Albistea
Aurten ere, irailaren 7tik 16ra bitartean izango diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek, adin guztietako herritarrek jaiekin bete-betean gozatzeko programa zabala eskainiko dute. Kontzertuak, su artifizialak, play-back lehiaketak, herri bazkaria eta kuadrillen jaitsiera, herri kirolak, baserri giroko azoka eta oiloen erakusketa, esku pilota partiduak, umeentzako ekintzak… Gustu guztietarako jarduerak antolatu dira bermeotarrek eta bisitariek ondo pasatzeko.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak, Arantza Ormaza Tarantino Berdintasuneko zinegotziak, Maite Caruezo Ugalde Gazteriako zinegotziak eta Jai batzordeko eta Txosna batzordeko kideek aurkeztu dute gaur Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako programa.
Bermeoko Kultura zinegotziak Jai batzordeko kideei eskerrak eman dizkie urte guztian zehar egindako lanagatik. “Bermeoko jaien berezitasuna da herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak direla, eta herritarrek antolatutako hainbat ekimen daudela. Horri esker jai herrikoiak eta benetan parte hartzaileak lortzen ditugu”, azpimarratu du. Era berean, Txosna batzordeko kideekin izandako elkarlana ere nabarmendu du, “garrantzitsua” dela aipatuta, herriko jaiak “osatuagoak” izateko. Horiei ere eskerrak eman dizkie egiten duten lanagatik eta ahaleginagatik.
Jaietako giroa berotzen
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7an hasten badira ere, irailaren 4an, eguaztenean, izango da Itsasoko Gurutze Gorriak Martillo kaian antolatzen duen Itsasoko Eguna; aurten, arratsaldez izango da, 16:00etatik aurrera.
Irailak 6 barikua izanik, jaiak berotzen hasteko egun aproposa da, eta horregatik, 18:00etan izango den XLII. Bermeo Hiria Open Bizkaia esku pilota txapelketaren ostean, 20:00etan zabalduko dute txosna gunea, txupina jaurtita. Ondoren, kuadrillen arteko jokoak egingo dituzte, eta txosna gunean bertan izango diren Mirua eta Alai taldeen kontzertuekin amaituko dute eguna.
Jai inklusiboak
Aurtengo jaien hasiera berritasunekin datorrela esan du Kultura zinegotziak: “Xixiliren aurkezpena eta alkatearen pregoia, ikurrinaren altxaera eta dunbadaren ordutegia aurreratu egin da. Xixili 19:45ean aurkeztuko da, eta txupina 20:00etan botako da. Erabaki hori hartu da jai inklusiboagoak egin asmoz, eta herriko txikienek ere jaien hasieraz gozatu ahal izateko”. Aurten ere, iaz egin modura, zeinu hizkuntzan eskainiko da pregoia.
Gogoratu, alkatearekin batera udaletxeko balkoian nor edo nortzuk egongo diren aukeratzeko bozketa zabalik dagoela. 128 herritarren proposamenak jaso ostean, proposatuenak hurrengoak izan dira: Guggenheim Urdaibai Stop Herri plataforma, Unai Gomez eta Mikel Jauregizar eta Naia Laso. Barikuko (abuztuak 9) 14:00ak arte herritarrek bozkatzeko aukera daukate https://labur.eus/8eYGi galdetegia beteta edota Gizarte eta Kultura Etxeko harrera gunean dagoen kutxan botoa emanda (09:00-14:00).
Jaien hasiera orduko, Almika auzoan ondo pasatzeko aukera egongo da, Almika auzoko jaiak antolatu baitira, irailaren 7 eta 8rako. Besteren artean egongo dira, untxi sukalki eta irrintzilari txapelketak, herri kirolen erakustaldia eta belar bola eramatearen txapelketa eta mota desberdinetako musikak. Almikara igoteko autobusak egongo dira bi egunetan, San Andreseko bidegurutzetik irtenda.
Irailaren 7an, gainera, 11:00etan hasita, X. Salome Campos igeriketa trabesia lehiatuko da portuan, Salica-Camposek antolatuta.
Txosna batzordeak irailaren 7a aukeratu du baita ere, herri bazkaria egiteko, eta aurten Almika auzoan bertan egingo dute; izan ere, bertatik hasiko da jaitsiera, Incansables txarangarekin. 19:00etan, berriz, Topa egingo da Erriberan, Sarek antolatuta.
20:00etako txupinaren ostean, jaien hasierako eguna behar bezala amaitzeko, Lameran izango dira J Martina eta Tremenda Jauriaren kontzertuak.
Irailaren 8a da Andra Mari Eguna, jai egun handietako bat. Ohiturari eutsita, Udalbatza Almikerantz abiatuko da Kankinkabara Txistu Taldea, Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Alkartasuna Dantza Taldea eta Aiarako musika bandarekin. Han, ohorezko aurreskua egingo zaio udalbatzari, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldia ere izango da.
