Albisteak

Albistea

Bermeoko Udal Gobernua: "Oposizioak udalaren funtzionamendua blokeatu nahi izan du"

Alkateak alkate lanak egin ahal izateko liberazioaren kontra ere bozkatu dute EAJk, Guzanek eta Izartuk

Bermeoko Udal Gobernuko kideek (Bildu) salatu dutenez,  joan den barikuan egindako Osoko Bilkuran “oposizioa, hau da, EAJk, Guzan eta Izartu, batu egin dira Bermeoko Udalaren funtzionamendua blokeatzeko”. “Alderdi hauen borondatea izan da alkatea bera ere, bere lana egiteko liberazio gabe uztea, hau da, 17.000 biztanleko herri bat %100eko dedikazioa duen alkate barik uztea”, adierazi dute. 

Idurre Bidegurenek eta Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateak eta alkateordeak, hain zuzen ere, adierazpen hauek gaurko prentsaurrekoan egin dituzte. Eurekin egon dira Udal Gobernua osatzen duten gainerako zinegotziak. Bertan, joan den barikuan, ekainaren 26an, egindako Osoko Bilkuraren balorazioa egin dute eta, euren esanetan, oposizioak “Udalaren funtzionamendurako beharrezkoak diren erabakiak atzeratu dituzte EAJk, Guzanek eta Izartuk, elkarrekin ezetza bozkatuz eta euren erabakiekin Udalaren jarduera oztopatuz”, esan dute. 

Ildo honetan, azaldu dutenez, lehenik eta behin, “Udalaren eraketa berria bozkatu zen, non lau batzorde informatibo proposatzen ziren”. “Urteetan teknikoekin batera egindako lanaren emaitza izan da gure proposamena, helburua koordinazioa hobetzea eta hauek eraginkorragoak izatea izanik”, azaldu dute. “Baina EAJ, Guzan eta Izartu batu egin dira eta honen kontra bozkatu dute informazio falta argudiatuz, eraketa honen berri alderdi guztiek izan dutenean, izan ere, guretzat gai honek lehentasuna izan du gobernua eratzeko egindako negoziazio guztietan eta inork ez du bere desadostasuna agertu. Are gehiago, teknikariekin ere bildu dira egitura berriari buruz informatzeko”, adierazi dute.  

Horrez gain, esan dutenez, “beti prest egon gara nahi den informazio guztia emateko eta gure ateak beti irekita egon dira”. Horregatik, “harrituta” gelditu dira oposizioko alderdiek kontra bozkatzerakoan. “Kontuan hartu behar da batzorde informatibo gabe Udalaren funtzionamendu normala eten egiten dela ezin direlako erabakiak diktaminatu, horregatik garrantzitsua da hauek lehenengo Osoko Bilkuran onartzea”, argitu dute.  

Horrela, Bidegurenek nabarmendu duenez, “guretzat garrantzitsuena da Bermeoko Udalak funtzionatzen jarraitzea eta  horregatik, Udal Gobernuak arduraz jokatu dugu eta, betiko batzorde informatiboekin jarraitzea proposatu dugu Udala ez gelditzeko eta udal gaiak aurrera atera ahal izateko”. Kasu honetan, EAJk eta Izartuk alde bozkatu dute, Guzan abstenitu egin den bitartean. 

Edozein kasutan, Bidegurenek eta Ibarrolazak nabarmendu dutenez, hurrengo Osoko Bilkura batean eraketa berria onartzeko ahaleginak egingo dituzte, “herriaren funtzionamendurako asko hobea dela pentsatzen dugulako, teknikoen iritziak kontuan hartuta”. 

Bestalde, esan dutenez, Udal Gobernuak Bermeoko Udalaren jarduera egokia bermatzeko hiru pertsona liberatzeko proposamena egin du, alkatea eta beste bi, orain arte egon diren moduan. Gure ustez, “17.000 biztanleko herri batean eta 20 milioiko eta ia 300 langile dituen udal batean Udalaren jarduera egokia bermatzeko hiru zinegotzi liberatu izatea ezinbestekoa da, euren lana %100ean udalari dedikatu ahal izateko, baina proposamen honen kontra ere batu egin dira oposizioko hiru alderdiak eta Guzanek, Izartuk eta EAJk ezetza eman dute”.  

“Euren borondatea izan da alkatea bera ere bere lana egiteko liberazio gabe uztea, harrigarria benetan. Inoiz ez da honelako egoerarik eman Bermeon”, azpimarratu dute.

“Hau ahal da Bermeok behar duen aldaketa? Udalaren funtzionamendua oztopatzea? Eta Udalarentzat eta herriarentzat beharrezkoak diren erabakiak atzeratzea?”, galdetu dute.  

Dena den, adierazi dutenez, “gure ateak zabalik daude, guztiekin hitz egiteko prest gaude, akordioak lortzea ezinbestekoa delako Udal honen jarduera egokia lortzeko eta herriaren alde lan egiteko”. “Arduraz jokatuko dugu guretzat lehentasuna Bermeok eta bermeotarrek dutelako”, adierazi du.

 

 

29 / 06 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0