Albistea
-Sektoreko profesionalei hurbiltasuna eta babesa agertu nahi izan die udalak eta era berean, bere eskumenen eta gaitasunen barruan, lagungarri izan daitezkeen proposamen guztiak aztertzeko disposizioa adierazi die.
-Udalaren iritziz, bilera “oso onuragarria eta probetxuzkoa izan da”
Bermeon, 2020ko azaroaren 20an.- Bermeoko Udalak herriko ostalariekin bilera izan du aste honetan. Izan ere, Udalaren helburua da egoera zaila bizi duen sektore honen iritzia eta egoera lehenbiziko pertsonan ezagutzea, lankidetzarako zubiak eraikitzea eta mantentzea, sektorearekin zuzeneko interlokuzio bat izatea, orain arte martxan jarritako neurrien balorazio bat egitea eta Udalak datozen hilabeteetan hartuko dituen zenbait neurriren berri ematea. Ideia honekin elkartu ziren ‘Zoom’ plataformaren bidez Udaleko eta herriko dozena bat ostalaritza establezimenduetako ordezkariak. Bilera, Udalaren ustez, “oso onuragarria eta probetxuzkoa izan da”.
Esan bezala, bileran, iritziak trukatzeaz gain, Udalak datozen hilabeteetan hartuko dituen zenbait neurriren berri eman zuen. Izan ere, Udal Gobernuaren helburua da, besteak beste, honako neurriak hartzea:
- Sastar batzeko tasa dela eta, jarduera etenda dagoen denboran, lokal hutsen tasa aplikatuko zaie. Hau da, 11€ lokal bakoitzeko. Neurri hau bera ere aurreko itxialdian hartu zen.
- Terrazen tasa. 2020ko tasa ez da kobratuko. Hori da udal gobernuak osoko bilkurari egingo dien proposamena hala onartu dadin.
- Portuko ostalaritza establezimenduen terrazei dagokionez, eskumena Jaurlaritzarena da. Hori horrela, Bermeoko Udala Eusko Jaurlaritzaren Portuetako agintariekin harremanetan dabil hauei jakinarazteko zein izango den Udalaren erabakia, eta eskatuko die ildo bertsuan jokatzea.
- 2021eko araudi fiskaletan atal bat gehitu da, non ezohiko egoeren aurrean, eta ondorioz jarduera ekonomikoak bideratu ezin direnean, tasarik ez aplikatzeko aukera aurreikusten den. Horrela, eta adibidez, sastar batzeko tasa bertan behera gelditzeko aukera egongo litzateke pandemiaren ondorioz itxialdia balego.
- Udal lokaletan jarduera garatzen duten ostalaritzako negozioek, itxita dauden denboran, ez dute alokairuaren tasarik ordainduko. Aurreko itxialdian ere hala egin zen.
Gainera, Bermeoko Udalak orain arte hartutako beste zenbait neurriren gaineko hausnarketa ere egin dute herriko ostalaritza establezimenduetako ordezkariekin. Besteak beste:
-100.000 euro bideratu dira diru-laguntza zuzenetan herriko ostalari eta merkatarientzako.
-Bermeoko Udalak janaria etxez-etxe banatu edo bertan biltzeko zerbitzua eskaintzen duten herriko jatetxe eta ostalaritza establezimenduen gaineko informazioa ematen duen atal berria zabaldu du bere webgunean. Lehenbiziko asteburuan 3501 bisita izan ditu webguneak. Zerbitzu hauek eskainiko dituen ostalari gehiagorik balego, webgune honetara modu arin eta errazean gehitzeko gonbitea egin zitzaien.
-Uztailetik abendura bitartean 67.500 euro bideratuko dira, 7.000 bonutan banatuta. Ekimen hau arrakasta handia izaten ari da eta ostalaritzari dagokion atala hobetzeko ideiak jaso ziren.
-Uda sasoian Tuna Pintxo Tour ekimena gauzatu zen herriko zenbait ostalarirekin batera. Ekimen/lehiaketa honen zabalkundea eta arrakasta areagotzeko iradokizunak jaso ziren.
-Hilabete Gastronomikoak ekimena ere gauzatu da herriko jatetxe desberdinekin bertoko produktuak erabiliz, bereziki atuna, sukaldaturiko platerrak eskainiz.
010 (94 617 91 00)