Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Gernika-Lumoko ospitalea benetako eskualde-ospitalea izatea eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari

      

Bermeoko Udalak Gernikako ospitalearen “garapena eta ekipamendua seriotasunez hartzea eta benetako eskualde-ospitale publikoa izatea” eskatu die Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari, “eskualdeko biztanleei ospitaleko arreta hurbiltzeko”. Bermeoko Udalak eskaera hau egin zuen irailaren 26an egindako Osoko Bilkuran Busturialdean benetako ospitalearen alde aurkeztutako mozioa onartu ondoren, EH Bildu, Izartu eta Guzanen aldeko botoekin. Aldiz, EAJk kontra bozkatu zuen. 

Onartutako mozioan adierazten denez, “aurten beteko dira zazpi urte Gernika-Lumoko Ospitalea inauguratu zenetik, baina izen hori daraman arren, benetako ospitalea izatetik urruti dago oraindik”. “Ospitalizazio oheak izateko aurreikusita zegoen hirugarren solairuak hutsik jarraitzen du eta, gainera, Gernika-Lumoko Osasun Zentroko lehen mailako arretako zerbitzuak bertara eramateko egitasmoa ez dute guztiz baztertu Osakidetzako arduradunek”, gaineratzen du. 

Ildo horretan, argitzen duenez, “herriko Osasun Zerbitzu guztiak puntu bakar batean biltzea zentzuzkoa iruditu daitekeen arren, mugimendu horrek eskualdean benetako Ospitalea izateko eskubidea behin betiko hipotekatuko luke, orain libre dagoen espazio bakarra betirako galduko litzatekeelako”. 

Bermeoko Udalak onartutako mozioan azpimarratzen denez, “historian zehar baztertuta egon da gure eskualdea Osasun arloan, eta ez soilik erreferentziazko ospitaleetara dagoen distantziagatik”. 

“Gaur egun ere, Gernika-Lumoko Ospitalea baino beranduago abiarazi diren bestelako proiektuek, Urduliz edota Eibarkoak kasu, ospitalizazio zerbitzuak bermatuta dauzkate, eta horien beharra justifikatzeko gure eskualdean bete-betean bizi ditugun arrazoiak erabiltzen ditu Osasun Sailak: biztanleriaren zahartzeak dakartzan patologia kronikoek gertuko ospitalea izatea eskatzen dutela, alegia”, salatzen du. 

Ildo horretan, gaineratzen duenez, “gure kasuan, ohe faltak gure eremutik urruti dauden beste ospitaleetarainoko bidaiekin jarraitzea esan nahi du, paziente zein senideentzako dakartzan kostu ekonomikoa eta desgaste psikologiko eta fisikoarekin batera”.  Gauzak horrela, “zentro honen garapena eta ekipamendua seriotasunez”  hartzeko hainbat eskaera egin die Bermeoko Udalak Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. 

Batetik, Gernika-Lumoko Osasun Zentroan egun ematen diren lehen mailako arretako zerbitzuak Ospitaleko hirugarren solairura “lekuz aldatzeko proiektua behin betiko baztertzea” eskatu du Bermeoko Udalak. Bestetik,  Osasun Sailak “bai proiektuan, bai inaugurazioan eta bai osteko erantzun parlamentarioetan hitzemandako ospitalizaziorako oheak jartzea hirugarren solairu horretan, dagozkien zerbitzuekin eta langileekin batera”, aldarrikatu du, “zentroari benetako ospitale izaera emateko”. 

Azkenez, proiektuan agindutako bestelako zerbitzuak martxan ipintzeko urratsak ematea eskatu die Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari, “hala nola, Hemodialisi Zerbitzua edo Erradiologia Zerbitzuaren %100eko aprobetxamendua kasu”. 

Bermeoko Udalak mozio honen berri emango die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Gernika-Lumoko ospitaleko eta Gernika-Lumoko osasun zentroko arduradunei. 

“Azken finean, Gernika-Lumokoa benetako eskualde-ospitale publiko bat izan dadin exijitzen du Bermeoko Udalak, eskualdeko biztanleei ospitaleko arreta hurbilduko liekeena eta hamarkadetako bazterkeriari amaiera ematen hasiko dena”, adierazten du. 

28 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0