Albistea
Urriaren 20an eta 21ean izango den XV. Bermistorian-en barne hainbat izango dira Bermeoko Alde Zaharrak hartuko dituen ekimenak, besteak beste, antzinako azoka, tailerrak, Izaro abesbatzaren kalejira eta kale animazioa. Gainera, aurten urriaren 20an, zapatuan, Vermeio Folk Metal Fest jaialdia izango dugu, Spookypheria Productions elkarteak antolatuta, Bermeoko Kafe Antzokiaren eta Bermeoko Udalaren laguntzarekin.
Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Iñigo Achak, Spookypheria Productions elkarteko kideak, erdi aroan giroturik dagoen Bermistorian-en eta Vermeio Folk Metal Fest jaialdiaren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan. Astuiren esanetan, Bermistorian-en “herritarrak eta kanpotik datozen pertsonek Bermeon antzinako garaietara eramango gaitun giro alaian murgilduko dira”.
Bermistorian-en protagonista garrantzitsu bat, urtero moduan, zapatuan eta domekan, urriaren 20an eta 21ean, hain zuzen ere, Alde Zaharrean egingo den antzinako azoka izango dela adierazi du. Azokan, produktu ezberdinen erdi aroko 50 saltoki inguru egongo dira. Horietan, besteak beste, gaztak, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, narrua, loreak, zilarra, kremak, xaboia, buztin eta zeramika-lanak eta arropak ikusi eta eskuratu ahal izango dira.
Horiez gain, Astuik adierazi duenez, asteburuan Izaro abesbatzaren kalejira, piperrak erreta, zeramika tailerrak, eta kale animazioak “herrian giro polita sortuko dute, Bermeo Erdi Arora eramanez”. Bestalde, umeek ere bere tokia izango dute Bermistorian; izan ere, haurrek Alde Zaharrean oholezko jokoekin jolasteko aukera izango dute.
“Zapatuan, urriaren 20an, goizeko 10:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara, eta domekan, urriaren 21ean, 10:00etatik 15:00etara disfrutatu ahal izango dugu antzinako azokarekin eta bere baitan antolatzen diren ekimenekin”, azaldu du Astuik.
Kale animazioak Bermeoko herria erdi aroan murgiltzea ahalbideratuko du. Horrela, zapatuan, urriaren 20an, 12:00etan, 13:00etan, 17:30ean, 19:00etan kale animazioarekin gozatzeko aukera izango dute bermeotar zein kanpotik datozen pertsona guztiek. Gainera, iluntzeko 20:30ean ikuskizun berezia eskainiko da egunari bukaera emateko., Domekan, urriaren 21ean, kale animazioa goizeko 12:00etan, 13:00etan.
Vermeio Folk Metal Fest jaialdia
Era berean, erdi aroko giroan guztiz sartuta, Bermeoko Kafe Antzokian larunbatean, urriaren 20an, Vermeio Folk Metal Fest jaialdia izango da, gaueko 21:00etik aurrera. Spookypheria Productions elkarteak antolatuta jaialdi horretan folkak eta metalak bat egingo dute eta gau epikoa bizi izango da, Iñigo Achak adierazi duenez. Bertan, hiru talderen kontzertuekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek, Aiumeen Basoa, Incursed eta Celtibeerian, hain zuzen ere.
Aiumeen basoa Euskal Pagan Folk Metal deritzon joera musikal honetan aitzindarietako bat da. Euskal musika tradizionalaren eraginaz batera, Noruegako black metalaren eragina ere badute eta, osagai horien nahasketarekin, Aiumeen Basoa, gaur egungo metal munduko talderik orijinaletako bat dugula esan dezakegu. Taldearen Euskal folklore eta mitologiaren oinarri sakona dela eta, euskaraz abestea guztiz erabaki naturala izan zen. “Beraz, kontzertu honetan gure aholkua lasaitzea da, gure izpirituek Euskal Herriko basoetan barrena hegaz egiteko aukera izango baitute”, esan du Achak.
Bestalde, Incursed Bilbon sortutako Folk/Pagan Metal talde bat da 2007. Urtean sortutakoa. Talde horrek metal paganoa metal power elementuekin konbinatzen du. Gainera talde hori 30. Bilboko Hiria lehiaketaren finalera pasa diren metal taldeen artean dago.
Azkenez, Celtibeerian taldeari dagokionez, Ciudad Realeko Folk metal talde bat da 2010. urte bukaeran sortutakoa. Taldearen musika-tresnak metal talde batek izaten dituenak dira, baina gainera folklore zeltaren musika-tresnak gaineratzen ditu, besteak beste, biola, biolina, bouzoki eta arpa. Gainera, abesti batzuetan zeltatik datozen "Keltokurmis" edo "Celtíbirro" izeneko hizkuntzak erabiltzen dituzte.
Beraz, hiru kontzertu hauekin Vermeio Folk Metal Fest jaialdiak gozatzeko aukera asko eskainiko ditu bertaratzen diren guztiei. Sarrerak aurretiaz erosita 8 euro dira eta leihatilan 10 euro. Salmenta lekuak honako hauek dira: Bermeoko Kafe Antzokia eta Luma liburu-denda, Gernikako Ospa taberna, Mungiako herriko taberna eta Bilboko Gothic Zone. Internet bidez: www.bermeokokafeantzokia.com.
Astuik eta Achak, hurrengo asteburuan herritar guztiak eta kanpotik datozen pertsona guztiak Vermeio Folk Metal Fest jaialdira eta Bermistorian-en barne egingo diren ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu dituzte, “Bermeon erdi aroan murgilduko baita eta giro ezin hobea izango ditu”.
Antzinako azoka dela eta, urriaren 20an eta 21ean Alde Zaharrean ibilgailuekin ez ibiltzea eskatu du Astuik. Bestalde, Bermistorian antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman die. “Euren laguntza ezinbestekoa da Bermistorian antolatu ahal izateko”, nabarmendu du.
Banderolak
Horrez gain, Bermistorian dela eta, erdi aroko giroa izateko, Alde Zaharra atondu nahi duten dendari, tabernari eta bizilagunei Bermeoko Udalak antzinako banderolak utziko dizkiela jakinarazi du Astuik. Hortaz Alde Zaharreko guztiak animatu ditu banderolak hartzera. Banderolak Kultur etxean (9:00-14:00-16:00-21:30) eskuratu ahal izango dituzte.
010 (94 617 91 00)