Albistea
-Nardiz Tar Jon kalean dagoen orube hau berreskuratu, berritu eta erabilera publikoko plazatxo bat egingo da
-Gainera, bertan, iraupen luzeko langabetuak gizarteratzeko enplegu eta prestakuntza proiektuari esker mural handi bat margoztuko da
Bermeon, 2022ko azaroaren 30ean.- Bermeoko Udalak Nardiz Tar Jon kalean dagoen orube bat berreskuratu, berritu eta erabilera publikoko plazatxo bat egingo du bertan. Gainera, mural handi bat margoztuko da, bermeotarren identitatea balioan jarriko duena. Lan hauek Udalak Alde Zaharra biziberritu, itxuraz aldatu eta erakargarriago bihurtzeko estrategiaren barruan sartzen dira.
“Orube bat erabilera publikorako berreskuratuko dugu. Honi esker, herritarrek espazio berri bat irabaziko dute. Gainera, han egingo den muralak alaitasuna emango dio inguruari. Honela, orube huts bat zegoen tokian plaza berri bat sortuko da eta, gainera, gure identitatea balioan jarriko duen obra bat izango dugu bertan”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Nardiz Tar Jon kalean dagoen orubea berreskuratzeko 47.557,20 euroko inbertsioa egingo da. Bertan, espazio berdeak eta deskantsurako guneak egokituko dira. Gainera, mural handi bat margoztuko da. Murala, iraupen luzeko langabetuak gizarteratzeko enplegu eta prestakuntza proiektuaren barruan egingo da eta artista José Ramón Bañales izango da. Bertan egingo den lanak Bermeoko identitatea balioan jarriko du eta aurreikuspena da otsailean margozten hastea, orubeko lanak urtarrilean bukatu bezain laster.
010 (94 617 91 00)