Albisteak

Albistea

Bermeoko Udal azokan libre dauden postuak enkante bidez eskuratu ahal izango dira

 

 

Bermeoko Udal Azokan libre dauden postuan enkante bidez eskuratu ahal izango dira eta interesa duten pertsonek abuztuaren 9ra arteko epea dute informazioa eskatzeko eta eskariak aurkezteko Berhaz bulegoan. 

Bermeoko Udal Azokak 37 postu ditu eta horietatik 16 libre daude, gehienak kanpoko aldean. Ildo berean, udal azokak 16 mahai finko ditu eta horietatik 9 libre daude. 

Behargintzatik azaldu dutenez, hainbat dira merkatuko postu hauetan sal daitezkeen artikuluak: janaria (frutak, barazkiak, okelak, urdaitegia, aberekinak, arraultzak, arrainak, kontserbak, gailetak, kafeak, orekiak…)  eta edaria; lorak eta landareak, egunkariak eta janari dendak ez direnak ere bai (lanabesak, burdindegia, erlojuak…). 

Irune Ormaetxeak, Merkataritza zinegotziak, adierazi duenez, ekintzaileentzat “aukera oso ona eskaintzen dute merkatuko postuek eta horregatik aipatutako negozio bat jarri nahi duten pertsonei azokan egitera animatzen diegu”. 

Horrez gain, Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, azokaren helburuetariko bat nekazal produktuen salmenta sustatzea da. “Bereziki inguruko baserrietan ekoiztutako produktuak eta produktu ekologikoak saltzea bultzatu gura da”, azpimarratu du. 

“Bermeoko azoka apustu bat da Bermeoko Udalarentzat eta bertoko produktu osasuntsu, ekologiko edota berritzaileak aurki daitezkeen erreferentziazko erosketa gunea izatea lortu nahi dugu, erosle eta saltzaileen arteko konfiantzazko gunea bilakatuz”, esan du. 

06 / 08 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0