Albisteak

Albistea

Berhaz, 20 urte herritarrei zerbitzua eskaintzen

 

Barikuan, irailaren 27an, Berhazek, Bermeoko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak, 20 urte beteko ditu. Miren Gabantxo Uriagereka Antolakuntza eta Teknologia Berrien zinegotziak azaldu du, 2004ko irailaren 27an ateak ireki zituenetik, Berhaz bulegoa erreferente izan dela udal zerbitzuen kudeaketan, baita ere herritarren eta udalaren arteko harremanetan: “20 urte hauetan, Bermeoko herritarren beharrei erantzuteko asmoz, Berhazek etengabe lan egin du arreta hurbil, eraginkor eta pertsonalizatua eskaintzeko”.

Naiara Anasagasti Meñaka Antolakuntza eta Teknologia Berriak (ATB) Saileko teknikariak Berhaz bulegoaren hastapenak gogoratu ditu: “Bi urteko lan gogor eta eraginkor baten ondorioz, Berhaz bulegoak 2004ko irailaren 27an ireki zituen ateak.  Ordura arte, eraikin batetik bestera, leihatila batetik bestera, ordutegi, aplikazio eta langile desberdinen bitartez, egiten zen lan guztia gune bakar batetik egiteko prestatu zen; egiteko moduak hobetu ziren, aplikazioen integrazio eta bateratze lanak exekutatu ziren, udaleko teknikari, langile eta ordezkari politikoekin bilera ugari burutu ziren, enpresa, hornitzaile eta kanpo eragileekin ere jardun zen, altzariak erosi, lan eskaintza bat bideratu eta urte bitako intentsitate handiko lan baten ondoren, lan ordu askoren fruitu, Berhaz bulegoa martxan jarri zen”. Aipatu du mota honetako proiektuek erabat eraldatzen dutela erakunde baten funtzionamendua, eta hortaz, udaleko lan talde eta langileen lankidetza “ezinbestekoa” izan dela nabarmendu du.

2002an sortu zen Bermeoko Udalean Antolakuntza eta Teknologia Berriak Saila, eta esku artean izan zuten lehenengo proiektua izan zen Lehiatila Bakarra martxan jartzearena.

Herritarren arreta oso garrantzitsua da udalarentzat, eta horren adierazgarri, udalak Arreta Zerbitzuen hobekuntza eta eguneratzea, egiteko modu bat bilakatu du denboran zehar:

-2003. Udal webgune berria publikatzen da.

-2004. Arreta zuzeneko tramitazio administratibo guztia gune bakarrean egin ahal izateko, Berhaz bulegoa zabaltzen da.

-2006. Arreta telefoniko guztiaren kudeaketa bateratu eta zenbaki labur baten bidez arin gogoratzeko, 010 zerbitzua martxan jartzen da.

-2008/09. Arreta telematikoa martxan jartzen da, lehen tramiteak online egiteko eta ziurtagiri elektroniko bidez identifikatuta udalarekin aritzeko.

Gainera, 2005etik, udalak herritarrei bideratutako Zerbitzu Karta dauka, gaur egun, arreta eta eragin zuzena duten zerbitzuetara hedatzen dena.

Datu orokorrak

Berhaz bulegoaren funtzionamendua, hilero egiten den lan dinamika baten neurketaren baitan dago. Hona hemen zerbitzuaren zenbait datu:

-Lehenengo 10 urteetan, Berhaz bulegoan, egunero, bataz beste, 100 herritar baino gehiago hartzen ziren. Azken urteetan kopurua jaisten hasi da. Tramitazio elektronikoak gora egiten duen hein berean, oraindik 170 herritar jasotzen diren egunak daude.

-Berhazen,  hilero, bataz beste, 1.200 bat errolda agiri igortzen dira, eta 1.100 sarrera erregistro.

-Hurbiltzen diren herritar eta interesdunen %70ak, 6 minutu baino gutxiago itxaroten du, eta  hurbiltzen diren interesdunen erdiei baino gehiagori (%55),  6 minutu baino gutxiagotan ematen zaie erantzuna.

-2005etik erabiltzaileei asetasun inkestak egiten zaizkie, eta balorazio orokorra 9tik gorakoa izan da 20 urte hauetan guztietan.

Nabarmendu dutenez, arreta bulego bat beti dago eraldaketa prozesuan, “gizartearen beharrizanetara egokitzen”, eta horrela dago baita ere, Berhaz bulegoa. Etorkizunera begira, honakoak ditugu esku artean: Gardentasun atari berri bat, webgune berri bat, partaidetzarako baliabide digital erraz bat, herritarrekin zerbitzuak diseinatzen hasteko bilgune eta arreta bulegoaren kokagune aldaketa, gune zabalago baten aro digitalerako aurreikusita dauden ekintzak burutu ahal izateko eta egun beste gune batzuetan egiten diren tramite administratiboak gune berean egin ahal izateko.

20 urte hauetan asko eta asko izan dira, Berhaz bulegoan bertan arreta eskaintzan zein barne lanean aritu izan diren langile, profesional, ordezkari politiko eta proiektuan sinistu, horren onurak ikusteko gaitasuna izan eta babesa eman duten pertsona klabeak. Halaber, herritarrek bulego honengan izan duten konfiantza ere nabarmentzekoa dela aipatu dute: “Herritarrak eta erabiltzaileak adierazi eta jakinarazitako beharrizanetara zerbitzua hobetzen, eguneratzen eta hazten joan da”. Horien guztien lana eskertu dute Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly eta Miren Gabantxo Uriagereka zinegotziak. Horiek guztiak omentzeko, udalak 20. urteurren honen oroigarri den materiala prestatu du, horien guztien artean banatu eta esker ona adierazteko.

Berhaz bulegoan, gainera, 20.urteurreneko biniloa eta urteurren borobil hau gogorarazteko plaka bat jarri dira. Barikuan, gainera, bulegoa apainduko da.

24 / 09 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0