Albistea
Orain dela hilabete batzuk, Bermeoko Landabaso poligonoko BM eta DIA supermerkatuan olioa batzeko plastikozko edukiontzi laranja bana jarri ziren. Horrela, erosketak egitera doazen pertsonek, supermerkatu horietan olioa birziklatzeko ere aukera dutela gogorarazi die Bermeoko Udalak herritarrei.
“Herritarrek erosketak egiteko bidaia aprobetxatuz, etxeko olio zikina ekarri eta modu erosoan birziklatu dezakete. Horregatik, olio edukiontzi horiek erabiltzera animatzen ditugu herritarrak”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Ingurumen zinegotziak.
Supermerkatu horietako edukiontziekin hamaika dira jadanik Bermeon etxeko olioa birziklatzeko dauden edukiontziak. Horiek udalerriko hainbat tokitan banatua daude: Kasino aurrean, Goiko plazan, Gonzalo Nardiz enparantzan, Matxitxako Bidean, San Martinen, Tonpoi Bidean, Atalde kalean, Azokan, Artike bidean eta Landabasoko poligonoko BM eta DIA supermerkatuetan ere.
Irune Ormaetxeak azaldu duenez, sistema horren bitartez, “Bermeon urtero 11.000 kilo etxeko olio inguru batzen ditugu; eta, horrela, bio-diesela ekoizteko material baliogarri bat berreskuratzeaz gain, udalerrian sortutako hondakin uren tratamendua ere erraztea lortu dugu”.
010 (94 617 91 00)