Albistea
1917ko martxoaren 14an jaio zen Jose Antonio Egia musikaria. Horrela, bere izena duen udalaren musika eskolak musikariaren 100. urteurrena ospatuko du ekimen ezberdinekin. Horien artean, Egiaren urtebetetze egunean, martxoaren 14an, martitzenean, Santa Eufemia elizan kontzertu berezi bat egingo da musikari asko eta askoren parte hartzearekin.
Horren berri eman dute gaur Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak; Esti Arrizabalagak, Bermeoko udal Musika eskolako zuzendariak; Karmele Barrenak, Bermeoko abesbatzako zuzendariak, eta Jon Ander Jauregizarrek José Antonio Egiaren lobak. Izan ere, Jose Antonio Egia musikariaren 100. urteurrena ospatzeko ekimenak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan.
Astuik azaldu duenez, José Antonio Egia Bermeoko musikaren munduan pertsona oso garrantzitsua izan zen, izan ere, musikaren zaletasuna zabaltzen aitzindari izan zen, eta berak egindako lana goraipatzekoa da. “Bermeoko herrian izan zuen musika ibilbidea eskertzeko udalaren musika eskolak bere izena du, eta, orain, bere urtebetetzetik 100 urte betetzen direnenean, omentzeko hainbat ekimen antolatu ditugu”, azpimarratu du.
Ildo honetan, Arrizabalagak azaldu duenez, 100. urteurrena ospatzeko ekimenen barne, Jose Antonio Egiaren musika partiturak, Eresbiletik (Euskal Musika Artxibategia) Bermeoko Udalaren artxibora ekarri dira, euskarri digitalean. “Guztira, 123 musika obra dira, eta gure musika ondarearen parte garrantzitsua dira. Horregatik, gure ustez, ezinbestekoa da lan horiek gure artxiboan izatea”, nabarmendu dute Astuik eta Arrizabalagak.
Bestalde, Arrizabalagak adierazi duenez, udalaren musika-eskolako ikasleen errepertorioan Egiaren obrak ezagutarazi eta lantzen ari dira ikasturtean zehar, eta egingo diren entzunaldietan lan horiek entzungai izango dira.
Horrez gain, lehen aipatu bezala, martxoaren 14an, martitzenean, Jose Antonio Egia musikariaren jaiotzatik 100 urte betetzen direnean, kontzertu berezia egingo da Bermeoko Santa Eufemia elizan 19:45ean.
Kontzertu horretan Bermeoko Abesbatzak eta udalaren musika eskolako soka taldeak, gitarra taldeak, Kankinkabara txistulari taldeak, Arrekatxutxa trikitixa taldeak, koro txikiak, harrerako ikasleak, konboak eta haize kamarak parte hartuko dute.
Horrez gain, Egia maisuarekin ibilitako ‘Erriko Lagunak’ taldeko txistulari ohiek ere parte hartuko dute, izan ere, deialdia zabaldu zitzaien kontzertu horretan parte hartzeko, alde batetik, euren maisua izandako Egia gogoratzeko eta omentzeko, eta, bestetik, musikarekin gozatzeko.
Horrela, kontzertuan errepertorio zabala interpretatuko da, 15 obra, hain zuzen ere, hainbat estilotakoak: balsa, tangoa, fandango, biribilketa, arin-arina, erlijiosoa… Musikari guztiek elkarrekin Egiaren ‘Gure Tala Agur’ interpretatuko dute. “Seguru gaude benetan Jose Antonio Egia omentzeko ekitaldi polita eta hunkigarria izango dela”, adierazi dute parte hartzaileek, eta herritarrak kontzertura gonbidatu dituzte. Kontzertua dohainik izango da.
Txistu alardean ere Jose Antonio Egiak protagonismo berezia izango duela aurreratu dute, baina horren berri aurrerago emango dela adierazi dute.
Jose Antonio Egia
Jose Antonio Egiaren biografiari dagokionez, Balmasedan jaio zen 1917ko martxoaren 14an. Ume umetatik hasi zituen musika ikasketak eta herriko Musika Bandan saxofoi-jole lez parte hartu zuen. Gazte zela, Gerra Zibilak harrapatu zuen, eta Bermeora etorri zen San Andres batailoiko bandaren partaide bezala. Gerra ostean, Arrasateko Santa Ageda Ospitaleko musika bandako zuzendaria izan zen. Ordura arte, musika konposatu zuen arren, ez da ezagutzen partituran erregistraturiko lanik.
1945.urtean Bermeora itzuli zen, eta Santa Eufemia elizako organo-jole postua lortu zuen, lehiaketa bidez irabazita. Hainbat koru sortu zituen: tipleena, emakumeen abesbatza eta geroxeago arrantzaleekin bakarrik sortutako abesbatza. Gero arrantzaleek itsasora joan behar izan zutenez, ezin izan zuten korura joan eta orduan abesbatza herrira zabaldu zuen.
1953.urtean, Palentziara joan zen. “San Juan de Dios” ordenako erlijioso izateko prestatzen zeuden gazteen musika irakasle eta organo jole. 1955ean, Bermeora itzuli zen Santa Eufemia organo jole eta, aldi berean, Bermeoko Abesbatzaren zuzendaritza lortu zuen.
1967.urtean “Erriko lagunak” txistularien akademia sortu zuen, eta 100 ikasle aurkeztu ziren. Bere konposizio ezagunen artean, “Nire Aurtxoa”, “Ekilikua”, “Gure Tala Agur”, “Himno al Club de futbol de Bermeo” ditu. Horrezaz gain, balsak, tangoak, pasodobleak, zortzikoak, gabon kantak eta, batez ere, erlijio kantu ugari idatzi zituen.
Herrian, musikaren zaletasuna zabaltzen aitzindari izan zen. Musika ikasi gura zuten herritarrei erakusteko prest egon zen beti; hala nola, pianoa, txistua, akordeoia, gitarra, biolina… ordainean ezer hartu gabe. Bermeoko herrian izan zuen musika ibilbideari esker ona erakusteko, udalaren musika eskolak bere izena darama. 1979ko azaroan hil zen.
010 (94 617 91 00)