Egun horretan izango da Gaztelugatxe Tanborrada Taldeak lehenengoz antolatuko duen umeen danborrada. 9 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteei zuzenduta dago, eta zabalik daukate izena emateko epea. Valecearen suzirien ostean, Hola Raffaella taldearen kontzertua egongo da Lameran.
Arrantzale Eguna
Aurten, astelehenez dator Arrantzale Eguna. Lamera Gane Txokoak antolatuta, lore eskaintza, aurreskua eta omenaldia egingo dira goizean Portuzarrean.
13:00etan, bermeotarrontzat hain garrantzitsua den egun honetan, aurreskuak eta zabaletakoak egongo dira Goiko plazan, eta ohikoa den moduan, jaitsiera egingo da Taraskari lorak eskaintzeko. Arratsaldea eta gaua musikaz beteta egongo da. Mexiko Lindo egongo da Lameran; Txosna batzordeak antolatuta, Debrass Band txarangakoek kalejira egingo dute; eta Zazpizar taldearen erromeriarekin amaituko da Arrantzale Eguna. Maite Carueza Ugalde Gazteria zinegotziak esan du, Arrantzale Egunean, 23:00etatik aurrera, liburutegiaren ondoan egongo direla Testing programa Ai Laket!-ekoak, drogei buruzko informazioa ematen eta analisi zerbitzua egiten.
Irailaren 10ean, martitzenean, Habanerak egongo dira eguerdian Lameran, eta arratsaldea ere jardueraz beteta egongo da. Esaterako, Herri Kirolak egongo dira Lameran, eta aurten, berritasun modura, gazte eta nerabeek, burujabetasun zelaian egingo den Paintball jokoan parte hartu ahalko dute. Bertso saioa ere irailaren 10ean izango dira.
Sancti Spiritus zaharren egoitzakoek Almikara egiten duten irteera irailaren 11n izango da, eguaztenean. Bertan bazkalduko dute eta bazkalostea musikarekin girotuta izango dute.
Arratsaldean, XLII. Bermeo Hiria eskupilota txapelketa jokatuko da Artza frontoian. Gainera, MB2000 Zerbitzu Soziokulturalak antolatuta, irailaren 11n izango dira umeen eta nagusien play-back txapelketak. Parte hartu gura dutenek, irailaren 2tik 6ra bitartean eman beharko dute izena Gizarte eta Kultura Etxean.
Txosna batzordeak antolatzen duen tortilla txapelketa arrakastatsuaren txanda izango da, berriz, irailaren 12an, 17:00etatik aurrera. Egun berean izango dira Welcome and sorry familia antzerkia Goiko Plazan eta txokolatada Irakaskintza kalean. Gauean, Katu eta Gozzue taldeak arduratuko dira giroa alaitzeaz.
Irailaren 13a, barikua, mozorro eguna izango da txosna gunean, eta XVI. Alkartasun Batel Estropada ere antolatu dute. Bariku horretan izango da baita ere, Gaztelugatxe Tanborrada Taldeak antolatutako nagusien danborrada, eta horretarako izen ematea ere zabalik dago. Xsakarak zarratuko du eguna Lameran.
Sukalki Eguna, lehiaketarik barik
Irailaren 14a, zapatua, lehiaketarik ez baldin badago ere, Sukalki Eguna ospatuko da Talan, eta sukalkia egitera animatzen ditugu herritarrak, egun guztiko giroa egongo delako Talan bertan. Arratsaldean, berriz, estropaden txanda izango da; Bermeo Hiriko XLII. Ikurrina jokatuko da Bermeoko uretan. Gainera, Karaoke ibiltaria egongo da iluntzea girotzen, eta Akerbeltz taldeak dantzan jarriko ditu festazaleak zapatu gauean, Lameran.
Santa Eufemia bezperan, irailaren 15ean, ez da girorik falta izango herrian. Bermeoko II. Erraldoi Txiki eta Ertainen Bilkura, umeentzako puzgarriak, tailerrak txosna gunean, XLI. Bermeo Hiria Esku Pilota Txapelketaren finalak eta Amorante eta Eñaut Elorrietaren kontzertuak egongo dira.
Irailaren 16a, Santa Eufemia Eguna, Baserri Giroko azokarekin lotuta egoten da. Azokaz gain, azken urteetan egin modura, Euskal Oiloaren Bizkaiko VIII. Txapelketarekin eta Bermeoko abereen erakusketarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
12:00etan, Udalbatza Santa Eufemia plazara abiatuko da Aiarako Musika bandak eta Bermeoko txistulariek lagunduta, eta bertan Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia eta Aiarako musika bandaren saioa izango dira. Bertan, Balkoitik Balkoira bertso saioarekin disfrutatu ahalko da.
