Albistea
Bermeoko Liburu eta Disko Azoka barikuan, martxoaren 11n, hasiko da eta martxoaren 20ra arte, egongo da Lameran. Bertan, 15 erakusle izango dira euskal eta erdal nobedadeekin eta euskal diskogintzarekin eta liburu aukera zabalarekin. Euskal nobedadeetan liburu eta diskoek ehuneko 10eko beherapena izango dute.
Liburu eta diskoekin batera, azokako standetan ”Bertso paperak” erakusketa ere izango da ikusgai. Azoka hau egiten den sasoian idazleen presentzia garrantzitsua egongo da Bermeon. Horrela, azokako asteburuetan Jon Arretxe, José Jabier Abasolo eta Miren Palacios idazleak izango ditugu euren liburuak sinatzen.
Haur eta Gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa, euskal gaia eta euskal diskogintza dira, besteak beste, azokan azalduko diren gaiak. Irakurzaletasuna bultzatzea, azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea dira Liburu eta Disko Azokaren helburuak.
Bermeoko Liburu azoka goizez 11:00etatik 13:30era eta arratsaldez 17:00etatik 20:30era bisitatu ahal izango da.
010 (94 617 91 00)