Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak eta CECOBIK hitzarmena sinatu dute herriko enpresei ‘Eskualdatze Programa’ eskaintzeko

  • Programa honen helburua da enpresa baten bideragarritasuna bermatuta dagoenean eskualdaketa prozesuan laguntza eskaintzea
  • Zerbitzu hau doakoa izango da

Bermeon, 2022ko maiatzaren 31an.- Enpresa batzuek ibilbide luzea dute merkatuan eta errentagarritasun egiaztagarria dute, baina ez dute jarduerarekin jarraitu nahi duen pertsonarik. Arazo honi irtenbidea emateko Bermeoko Udalak eta CECOBI-k (Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioa) hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen honen helburua da enpresaren jarduerarekin jarraituko duen ekintzaile bat aurkitzea. Programan parte hartzea erabat doakoa izango da eta interesa izan dezakeenak Bermeoko Behargintzarekin harremanetan jarri beharko da. Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute Bermeoko alkate Aritz Abaroak, CECOBI-ko presidente Pedro Campok eta CECOBIko idazkari nagusi Jon Lasak. Bermeo izan da hitzarmena sinatu duen Bizkaiko lehen udalerria.

“Gaur aurkezten dugun hitzarmenak Udal Gobernuaren ekonomia berraktibatzeko helburu estrategikoaren bat egiten du. Oso garrantzitsua da bideragarriak diren herriko enpresek jarraipena izatea. Enpresa hauek Bermeon aberastasuna sortzen dute eta beharrezkoa da hemen mantentzea. Hitzarmen honi esker erraztasunak emango dizkiegu herriko ekintzaile eta enpresei”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Alde batetik, CECOBI-k honako zerbitzu hauek eskainiko dizkie negozioa utzi nahi duten pertsonei. Besteak beste: lagapen-prozesuan aholkularitza eta laguntza ematea, enpresaren balorazio ekonomikoa egitea eta enpresa eskuratu nahi duten ekintzaile potentzialen bilaketa aktiboa egitea.

Bestalde, negozio bideragarri eta errentagarri batekin hasi nahi duten pertsonek, programa honetan modu seguruan aurkitu ahal izango dute. Besteak beste, honako zerbitzu hauek eskainiko zaizkie ekintzaile hauei: beharren arabera bideragarriak diren enpresen bilaketa aktiboa, aholkularitza eta laguntza transmisio-prozesuan, ekintzaileentzako laguntza-programei buruzko aholkularitza.

31 / 05 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0