Albistea
2024ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketara aurkezteko epea irekita dago ekainaren 28ko 14:00ak arte, eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Bermeoko jaietako egitaraua eta kartela iragartzeko erabiliko dena.
Kartela Bermeoko jaietako adierazle izan behar da. Horretarako honako ezaugarri hauek hartuko dira kontuan: jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak. Kartelak testu hau izan beharko du: ‘BERMEOKO JAIAK 2024 Irailaren 7tik 16ra’.
Lanak, derrigorrez, 50x70 zm-koak izan behar dira, eta gura den beste kolore eta edozein teknika erabili daiteke. Lanak hiru modutara aurkeztu daitezke: bereizmen handiko PDF formatuan, CD euskarri informatikoan eta euskarri gogorrean. Kartel proposamenak Gizarte eta Kultura Etxean, Berhaz bulegoan edo Bermeoko Udaleko egoitza elektronikoan aurkeztu daitezke.
Epaimahaia jai batzordeko eta Barrueta arteko elkarteko kideek osatuko dute. Epaimahaiak aurkeztutako kartel guztiak ikusiko ditu eta onenen artean finalistak aukeratuko ditu. Epaimahaiak honakoak izango ditu kontuan: originaltasuna, diseinua, kalitatea eta estetika, eta, oro har, herriko jaietan parte hartzea sustatzeko erakargarrienak eta egokienak diren eskumeneko alderdiak.
Herritarrena azken hitza
Aukeratutako kartel finalistak uztailaren 8tik 16ra arte egongo dira ikusgai Bermeoko Udalaren webgunean, udalaren sare sozialetan eta Gizarte eta Kultura Etxean. Ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko zaie modu bitan: Gizarte eta Kultura Etxean jarriko den kutxan botoa emanez edo Internet bidez. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dute eta Internet bidez jasotakoek %30a. Irabazlea puntuazio gehien jasotzen duen kartela izango da. Lan irabazlea zein den uztailaren 19an jakinaraziko da.
Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa. Sarituak izan ez diren lanak abuztuan eta irailean batu ahalko dira. Lehiaketan parte hartzeak, baldintza guztiak onartzen direla esan gura du.
010 (94 617 91 00)