Albisteak

Albistea

Hemen da Bermeo Tuna Pintxo Tour lehiaketa!

Bermeoko Udalak eta BTWC-ek, ostalarirekin batera, herriko ekonomia berraktibatzea helburu duen ‘Nik, BermeON’ kanpainaren barruan garatuko den ekimen hau aurkeztu dute gaur goizean

Helburua da parte hartzaileek hegaluzea osagai nagusi bezala duen herriko pintxo hoberena aukeratzea

Gainera, parte hartzen dutenak Bermeo Tuna World Capitaleko kontserben 3 loteren zozketan sartuko dira

Bermeon, 2020ko uztailaren 13an.- Bermeoko ekonomia berraktibatzea helburu duen ‘Nik, BermeON’ kanpainak pausu bat gehiago eman du gaur goizean. Izan ere, Udalak eta Bermeo Tuna World Capital-ek (BTWC), ostalariekin batera, ‘Bermeo Tuna Pintxo Tour’ lehiaketa aurkeztu dute gaur goizean. Egitasmo honen helburua erraza da, hegaluze-pintxo hoberena zein den ezagutzea (pintxoaren osagai nagusia hegaluzea izango da). Horretarako, uztailaren 17tik 26ra, herritarrek taberna parte hartzaileen pintxoak dastatu ahal izango dituzte eta, euren gustuaren arabera, 1etik 6ra ordenatu. Gainera, txapelketa honetan parte hartzen dutenek saria eskuratu ahal izango dute.

Hala ere, ‘Bermeo Tuna Pintxo Tour’ egitasmoa ez da bakarrik lehiaketa honetara mugatuko. Taberna parte hartzaileek euren pintxoak uda guztian zehar salgai izango dituzte, nahi duenak dastatu ditzan. Helburua bikoitza da, beraz: Bermeoko ekonomia berraktibatzen laguntzea eta herritarrei eta kanpotarrei hegaluzearekin egindako pintxo hoberenak eskura jartzea. Hainbeste modu daude atuna prestatzeko baina, zalantzarik gabe, Bermeon produkturik onena daukagu eta hoberenak gara horretan!

Hegaluzea Bermeoko tradizioa, Bermeoko historia da. Herriko produktua da, herrian bertan landu eta saltzen dena. Mundu mailan erreferentzia bilakatu nahi dugu eta horregatik sortu zen, besteak beste, Bermeo Tuna World Capital egitasmoa. Izan ere, BTWC-i esker atunaren balio kate guztia balioan ipini nahi da. Udalaren helburua da kanpotarrek bermeotarron nortasunarekin hain lotuta dagoen hegaluzea eta Bermeo bera zuzen-zuzenean lotzea eta bide horretan pausu bat gehiago emateko, Bermeo Tuna Pintxo Tour lehiaketa martxan jarri da.<u> </u>

Nola parte hartu?

Partehartzeko lau gauza besterik ez dira egin beharko: foiletoa taberna parte hartzaileetan bertan edo Turismo Bulegoan hartu, pintxoak dastatu, probatu ditugunen artean gehien gustatu zaizkigun 6ak aukeratu eta foiletoa uztailaren 28a baino lehen Bermeoko Turismo bulegoan entregatu.

Pintxoa probatu dugunean, tabernan zigilua jarriko digute egiaztagiri modura.  Zigilu bakoitzaren alboan, 1, 2, 3, 4, 5 edo 6 zenbakiak jarri beharko ditugu, 1 gehien gustatu zaiguna eta 6 gutxiago gustatu zaiguna izanik. Guztira, 15 tabernek parte hartuko dute. Hala ere, ez da beharrezkoa izango 15 zigiluak eskuratzea. Nahikoa da 6 dastatzea eta beste horrenbeste zigilu eskuratzea lehiaketa honetan parte hartzeko. Gainera, parte hartzen duten pertsona guztiak Bermeo Tuna World Capitaleko kontserben 3 loteren zozketan sartuko dira. Zozketa uztailaren 29an egingo da.

Esan bezala, taberna parte hartzaileak 15 izango dira,  eta bai  taberna zein pintxoa, behar bezala identifikatuta aurkituko ditu bertaratzen denak. Izan ere, bereizgarri bat izango dute jarrita (‘Bermeo Tuna Pintxo Tour’ idatzita egongo da). Establezimenduek euren pintxo proposamena 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara eskuragarri izango dute. Hauek dira establezimendu parte hartzaileak:

1)    AKELARRE TABERNA

2)    ANDEKO TABERNA

3)    ARTZA JATETXEA

4)    ATXETAK TABERNA

5)    BATUN BATUN TABERNA

6)    BETI ONDO TABERNA

7)    IRISH PUB

8)    IZARO KAFETEGIA

9)    KAFE ANTZOKIA

10)  KAFE LOIDXIE

11)  KAI-ALDE TABERNA

12)   OKER TABERNA

13)   KOFRADIA SAN PEDRO

14)   SARABANDA TABERNA

15)   ZUBI-GANE TABERNA

13 / 07 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0