Albisteak

Albistea

EHUk, AZTIk, eta Ternuak eta Opeguik ozeanoak zaintzeko hainbat proiektu aurkeztuko dituzte Bermeoko XXIII. Arrain Azokan maiatzaren 19, 20 eta 21ean

Bermeoko Kofradi Zaharrean atun errea eta marmitakoa helburu solidarioekin dastatzeko aukera, eta umeentzat ere egitarau zabala Arrain azokan

 

Bermeoko XXIII. Arrain Azoka maiatzaren 19, 20 eta 21ean egingo da, eta ozeanoen zainketa guztion ardura dela zabaltzea da aurten duen helburu garrantzitsu bat. Hori lortzeko, besteak beste, EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak (Plentziako Itsas Estazioa PIE), AZTIk eta Ternua eta Opeguik martxan dituzten hainbat proiektu aurkeztuko dituzte LOG gunean, tradizioa eta berrikuntzak uztartzen dituen Lehena-Oraina-Geroa gunean, hain zuzen ere

Gainera, aurten, lehenengo aldiz, Bermeoko Kofradi Zaharra irekiko da eta, bertan, atun errea eta marmitakoa dastatzeko aukera egongo da, gainera, helburu solidarioekin; izan ere, jasotako dirua osasun arazoak dauzkaten umeen familiak laguntzeko izango da. Horrez gain, asko izango dira Arrain Azokak itsas munduarekin gozatzeko eskainiko dituen aukerak: Jurgi Arejita Sushi manaren erakusketa, ume eta gaztetxoentzat egitarau zabala (sukaldaritza tailerrak, jokoak, erakusketak…), Nautika eskolako nabigazio simulagailura bisitak…


Horrela adierazi du gaur Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, Arrantzaleen Museoan egindako Bermeoko XXIII. Arrain Azokaren aurkezpenean. Berarekin batera Leandro Azkue, Arrantza eta Akuikultura zuzendariak; Irune Ormaetxea, Turismo eta Merkataritza zinegotzia; Bego Gangoiti, Turismo arduradunak, eta BBKko Bermeoko sukurtsaleko zuzendaria.


Bermeoko alkateak gogoratu duenez, aurten Bermeoko Arrain Azokan ozeanoak zaintzeko guztiok dugun erantzukizuna azpimarratuko da eta helburu hori lortzeko hainbat ekimen antolatu dira. Horien artean, Aztik gure kostaldean isurtzen ditugun mikro-plastikoak Ozeano Artikoraino iristen direla ohartarazten duen ikerketaren berri emango du.  Ikerketa horren emaitzek nabarmentzen dute plastiko-hondakinak kudeatzeko tresnen premia, eta horren berri emango du Aztik barikuan (17:00-21:00) eta larunbata goizean LOG gunean. 


Ildo berean, eta LOG gunean ere bai, EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak, hau da, Plentziako Itsas Estazioak (PIE), egiten ari den proiektuak aurkeztuko ditu, horietariko bat lazunen ingurukoa. Horrez gain, unitate ibiltari bat izango dute bertaratzen direnei arrainaren zatiak ezagutarazteko. LOG gunean egongo dira barikuan (11:00-15:00) eta igande goizean.


Horrez gain, Ternuak eta Opegui-k (Gipuzkoak baxurako arrantza ekoizleen elkartea) garatutako ‘Redcycle’ proiektua aurkeztuko dute. Proiektu horren bidez, Bermeo, Getaria eta Hondarribiko kofradiek hartzen dituzten erabilerarik ezako arrantza sareak harian bihurtzen dituzte, jantzi tekniko jasangarriak egiteko. Helburua birziklapenaren garrantzia eta planeta zaindu behar dugula azpimarratzea da.  LOG gunean egongo dira zapatuan (17:00-21:00). 


Gune berdinean, Echebastarrek antolatuta, Jurgi Arejita sushimanak sashimi kalitatezko atuna aurkeztuko du (igande goizean) eta zapatuan bertsolariak eta pintxo lehiaketaren pintxo erakusketa izango  dira. LOG gunean Mondragon Unibertsitateko kideak egongo dira bertaratzen diren guztiei Arrain Azokak eskaintzen dituen aukera guztien berri ematen. 


Gure Itsas ondarea eta tradizioak zaindu eta erakutsi 


Irune Ormaetxeak azaldu duenez, umeek euren tokia izango dute Arrain Azokaren gune didaktikoan. Bertan, gure itsas ondarea eta tradizioak zaindu eta erakutsiko dira eta, horrez gain, ozeanoak zaintzeak duen garrantzia azpimarratuko da. Horretarako, hainbat ekimen antolatu dira Arrain azokako egun guztietan, umeei eta gaztetxoei zuzenduta: sukaldaritza tailerrak, erakusketak, proiekzioak, jolasak, eskulanak, ipuin antzerkia…. Ildo berean, barikuan 17:00etan Galerna elkarteak antolatuta, umeei portu barruan belaontzian nabigatzeko aukera eskainiko die. Irteera Izotz fabrika aurretik izango da.