Arratsaldean, berriz, Bermeo Hiria Inpesca Pilota Festibalaren finala jokatuko da, eta 22:00etan hasiko da, Xixiliri agur esateko egiten den ohikoa den doluzko ibilaldia. Ondoren, Xixili erreko da eta Zaragozana pirotekniaren eskutik suziriak izango ditugu.
Kultura zinegotziak azaldu du oraindik ere badaudela Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako gauzak zehazteko, esaterako, zeintzuk izango diren barraketako prezio herrikoien egunak, eta zeintzuk izango diren egun isilak. “Iaz, harrera ona izan zuen barrakak pare bat egunetan musika barik egotearena, aniztasun funtzionala daukaten umeentzat ere egokiak izan daitezen, eta aurten ere, berdin egingo dugu”, zehaztu du.
Azkenik, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuxka irailaren 2tik aurrera jarriko da salgai euro batera, Gizarte eta Kultura Etxean eta Turismo Bulegoan.
Txosna Batzordea
Txosna Batzordeko kideek azaldu dutenez, aurten txosna gunea irailaren 6tik 16ra bitartean egongo da zabalik. Parte hartu duten eragileen berri eman dute: Aske antolakundea, Mugimendu Sozialista, Ernai eta San Frantzisko Herri Eskolako Famili Elkartea.
Egitarauari dagokionez, irailaren 6an euren txupinarekin emango diote hasiera aurtengo txosna guneari, eta ohitura bihurtu diren tortilla txapelketa, eskalada, jokoak eta gynkana, bakarlariak, elkartasun estropada… antolatu dituzte egun guzti horietarako. Zenbait kontzertu ere aipatu dituzte, Katu, Gozzue, dj Pepiño, Eñaut Elorrieta eta Amorante, esaterako. Hala ere, oraindik iragarri ezin dituzten beste batzuk daudela iragarri dute.
Berritasunak ere badituzte. Esaterako, aurtengo herri bazkaria Almikan egingo dute irailaren 7an, handik jaitsiera egiteko. Egunero, gainera, arratsaldez, San Frantzisko Herri Eskolako familia elkarteak antolatuta, Txosna Txiki edukiko dute txosna gunean, txikienentzat pentsatutako egitarau bereziarekin.
Gautxoria eta Puntu Morea
Berdintasun Saileko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok esan du, “errespetuzko” Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak gura dituztela, “errespetua, danok ondo pasatzeko oinarria delako”.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere, Bermibus Gautxoria egongo da irailaren 7, 9, 13 eta 14an, 24:00etan hasi eta 05:00ak arte, 30 minuturo. Ibilbidea eta geltokiak honakoak izango dira: Artzako biribilgunea, Adubidxe, San Migel, Ondarruburu kalea, San Andreseko bidegurutzea, Askatasun bidea, Ibarreta kalea, San Martin, Bizkaiko Jaurerria, Sanjuanportale, Tala, Aritzatxu bidea, Bizkaiburu kalea, Udal azoka eta Txibitxiaga kalea. Bermibus Gautxoriak ibilbide zehatz bat izango duen arren, geltoki malguak eskainiko ditu, herritarrek horrela eskatzen baldin badute.
“Iazko jaietan 600 herritar inguruk erabili zuten Gautxoria, jai girotik etxera joateko bide segurua bermatuz, aurton beste horrenbestek erabiltzea espero dugu”, esan du Berdintasuneko zinegotziak.
Ormazak gogorarazi duenez, azken hilabeteetan, herri seguru bat lortzeko asmoz, Berdintasun Sailetik herriko taberna eta denda batzuekin lanean egon dira: “Lanketa horretan bertako langileek formakuntza jaso dute, erasoren baten aurrean lehenengo laguntza eskaini ahal izateko”.
Bestalde, irailaren 7, 9, 13 eta 14an, 24:00etatik 04:00etara, Puntu Morea egongo da txosna gunean, “zalantzak argitzeko edota laguntza eskaintzeko, hala behar bada”. Horrez gain, herritik zehar ere informazio panelak jarriko dira. “Guzti honekin bermeotarren eta gurera hurbiltzen direnen segurtasuna bermatu gura dugu, eta gogoratu bizi ditzagun jaiak askatasunez. Eraso matxistarik ez!”, aipatu du.
“Dagoeneko entzun duzuen moduan, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan ondo pasatzeko askotarikoak izango ditugu gure herrian”, esan du prentsaurrekoa amaitzeko Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk.
Era berean, Bermeoko jaiek daukaten enkantua nabarmendu du, “bermeotarrok jaiak bizitzeko daukagun era berezia” dela aipatuta. Alkateak ere herriko jaiak antolatzeko lanetan parte hartzen duten guztien lana goraipatu du, eta horiei guztiei eskerrak eman dizkie, “urte guztian egiten duten lan gogor eta ikusezinagatik”.
Bermeoko udal ordezkariek eta Jai batzordeko eta Txosna batzordeko ordezkariek pertsona guztiak gonbidatu dituzte Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan ondo pasatzera.
010 (94 617 91 00)