Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak komun publiko autogarbigarri bat instalatu du Lameran

-Udalak 48.300 euro inguru (BEZa barne) bideratu ditu auzotarren eskaerei erantzuten dien eta 2022ko aurrekontu-proiektuaren barruan dagoen zerbitzu berri eta seguru hau instalatzeko

-“Herritarrei dei egiten diegu instalazioak behar bezala erabil ditzaten eta bermeotar guztiei hain zerbitzu ona eskaintzen dien bainugela horiek zaindu ditzaten”, adierazi du Aritz Abaroa alkateak

Bermeon, 2023ko otsailaren 20an.- Bermeotarrek Bermeoko Udalak Lameran jarritako komun autogarbigarri publikoa erabil dezakete gaurtik aurrera.

Udalak 48.300  euro inguru (BEZa barne) bideratu ditu auzotarren eskaerei erantzuten dien eta 2022ko aurrekontu proiektuaren barne dagoen zerbitzu berri hau instalatzeko. “Udaletik, beste behin ere, herritarren eskaerei erantzun nahi izan diegu, eta berez garbitzen den bainu publiko hau Bermeoko gune jendetsuenetako batean jarri dugu. 2022ko aurrekontuetan hartutako beste konpromisoetako bat gauzatu dugu horrela. Bide batez, herritarrei dei egiten diegu instalazioak behar bezala erabil ditzaten eta bermeotar guztiei hain zerbitzu ona eskaintzen dien bainugela horiek zaindu ditzaten”, adierazi du Aritz Abaroa alkateak.

Komunaren kabinaren egitura hormigoi armatuzkoa da eta forma laukizuzena dauka, ertz biribilduekin eta kalitate handiko materialak erabili dira. Komun publiko berri hau berez garbitzen da, erabilera mistokoa da, alboetako batean altzairu herdoilgaitzezko babes-manpara batek inguratutako hiru pixatoki ditu kanpoan eta irisgarritasun unibertsala bermatzen du. 

Barruko kabinari dagokionez etengabe aireberritzen da. Gainera, presentzia detektatzeko gailua dauka, baita alarma programagarri bat ere, komunean gehienez egon daitekeen denbora agortzean pizten dena. Halaber, dibertsitate motor funtzionala duten pertsonek erabili ahal izateko behar diren elementuak dauzka eta erabili ostean automatikoki garbitzen da.

Bestalde, ateko markoan larrialdiko argia dauka erabiltzaileari irteten laguntzeko, baita lehorgailua, xaboi-ontzia, esekitokia, ispilua eta paper higieniko biodegradagarrirako paperontzia ere, beste batzuen artean.

Instalazio segurua da, barruan harrapatuta gera daitezkeen pertsonak erreskatatzeko sistema duena, eta, gainera, bainugela barruan, erabilera-moduari buruzko informazioa euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta braillez aurkitu ahal izango da.

20 / 02 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0