Albisteak

Albistea

Nardiz Tar Jon kaleko orube hutsan lanak hasi dira, aisialdiko jolas gune bat bihurtzeko

Udala Alde Zaharreko orube hutsak eta gune publikoak berreskuratzeko plangintza lantzen ari da

 

 

Alde Zaharra biziberritzeko plangintzan aurreikusitako moduan, beste ekimen bat martxan jarri du Bermeoko Udalak orube hutsei erabilera emateko. Oraingoan Nardiz Tar Jon kaleko orube hutsa berreskuratzeko lanak hasi dira, toki hori txukundu eta edertzeko eta, bertan, adin guztietako pertsonek eta umeek, bereziki, aisialdiko jolas gune atsegin bat lortzea da helburua. Lanak apirilaren 9an hasi ziren eta hilabete irautea aurreikusten da.

Orube hori pribatua da, baina Bermeoko Udalak akordio bat sinatu du jabeekin, erabiltzen ez duten bitartean erabilera lagatzeko, gunea txukundu eta edertu ahal izateko. Horretarako, gunea garbitu eta zorua berdinduko da eta igeltserotza lanak egingo dira egitura berrira egokitzeko.

Era berean, zorua graba naturalarekin nibelatuko da eta zuhaitzak, palmondoak eta landareak jarriko dira, Alde Zaharrean gune berdeagoak sortzeko asmoz. Horrez gain, egurrezko eserlekuak eta graderioa jarriko dira, adin guztietako pertsonak bertan lasai egon ahal izateko. Gainera, umeek Portuaren itxura izango duen jolasteko gune eder bat izango dute bertan; izan ere, txipiroitarako arrantza ontzi bat izango dute, txirrista eta sareak baita ere, bertan jolasteko euren imajinazioari ateak irekiz eta arrantza nortasuna duen umeentzako jolas gune berri bat lortuz.

“Lanak gunea berreskuratzeko egingo dira, tokia hori edertuz eta aisialdiko gune bat egokituz”, azpimarratu du Bermeoko Udalak. Gune hau berreskuratzeko Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Hirigune eta Itsaspen programetako eta Kultura saileko diru-laguntzak jaso ditu.

Ekintza hau Bermeoko Udala Alde Zaharra biziberritzeko egiten ari den lanaren barne kokatu behar da, eta, zehazki, orube hutsak eta gune publikoak berreskuratzeko ekimen bat gehiago izango da Bekoportala edota Talakoetxea izan diren bezala.

Ekimen horiez gain hainbat izan dira Alde Zaharra biziberritzeko plangintzari jarraituz aurrera eraman diren proiektuak: Irakaskintza kaleko aterpea, Talako murala eta txiringito berria, EHUko ikasleekin orube hutsetan egindako lanak, azokatxoa, jaialdiak, plan berezi berria…

 

12 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0