Albistea
-Laguntza hauek urriaren 1etik 29ra bitartean eskatu ahal izango dira Berhaz bulegoan edo Bermeoko Udaleko Egoitza Elektronikoan
Bermeon, 2021eko irailaren 28an.- Bermeoko Udalak, beste urte batez, dirulaguntzak emango ditu euskara ikasteko eta gidabaimena hizkuntza honetan prestatu eta azterketa egiteko. Eskaerak urriaren 1etik 29ra bitartean egin ahal izango dira Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) edo Bermeoko Udaleko Egoitza Elektronikoan.
Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, 2020-2021 ikasturtean egindako ikastaroak diruz lagunduko dira. Dirulaguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak.
Eskatzaileek, besteak beste, honako baldintzak bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa bukatzea. Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. Aldi berean, ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 € jaso ahal izango dituzte.
Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei, gehienez, matrikularen % 70a ordainduko zaie eta ikasturte barruan langabezian daudenei, asko jota, matrikularen % 60a. Gainontzeko ikasleek, gehienez, matrikularen % 50a eskuratu ahal izango dute. Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen dirulaguntza hauek bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin.
Gidabaimena euskaraz
Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin duten pertsonek eskariak Berhaz bulegoan edo Bermeoko Udalaren Egoitza Elektronikoan aurkeztu beharko dituzte urriaren 29a baino lehen. Horretarako, eskari-orria, Nortasun Agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz jaso eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria eraman beharko dituzte. Erakunderen baten dirulaguntza jaso izanaren kasuan, horren frogagiria ere aurkeztu beharko dute. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko dirulaguntza jasoko dute.
Laguntzak eskuratzeko baldintzak hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gaindituta izatea eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.
Dirulaguntzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero:
- Telefonoa: 94 617 9122
- Helbide elektronikoa: euskera@bermeo.eus
010 (94 617 91 00)