Albisteak

Albistea

200 bat ikaslek parte hartuko dute Bermeoko bertso topaketan maiatzaren 30ean, eguenean, Sagrado Corazón ikastetxean

Herriko ikastetxe guztietako 200 bat ikaslek parte hartuko dute Bermeon egingo den hirugarren bertso topaketan, eguenean, maiatzaren 30ean, Sagrado Corazón ikastetxean, 15:00etatik 16:00etara. Bertso topaketa hau Bermeoko Udalak sustatuko ‘Gu ere bertsotan/Mundu bat bertso’ proiektuan parte hartzen ari diren Eleizalde ikastolako, San Frantzisko Herri ikastetxeko, Sagrado Corazón ikastetxeko eta Bermeoko institutuko ikasleen amaierako jaialdia da.

Bertso topaketaren helburua da ikasturtean zehar ikasgelan landutakoa kalera ateratzea eta jendaurrean erakustea, 2018/2019 ikasturteari amaiera emateko. Horretarako, ikastetxe eta bat bateko talde guztien arteko bertso topaketa egingo da.

Gela bakoitzeko ikasleek bertsoa abestuko dute eta abeslari batek ikasleekin batera kantuak abestuko ditugu. Bertsolariak ere izango dira bertso topaketan eta “duda barik, giro oso polita izango da gure herriko ikasleek eskainiko duten bertso topaketan”, nabarmendu du Gazteria zinegotziak, Juan Karlos Agirrek.

'Gu ere bertsotan' egitasmoa

2018/19 ikasturtean ere, ‘Gu ere Bertsotan/Mundu bat bertso’ egitasmoa burutu da Bermeoko ikastetxeetan. Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako egitasmoa da hori eta horren bidez, ahozkotasunetik abiatuz, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak lantzen dituzte ikasleek.

Astero edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza jaso dute ikasleek, urtean zehar egiten diren jaialdietarako bertsoak prestatu eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu landu dute bertsolaritza klaseetan. Material osagarria, bertso jolas, ariketa, entzunaldi, bertso bideo eta ikus entzunezko baliabideez osatu da egitasmoa.

13 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0