Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak bermeotarren artean galdetegia zabalduko du Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana osatzeko bigarren faseari hasiera emateko

-Udalak herritarren esperientziak eta iritziak jaso nahi ditu online bidez eskuragarri jarriko duen galdetegiaren bitartez

-Gainera, otsailaren 7tik 11ra, 4 eztabaida talde antolatuko dira eta, horietan, urrian zehar herriko eskoletan banatutako galdetegien emaitzak aztertuko dira, besteak beste

Bermeon, 2022ko otsailaren 4an.- Bermeoko Udalak 2021-2025 aldirako Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana osatzeko bigarren faseari ekin dio. Honela, datozen egunotan herritarren iritziak entzuteko momentua iritsiko da eta, horretarako, otsail osoan zehar online bidezko galdetegia zabalduko du. Gainera, otsailaren 7tik 11ra, 4 eztabaida talde antolatuko dira eta, horietan, urrian zehar herriko ikastetxeetan banatutako galdetegien emaitzak aztertuko dira, besteak beste.

Bermeoko Udal Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da adikzioen prebentzioa lantzea eta, horretarako, herritarrekin eta herriko eragile askorekin elkarlanean osatuko da Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana. Dokumentua sortzeko hainbat fase egingo dira eta, lehena bukatuta (urrian herriko ikastetxe guztietako DBH eta Batxilergoko 731 ikaslek, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko 44 ikaslek eta Nautika Eskolako 23 ikaslek bete zuten galdetegia), bigarrena martxan jarriko du Udalak.

Oraingoan, galdetegia bermeotarrei zabalduko zaie www.bermeo.eus webgunearen eta GIZ-en sare sozialen bitartez. Gainera, herriko panel informatiboetan QR kodea duten kartelak jarriko dira herritarrek galdetegia eskura izan dezaten. Herriko lokal, farmazia, osasun zentroan… ere eskuorriak banatuko dira, QR kodearekin.

“Urrian, ekimen hau aurkeztu genuenean, garbi esan genuen gure helburu estrategikoetako bat dela mendekotasunen prebentzioa lantzea (alkohola eta beste substantzia adiktibo batzuk, tabakoa, ausazko jokoak, mugikorrarekiko eta sare sozialekiko mendekotasuna…). Zalantzarik gabe, asko kezkatzen gaituen gaia da. Ikasleek galdetegia bete dute eta oraingoan herritarren iritziak ezagutu nahi ditugu. Geroz eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta hobeto burutu ahalko dugu Tokiko Plana. Parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu bermeotar guztiei”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Drogamenpekotasunen fenomenoak Bermeoko biztanle guztiei kezkatzen dien gaia denez, denek ekarpenak egiteko aukera izatea bilatu da, norberaren esperientziatik abiatuta.  Horrela, otsailaren 7tik 11ra, 4 eztabaida talde antolatuko dira:

1) Udal langile eta politikariena. Udalean ordezkaritza duten talde politiko bakoitzetik ordezkari bat edo bi egongo dira.

2) Hezkuntza esparruko eragileena.

3) Osasun arloko eragileena.

4) Ostalaritza, merkataritza, kultur, kirol eta aisialdi elkarteetako ordezkariena.

Hortaz, plana osatzeko, herriko bizitza komunitarioan parte hartzen duten biztanle eta gizarteko kolektibo guztiek egindako ekarpenak kontuan izango dira.

Eztabaida talde bakoitzean 15 pertsona inguru batuko dira eta bilerek 90 minutuko iraupena izango dute. Eztabaida talde hauetara, ikastetxeetan egindako galdetegietatik ateratako datu batzuk eramango dira, eztabaida sustatzeko asmoarekin. Besteak beste: alkohola, tabakoa, marihuana, edari energetikoak eta beste droga batzuk kontsumitzen hasteko adina (genero desberdintasunak), kontsumoen maiztasuna adina eta generoaren arabera, kontsumitzeko arrazoiak…

Azkenik, martxoan Udaleko Prebentzio Mahaia osatzea aurreikusten da. Tresna hori ezinbestekoa izango da prebentzioaren arloko esku-hartzeak eraginkortasunez kudeatzeko. Udaleko hainbat eremutako teknikariek (Berdintasun Saila, Kultura Saila, Udaltzaingoa, Gazteria Saila…) eta beste gizarte-eragile batzuek osatuko dute mahaia. Udal Prebentzio Mahaiaren koordinazioa eta kudeaketa adikzioen arloan adituak diren eta tokiko planak egiten esperientzia handia duten Sasoia enpresako profesionalek eramango dute aurrera.

04 / 02 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0