Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak eta Tecnifuegok Suaren Egunaren zazpigarren edizioa antolatuko dute maiatzaren 11n

-Jardunaldia Udalaren ‘Bermeo segurua’ helburu estrategikoaren barruan kokatzen da, eta suteen aurkako babesaren benetako aukerei buruzko prebentzioa eta kontzientziazioa zabaltzea du helburu

-Horrela, Udalak jardunaldi honetan parte hartzeko gonbita egin die enpresei, teknikariei, elkarteei…

Bermeon, 2022ko apirilaren 11an.- Bermeoko Udalaren helburu estrategikoetako bat da suteetatik babesteko kontzientziazioaren alde lan egitea, udalerri seguruagoa lortzeko. Horregatik, hainbat ekimen egiten ditu urtean zehar. Hurrengoa maiatzaren 11n egingo da, Tecnifuegorekin, Suteen aurkako Babes Elkarteen Espainiako Elkartearekin, lankidetzan. Jardunaldia amaitutakoan, Tecnifuegok ke-detektagailuak emango dizkio Udalari, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen etxeetan jar ditzan.

‘Suteen aurkako babesaren espezializazioaren alde lanean’ lelopean, jardunaldiak suteen aurkako babesaren benetako aukerei buruzko prebentzioa eta kontzientziazioa zabaltzea izango du helburu. Udalak, bestalde, gonbidapena bidali die enpresei, teknikariei, elkarteei… jardunaldi horretan parte har dezaten. Bermeoko Kafe Antzokian egingo den jardunaldian parte hartu gura dutenek Tecnifuego enpresarekin jarri beharko dute harremanetan (https://www.tecnifuego.org/).

“Suteen aurkako prebentzioa lantzea funtsezkoa da guretzat. Tamalez, herri honek asko sufritu du arlo horretan. Oso esperientzia txarra dugu suteekin eta horiek saihesteko lanean ari gara. Jardunaldi honek, hain zuzen ere, hori bilatzen du, profesionalak egon daitezkeen arriskuei buruz kontzientziatzea. Jardunaldia amaitutakoan, Udalak hainbat ke-detektagailu jasoko ditu, eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarren artean banatuko ditu, maiatzaren 11n azalduko ditugun irizpideak kontuan izanda”, aurreratu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

Programatutako berbaldiek suteen aurkako segurtasunaren hainbat arlotan sakonduko dute. Lehenengo blokean, gai hauek jorratuko dira: Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zerbitzuko plangintza-teknikaria den Jose San Antonek emango duen ‘Udaletako larrialdi-planak’; Antonio Tortosa TECNIFUEGOko presidenteordeak, eta Francisco Llaneza Segurtasun Pribatuko Unitateko buruak emango duten ‘Segurtasun-zuzendarien erantzukizuna suteen aurkako babes-instalazioetan’; eta Jon Michelena CEPREVENeko zuzendariak emango duen ‘Suteen aurkako babeseko espezialista’.

Bigarren partean, gai tekniko eta arauemaileak jorratuko dira, hauek, besteak beste: Carlos Chicharro Arlo Aktiboko zuzendariak eta Lluis Marín Detekzio Ekipoen Fabrikatzaileen Batzorde Sektorialeko koordinatzaileak emango duten ‘Digitalizazioaren sustapena prebentzioan: Mantentze-lanak eta larrialdiaren kudeaketa’; Rafael Sarasola Babes Pasiboko Sistemen Ingeniaritza, Instalazio eta Mantentze-lanetako Batzorde Sektorialeko koordinatzaileak emango duen ‘Babes Pasiboko Sistemen Mantentze-lanen aktak: babes integralerantz’; eta Albert Grau, Arlo Pasiboko zuzendariak emango duen ‘Suteak eraikinetan, jasangarritasunetik begiratuta’. Hizlari guztiak TECNIFUEGOko kideak dira.

Jardunaldiak gai hauek landuz jarraituko du: Manuel Martínez CTN 192 SC5 UNEko presidente, eta TECNIFUEGOko arlo aktiboko Instalazio-batzordeko koordinatzaileak emango duen ‘Une 192005-2 Araua, Suteen aurkako instalazioen arauzko ikuskapena’ berbaldiarekin; Carlos Luján, GT Revisión UNE 23500 presidenteak emango duen ‘UNE 23500 araua, ur-hornidura. Berrikuntza nagusiak’ hitzaldiarekin; eta Pedro Luis Izaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdietako eta Babes Zibileko zuzendari nagusiaren ahotik entzungo dugun ‘Prebentzioaren garrantzia’ berbaldiarekin.

11 / 04 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0