren barrualdea eraistea eta egitura sendotzea, hain zuzen be. Lan hauek seguruen diruarekin (157.252 euro) eta Bizkaiko Foru Aldundiak ustekabekoaen partidatik emandako diruagaz finantzatu dira (59.497,86 euro).

Orain 2. fasea martxan jartzea behar beharrezkoa da.

Bermeoko Udaletxea Birgaitzeko proiektuaren kostu osoa 1,2 milioi eurokoa da.

Zergaitik da garrantzitsua 2. Fase honi hasiera ematea eta Udaletxea berreraikitzea? 

·         Alde Zaharraren bizitasuna bultzatzeko beharrezkoa da Udaletxearen eraikina berreskuratzea. Gure Alde Zaharrak sutearen ondorioz asko sufritu du. Egia da berreskuratzeko lan handia egin dela, eta eman direla pausuak Nardiz tar Jon kaleko bizitasuna errekuperatzeko, baina asko gelditzen da oraindik sutea gertatu aurretik zuen bizia berreskuratzeko eta horretarako ezinbestekoa da Udal eraikina berreskuratzea Alde Zaharraren irudia hobetzen eta indartzen asko lagunduko zuelako. 

·         Bermeo da momentu honetan Bizkaian udaletxerik ez duen herri bakarra eta bermeotarrok, gainerako bizkaitarren modura, Udaletxea behar beharrezkoa dogu, eta gure eskubide bat da. Beste herri batzuek diru-laguntzak izan dituzte euren Udaletxeak konpontzeko. 

·         Bermeoko Udaletxea herriko eraikin garrantzitsuenatarikoa da, ondarezko balio handia duelako, izan ere Udaletxearen eraikina, Kultur Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta dago (451/1995 DEKRETUA, urriaren 17koa-208 zkiko EHAA) eta eraikin hori zaintzeko babes arauak ezartzen ditu, Dekretuak berak. 

·         Ezinbestekoa da Udaletxeko eraikina ixtea, teilatua eta hormak jarriz, segurtasunagatik. 

·         Bermeoko Udaletxean lehen kokatuta zeunden Idazkaritza, Alkatetza, Langileria eta Euskera saila, besteak beste, kultur etxera lekualdatu behar izan dira, beste zerbitzu, ekintza, edo/eta talde batzuen guneak erabiltzen dituzte eta sarritan ekimen batzuk egiteko espazio arazoak izaten ditugu. 

Guzti hau jakinarazi du Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari izandako batzar ezberdinetan. Izan ere, 2013ko sutea gertatu zenean Udaletxearen konponketarako finantziazioan laguntzeko konpromisoa hartu baitzuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Orain arte izandako batzar ezberdinetan Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako konpromisoa izan da bide ezberdinak aztertuko dituela Udaletxearen berreraikitzea posible egiteko.

Ordutik hona, hainbat bilera izan ditu Udal Gobernuak Bizkaiko Foru Aldundiarekin, eta aurrerantzean be bide hau jorratzen jarraituko du adostosunera heldu arte. Argi dago erakunde ezberdinen arteko elkarlanarekin jarraitu behar dugula eta Bermeoko Udala prest dago dagozkion konpromisoak beregain hartzeko eta bere esku dituen baliabide guztiak jartzeko. 

Hau guztia azaldu ondoren, honakoa eskatzen du Bermeoko Udalak: 

·         Bizkaiko Foru Aldundiak ezbeharrak pairatzen dituzten Bizkaiko herriei laguntza eta babesa ematen die. Bermeoko Alde Zaharrak 2013an sute larria izan zuen  eta horren ondorioz Udaletxe barik gelditu zen. Hau ezbehar garrantzitsua izanik, Udalak BFAri bere laguntza eskatzen dio, hain zuzen ere, Udaletxea berreskuratzeko finantziazioan laguntzeko konpromisoa hartu eta hori betetzeko epeak adosteko. Bere aldetik, Bermeoko Udalak bere esku dauden baliabide guztiak jarriko ditu. 

·         Bermeoko Udaletxea, babes  berezia duen kultura ondare legez katalogatuta dagola kontuan hartuta, Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzari eta  Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen die eraikina berreskuratzeko finantzazioan laguntzeko. 

·         Egoera honen aurrean, herritarren kezkak behin eta berriro ikusita, herritarrak informatuta edukitzeko konpromisoa hartzen dugu. 

 

 

30 / 09 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0