Albistea
Irailaren 15ean, larunbatean, Bermeo Andra Mari eta Santa Eufemia jai egunetan murgilduta dagoen bitartean, XXXVI. Bermeoko Uria Ikurrina estropada ospatuko da arratsaldeko 18:00etan. Ondoren, Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, Ikurriña emango dio irabazleari itsasoan. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azpimarratu duenez, “zapatuan, Bermeon jai giroan goi mailako kirol ikuskizun honekin gozatzeko aukera izango dute bermeotar zein kanpotik datozen pertsona guztiek”.
Bidegurenek eta Agustin Aranburuk, Bermeo Urdaibai Arraun Elkartearen lehendakariak, prentsaurreko bat eman dute gaur Arrantzaleen Museoan, XXXVI. Bermeoko Uria Ikurrina estropada aurkezteko.
Bermeoko alkateak adierazi duenez, Bermeoko herriarentzat “ohore” bat da “lehen mailako kirol ikuskizuna den Bermeoko Uria Ikurrina estropada hartzea”. “Aurten 36. ediziora heltzen da Bermeoko Uria Ikurrina estropada eta seguru gaude giro ezin hobea izango dugula zapatuan gure herrian; izan ere, egun horretan sukalki eguna ere ospatuko da Bermeon, beste jai ekintza batzuen artean”, nabarmendu du.
Alkateak “udan arraunaz gozatzeko aukera eman diguten guztiei eskerrak” eman dizkie. Horrez gain, Urdaibai taldea zoriondu nahi izan du, “egindako lan onagatik eta esfortzuagatik eta lortutako garaipenengatik. Bermeoko herria pozik dago”, azpimarratu du.
Ildo honetan, esan duenez, “azken txanpan sartuta, larunbatean, XXXVI. Bermeoko Uria Ikurrina estropadan, aukera ezin hobea izango dugu Bermeon arraunaz gozatzeko, kontuan hartuta, gainera, toki paregabean izango dela”.
Azkenez, Aranburuk eta Bidegurenek larunbatean, “XXXVI. Bermeoko Uria Ikurrina” estropadara etorriko diren zaletu guztiei “ongietorria” eman die eta pertsona guztiak gonbidatu dituzte Bermeora. “Seguru nago lehen mailako kirol ikuskizun eta Bermeoko jaiekin guztiok disfrutatuko dugula”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)