Albistea
-Kanpaina honen helburua da herritarrak Bermeo garbi eta txukun mantentzeko inplikatzea eta sentsibilizatzea
Bermeon, 2022ko uztailaren 13an.- Bermeo ‘Zeurie be bada’. Bermeoko Udalak herritarrak herria garbi eta txukun mantentzeko inplikatzea eta sentsibilizatzea bilatzen duen garbiketa kanpaina martxan jarri du. “Denon ardura da herria garbi mantentzea. Hau dela eta, kanpaina hau abiarazi dugu eta datozen hilabeteetan zehar hainbat ekintza aurrera eramango ditugu denok hartzen gaituen marka horren azpian”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Herritarrek, azkeneko urteetan egin diren inkestetan garbi utzi dute herriko garbitasuna euren kezka nagusienetakoa dela. “Egin ditugun galdeketetan behin eta berriz errepikatu den gaia izan da. Egia da ahaleginak egin ditugula hobetzeko eta hartutako neurriei esker egoerak hobera egin badu ere, bermeotarrek argi adierazi digute garbitasuna hobetzen jarraitu behar dugula eta bide horretan etengabean jardungo dugu. Eslogana apropos aukeratu dugu. Herria garbi mantentzea guztion ardura da. Administrazio modura baliabide eta ekimen egokiak bideratu behar ditugu hau lortzeko, baina guztion inplikazioa ezinbestekoa da; bestela ezinezko izango zaigu herri garbi eta txukun bat lortzea. Guztiok ulertu behar dugu Bermeo gure etxea dela eta merezi duen moduan zaindu egin behar dugula”, gehitu du Abaroak.
Kanpaina honek hainbat ardatz eta ekintza izango ditu, datozen hilabeteetan zehar “Zeurie be bada” lelopean aurkeztuko direnak. Ardatz hauek adin tarte eta gizarte sektore ezberdinei bideratuta egongo dira, baina denak helburu berarekin: kontzientziazioa eta herritarren inplikazioa bilatzea. Gaur goizean egin den prentsaurrekoan lehen ekintzak aurkeztu dira.
Alde batetik, ‘Zeurie be bada’ kanpainaren logoa aurkeztu da. Logoak jendearen arreta deitzea bilatzen du. Hau dela eta, sloganaz gain, harridura ikur bat irudikatzen du, ikurraren beheko puntuak tanta baten itxura hartuz. Tantak sortzen dituen uhinek kanpaina zabaltzea eta herritarren artean hedatzea irudikatzen dute. Bestalde, elebitan aurkezten da (zaindu/cuídalo), herritar guztiek lehen begi-kolpean ulertu dezaten.
Egunotan, gainera, herriko etxebizitzetara kanpaina bera zertan datzan azaltzen duen diptikoa bidali da, bermeotarrek ekimenaren zergatia ulertu dezaten eta jarrera zibiko eta egokiak izatera bultzatuz. Bestalde, aurkeztutako logoarekin herriko garbiketan lan egiten duten ibilgailuak binilatu dira eta gaur goizean ikusi ahal izan ditugu Goiko Plazan egindako aurkezpenean.
Azkenik, pipak saltzen diren establezimenduetan azalak botatzeko poltsak banatuko dira, saltzaileek pakete bat saltzen duten bakoitzean kontsumitzaileari bat eman diezaioten. “Pipen azalak askotan, eta orain udan bereziki, lurrean ikusten ditugu eta zikinkeria bat da. Garbiketa kanpaina adin guztietara bideratuta dago, nagusienetatik hasi eta baita gazteetaraino ere. Kontziente izan behar dugu, adibidez, banku edo taberna batean azalak lurrera botatzen baditugu norbaitek atzetik etorri beharko duela gure zaborrak garbitzera”, gehitu du Abaroak.
“Zer egin dezaket herria garbiago mantentzeko? Herritarrok galdera hori egitea nahi dugu eta hori lortzeko ekintza ezberdinak egingo ditugu, esan bezala. Espero dugu ‘Zeurie be bada’ kanpainak bermeotarren kontzientzian eragitea eta pixkanaka ohiturak aldatzea, Bermeoren mesedetarako izango baita hori”, bukatu du.
010 (94 617 91 00)