Albistea
Busturialdeko Udalek, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziaren bitartez, enpresei bideratutako diru-laguntza linea bat sortu dute kontratazioak egiteko. Helburua enplegua sustatzea da eta, era berean, eskualdeko garapen ekonomikoa indartzea. Diru-laguntzak Busturialdeko udalek sustatu dituzte, eta Lanbidek lagundu ditu diruz.
Eskualdeko enpresei bideratutako aurtengo aurrekontu osoa 238.352 eurokoa da. Batetik, kontratu mugagabeak lagunduko dira, eta, bestetik, artisten eta ikuskizun publikoetako teknikari eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuak.
Kontratuak, gutxienez, 3 hilabeterako izan beharko dira, eta, gehienez, 6 hilabeterako. Kontratuak lanaldi osorako edo gutxienez %50eko lanaldi partzialekoak izan beharko dira. Kontratatzen den pertsona Busturialdean erroldatuta egon beharko da, eta Lanbiden enplegu eskatzaile modura izena emanda. Emakumeak kontratatzeko diru-laguntzak %10 handiagoak izango dira.
Lanaldi osoko eta sei hilabete edo gehiagoko kontratuek, gehienez, 8.000 euroko diru-laguntza jaso dezakete. Gehienez, 10.000 eurokoa izan daiteke, berriz, kontratua lanaldi osokoa eta sei hilabetekoa denean, baldin eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsona bat kontratatzen bada. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.
Diruz lagundutako kontratuak 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartekoak izango dira kontratu mugagabeen kasuan, eta 2023ko uztailaren 1etik 2024ko abenduaren 31era bitartekoak kontratu mugatuetan.
Eskabideak egiteko azken eguna 2025eko otsailaren 28a izango da, eta tramitazioa Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da.
Informazio gehiago gura izanez gero, Bermeoaldeko Behargintzara (Zubiaur tar Kepa 26-28, 1; tel. 94-617 91 90) eta Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak agentziara (Alhondiga, 6; tel. 94-625 57 58) jo daiteke.
Deialdia arautzen duten oinarriak Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) daude, bai eta eskabidea eta berori justifikatzeko eranskinak ere.
010 (94 617 91 00)