Albistea
Bermeoko Udalak, Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin, elkarlanean, Bizikidetza eta Aniztasun plana (2018-2021) landu eta plan hori aurkeztu zuen azaroan eta ekarpenak jasotzeko irekia zela adierazi zuen. Horrela, gaur, urtarrilaren 11n, Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakariak; Iñaki Beitiak, Eleizalde Ikastolako zuzendariak; eta Idurre Bidegurenek eta Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateak eta alkateordeak; plan horren inguruan hausnarketak egiteko bilera bat izan dute, Ikastolak proposatuta.
Batzar horretan Ikastolen Elkarteak eta Eleizalde ikastolak beren hausnarketa plazaratu dute eta hainbat ekarpen egin dituzte. Ildo horretan, gogoratu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan atzerriko jatorri duten ikasleak eskolaratzeko orduan segregazioaren arriskua gainditzeko hainbat neurri proposatu eta publiko egin zituen Ikastolen Elkarteak, iragan urriaren 18an.
“Proposamenean, udalek gai honetan duten eragina azpimarratu genuen, segregazio arriskua ez delako hezkuntzaren arazoa bakarrik, gizarte osoarena baizik”, adierazi dute. Horrela, euren poza agertu dute Bermeoko Udalak hezkuntza eremuari buruzko proposamenak ere jasotzen duen harrera plan integrala duelako eta eragile desberdinen parte-hartzearekin egiten ari delako.
Azaldu dutenez, “urtez urte ingurune berrira eta gure Ikastola eredura egokitzeko premia handiak dituzten ikasleak datoz gure geletara; gero eta gehiago”. Ikasle horiek gizarte eta eskolako komunikazio-hizkuntzak ikasi behar dituzte, curriculum-jatorri desberdinetakoak dira… Ikasle horiei hezkuntza arreta egokia zein neurritan ematen ari zaien arduratzen dio Ikastolen mugimenduari.
“Ikasturtean apur-apurka iristen diren eta gure hezkuntza-sisteman lehenengo aldiz hasten diren ikasle horien eskola-arrakasta lortzeko, eskola-giro adeitsua sortu behar da eta ikasle horien sozializazioa sustatu behar dugu (harremanak, kultura arteko baloreak, … ). Curriculumera sartzeko, hizkuntza ezinbesteko tresna dela kontuan hartuta, eskolako hizkuntzak eskuratzeko prozesua optimizatu behar da”, azaldu dute.
Horregatik, ikastolen ordezkarien esanetan, Bermeoko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planean 2.4 puntuan jasota dagoen ekintza, “Jatorri atzerritarreko haurrengan euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzea”, “guztiz egokia ikusten dugu, bereziki planean agertzen den moduan egiten bada, hau da, Ikastetxeekin modu koordinatuan”.
Atzerritar jatorriko ikasle eta familiei harrera eta arreta emateko prozesuak garrantzi handia duela dio Ikastolen Elkarteak; “ezinbestean informazio eta orientabide egokiak jaso behar dituzte”. Beraz, bere esanetan, “Bermeoko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planean 2.2 puntuan jasota dagoen ekintza, “Bizikidetzarako eta gizarteratzeko beharrezkoa den informazioa helaraztea iritsi berriei”, guztiz egokia ikusten dugu”.
Informazio horretan, Ikastolaren ustez, “ikastetxe bakoitzaren ezaugarriena sartu behar da eta ezagutu egin behar da familia eta ikaslearen egoera, hizkuntz gaitasunak eta aurreko eskola-ibilbidea”. Era berean, Ikastola Mugimenduak adierazten duenez, “udalek, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanda, harreman estu eta zuzen bat eduki beharko lukete Eskolatze Batzordeekin”.
Ikastola Mugimenduaren esanetan, “eskolak testuinguru anitzago baten erronka espezifikoei hobeto erantzuteko, kultur arteko harreman eta bizikidetza harreman positiboen ingurune bat eraiki behar da eskola ingurunetik kanpo”. Horrela, bere ustez, “egokia izango litzateke eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian parte hartzen duten eragileek elkarlanean aritzea atzerritar jatorria duen ikasleriarekin”.
Azkenik, Bermeon dauden atzerriko familiek euskal hezkuntza sistemaz eta Bermeoko ikastetxeez duten pertzepzioari buruzko azterlan bat sustatzea interesgarria ikusten du Ikastolen mugimenduak.
Bermeoko alkateak eta alkateordeak Bermeoko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planaren hobetzeko egindako ekarpenak eskertu dituzte; izan ere, “gure plangintza irekia da eta eragile ezberdinek egiten dituzten ekarpenek beti ere aberasgarriak dira”.
Plan honekin Bermeoko Udalaren “apustua da gizarte justuago, berdintsuago eta kohesionatuago bat lortzea”, eta Ikastolak plan honetan bere hausnarketa eta ekarpenekin parte hartu nahi izatea guztiz positiboa da, hezkuntza arlo garrantzitsua baita helburu horiek lortu ahal izateko. “Beraz, espero dugu elkarlan honekin jarraitzea guztion artean gizarte hobeago bat lortzeko”, nabarmendu dute Bidegurenek eta Ibarrolazak.
Bermeoko alkateak adierazi duenez, “kultura ezberdinen arteko gizarte baten aurrean aurkitzen gara, immigrazioaren fenomenoa ondo ulertu behar dugu, datuak ondo aztertu, aurreiritziak gainditu eta daukagun errealitatearen aurrean dibertsitate kultural handiko herri bat eraiki denon artean”.
010 (94 617 91 00)