Albistea
-Datorren urteetarako zerbitzu hau beste ikuspuntu batetik garatuko du Udalak, aisialdia modu positiboan erabiltzeko aukerak eskainiz, errespetua, erantzukizuna, berdintasuna, kritika eta partaidetza eta hizkuntzaren normalizazioa bultzatuz.
Bermeon, 2023ko abenduaren 14ean.- Bermeoko Gaztelekuko zerbitzua helburu batekin sortu zen: Bermeoko nerabe eta gazteek, hezkidetzan eta berdintasunean oinarrituta, euren aisialdian gozatzeko, ikasteko, sortzeko, komunitatean parte hartzeko eta beraientzako kultur adierazpenerako gune bat izateko.
Azkeneko hilabeteetan, begirada hezitzaile batetik, Udalak zera ikusi du, alegia, Gaztelekuak ez dituela betetzen ezarritako helburuak. Sortzen ari diren arazoei hainbat irtenbide bilatu eta gero, hausnarketa prozesu baten ondoren, elkarbizitzarako egoera jasanezina bihurtzen ari denez, Udalak zerbitzua bertan behera uztea erabaki du.
Udalarentzat garrantzitsua da nerabe eta gazte bermeotarren beharrei erantzuteko eskaintza garatzea: nerabeentzako zerbitzua, koadrila eta beraien arteko topagune bat sustatzea, baita ere, nerabeek askatasunez hautatutako zaletasunak bultzatzea, sormena landu eta ekimenak edo proiektuak aurrera eramateko baliabideak bilakatzen laguntzea. Trebeziak garatzea eta parte-hartze aktibo bat izan dezaten bultzatzea, nerabeen aldeko iritzi positiboa zabalduz herrian.
Horrez gain, kolektiboen arteko topaketak eta bizikidetza sustatzea, nerabe eta gazteengandik sortutako jarduera eta proiektu berriak posible egin eta zabaltzea, herriko azpiegitura nahiz gizarte egiturak ezagutaraztea eta horietaz baliatzeko ohiturak sortzea eta autonomia garatzea, nork bere burua antolatu eta kudeatzeko gaitasuna lortzea dira Udalaren helburuak.
“Beraz, datorren urteetarako zerbitzu hau beste ikuspuntu batetik begiratu nahi dugu. Aisialdia modu positiboan erabiltzeko aukerak eskainiz, balioak sustatzen: errespetua, erantzukizuna, berdintasuna, kritika eta partaidetza eta hizkuntzaren normalizazioa bultzatuz bai euskararen erabileran bai euskal nortasuna eta kultura sustatuz ere. Halaber, emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboaren alde eta beraien aurkako indarkeriaren prebentzioan lan egiten. Gazte ekintzailetza bultzatzen jarraituko dugu.” azpimarratu du Gazteriako zinegotzi Maite Caruezo Ugaldek.
Hori horrela, programa berri baten lanketan eta azterketan hasiko da Bermeoko Udala eta bitartean ekintza desberdinen agenda bat sortuko da hilero helburu desberdinekin. Hauen artean: besteekiko tolerantzia, aisialdia (mahai jokuak, teknologikoak..), gure ingurua eta bertan aurkitu ahal duguna, emozioen gestioa eta beste batzuk ahaleginduko da jorratzen.
Jomuga hauek betetzeko, lantalde berri bat garatuko da beste udal sail batzuekin batera, Gazteriarekin bat egiteko, hala nola, Gizarte Ongizate, Berdintasun eta Euskararen sailekin batera nagusiki.
010 (94 617 91 00)