Albisteak

Albistea

Aurten ere Bermeo, Mundaka eta Gernikako turismo bulegoek Urdaibaiko eskaintza turistikoa batu dute

50 plan baino gehiago biltzen dira eta eskaintza turistiko hau bide ezberdinen bidez zabalduko da (web guneak, turismo bulegoak…)

 

Iaz lehenengo aldiz Gernika, Mundaka eta Bermeoko Turismo Bulegoek elkarlanean Urdaibaiko eskaintza turistiko zabala batzea erabaki zuten Urdaibai bisitatzen dituzten pertsonek modu praktiko eta erakargarriago batean eskaintza guztiaren berri izan ahal izateko.

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo zinegotziak azaldu duenez, “iazko esperientzia positiboa izan zenez kontuan hartua, aurten ere berdina egitea erabaki dugu”. Horrela, 50 plan baino gehiago biltzen dituen eskaintzaren berri izango dute Urdaibai bisitatzen dituzten pertsonek.

50 plan hauetan era guztietako eta pertsona guztientzako eskaintzak jasotzen dira, besteak beste, bisitatzeko interesgarriak diren lekuei buruzko informazioa (Gaztelugatxeko San Juan, Santimamiñeko kobak, Urdaibai Bird Center, Euskadiko Biodibertsitate Zentroa -Madariaga dorretxea, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Aita Guria baleontzia, Batzarretxea eta Gernikako arbola…); itsas ibilbide ezberdinak, bertoko produktuak, eta hainbat motatako jarduerak (jaitsierak, kayak, surf, eskalada, orientazioa, tirolina, itsasontzian ibilaldiak …).

Eskaintza guzti honen berri hainbat bide erabiliz emango da. Bermeoren kasuan www.bermeo.eus web gunean, Bermeoko facebooken bidez (https://www.facebook.com/BermeokoUdala) eta whatsapp-a ere erabiliko da gure eskaintza turistikoaren zabalkunderako.

Horrez gain, Urdaibaiko turismoarekin erlazionatutako enpresa guztiei ere helaraziko zaie (alojamendu, jatetxe, taberna, turismo aktiboko enpresak, ekoizleak…) eurak aldi berean euren bezeroei ere Urdaibaiko eskaintza turistikoaren berri emateko.

“Urdaibaik leku benetan zoragarriak ditu eta ondo pasatzeko aukera pila eskaintzen ditu, horregatik eskaintza guzti hori batu izan nahi dugu bisitariek guztiaren berri era praktiko eta erakargarrian izateko”, adierazi du Ormaetxeak.Turismo zinegotziak pertsona guztiak gonbidatu ditu Urdaibai ezagutzera, izan ere, paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin ondo pasatzeko aukera izango dute bisitatzen gaituzten guztiek.

 

 

26 / 07 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0