Aurten nobedade bat izango da Arantza Goienetxearen ‘Sabor, Zabor!’ erakusketa Aita Guria baleontzian, baleontziaren ordutegian. Ildo berean, Nestor Basterretxea aretoak Ortube itsasontziari buruzko erakusketa bat hartuko du eta, toki horretan ere, Juan Antonio Apraizek Dakarreko kanpainen argazki bilduma erakutsi eta hitzaldia eskainiko du maiatzaren 19an, barikuan, 19:00etan.


Ume zein nagusiei zuzenduta, egunero Kofradi Zaharraren aurrean atrakatuta egongo den Mater itsasontzia bisitatu ahal izango da eta bertan gure itsas ondarea ezagutzeko aukera izango dugu(11:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte)”. 


Ildo berean, Turismo zinegotziaren esanetan, “interesgarriak” izango dira Kofradia Zaharrean egingo diren Arrain salmenta simulazioak, data hauetan bakarrik ikus daitezke eta. Hegaluze itsasontzian egingo diren irtenaldiak ere oso politak izango direla adierazi du, Elantxobera zapatuan eta domekan 12:00etan eta zapatuan Gaztelugatxera 18:00etan.  


Aurten gainera beste nobedade bat izango dugu: Nautika eskolako nabegazio simulagailura bisitak 12:00etan barikuan eta zapatuan. Horrez gain, Arroyabe kontserba lantegia bisitatzeko aukera egongo da barikuan 11:00etan eta 12:00etan.


Beste ekimen interesgarri bat da, Ormaetxearen esanetan, Leintz Gatzagako Gatz museoak bertatik eta Bermeoraino antolatu duen ibilbidea arraina eta ardoaren ibilbidea jarraituz. Helburua da Leintz Gatzagan egiten den gatza Bermeko kontserba lantegietara ekartzea. 


Arrantzaleen museoak Mikel Eskauriazaren ‘Baporak’ liburuaren aurkezpena hartuko du maiatzaren 18an, eguenean, 19:00etan, eta, zapatuan, ‘Bizkaiko Boto-eskaintzak’ erakusketara bisista gidatua izango da. Asteburu osoan doan izango da museoko sarrera eta baita ere Aita Guria baleontziko sarrera ere. 


Kofradia zaharra 


Bego Gangoitik azaldu duenez, aurten, lehenengo aldiz Bermeoko Kofradia Zaharrak ateak irekiko ditu eta, bertan, atuna erreta eta marmitakoa jateko aukera egongo da. Gainera, helburu solidarioak izango ditu, eta lortzen den dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzeko izango da. 


Bestalde, Lameran karpa txiki bat egongo da eta bertan era ezberdinetako jatekoa ematen duten hiru stand kokatuko dira: “Conservas y ahumados Angel gure produktuekin egindako arrain pintxoak eta txakolina izango duena; Camus, arrain kontserba eta itsaskiz egindako pastelak eskainiko dituena, eta Rue del Percebe, lanpernak, izkirak, magurioak, nekorak, lanperna-kroketak eta lanperna-izozkia dastagai izango dituena”. 


Bestalde, Gangoitik adierazi duenez, aurtengo Arrain Azokan 19 erakustoki egongo dira. Horietan enpresek eta erakunde ezberdinek haien produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko, eta, horrez gain,  arrantza mundua erakutsiko dute. Azokaren ordutegia 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da ostiralean eta larunbatean eta 11:00etatik 15:00etara igandean. 


Jai giro ezin hobea


Arrain Azokaren inguruan antolatutako ekimen kulturalak ere asko izango direla adierazi du alkateak. Bere esanetan, herriko kultur taldeen inplikazioari esker, Bermeon 19, 20 eta 21eko asteburuan “jai giro ezin hobea lortuko dugu, “fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroekin herria alaitzea lortuko baitute”.  


Habanerak ere izango dira Frontoian larunbatean, Radio Nervionek antolatuta, baina aurten aurreratu egiten dira eta iluntzeko 20:00etan izango dira. Larunbatean, 11:00etan IV. Ikurrina batelen estropada egingo da eta 13:30ean sari banaketa kioskoan. Leku eta egun berdinean, 12:00etan pintxo lehiaketaren sari banaketa izango da.


Bermeoko Arrain Azokako erakustokiak ostiralean goizeko 11:00etatik aurrera bisitatu ahal izango dira, eta hasiera ofiziala eguerdiko 13:00etan, izango da. Egun horretan ere Hegaluze saria emango da, aurten Eleizalde Ikastolari, hain zuzen ere. 


“Hortaz, era guztietako ekimenez eta nobedadeekin beteta datorkigu gure Arrain Azoka eta pertsona guztiak gonbidatu nahi ditut Bermeorentzat hain garrantzitsua ekimen honetan parte hartzera, izan ere, gure produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok maiatzaren 19, 20 eta 21ean ”, azpimarratu du. 


Eusko Trenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu arrain azokaren egunetan eta Bermeon Matxikorta, Landabasoko Poligonorazko bidean, eta Udal Azokako parkingean ere aparkatzeko aukera egongo da. 


Bidegurenek Bermeoko herriarentzat azoka honek duen garrantzia azpimarratu du eta Euskal Herrian mota honetako lehenengo azoka dela gogoratu du. “1994. urtean hasi ginen azoka hau antolatzen kontserberak eta Udala elkarlanean eta erreferentea izateko lanean ari gara urtero, gure apustu garrantzitsu bat izanik”, adierazi du. 

 

10 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0