Albisteak

Albistea

Landabasoko industrigunean Bizkaibusen geltokia berreskuratzeko eskatu dio Udalak Bizkaiko Aldundiari

 

Landabasoko industrigunean Bizkaibusen geltokia berriro ezartzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari (BFA). Zehazki, Bermeoko Udal Gobernuak onartutako eskaerak honakoa eskatzen dio BFAri: Bermeotik Bilbora norabideko bidaia guztietan Bizkaibus Landabasoko geltokian gelditzea, eta Bilbotik Bermeorako bidaietan bidaiarien eskaera egonez gero gelditzea. 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, herritarrek izenpenak batu zituzten eskaera hau egiteko, izan ere, saihesbidearen lanak hasi baino lehen, toki horretan geltokia zuen Bizkaibusek. 

Izenpen horiek bai Udalera bai Bizkaiko Foru Aldundira bidali zituzten herritarrek. “Eskaera horren aurrean, Bermeoko Udalak beharrezkoak ziren kudeaketak egin ditu, eta era ezberdinetako dokumentazioa eskatu dio BFAri”, azaldu du. 

Ildo honetan, nabarmendu duenez, “eskatutako dokumentazio guztia helarazi ez duten arren, geltoki hori berriro ezartzeko eskaera egin dio Udalak BFAri”. Horrez gain, Landabasoko industriguneko geralekuan markesina bat instalatzea, eta, bertan, informazioa jartzea eskatu dutela gaineratu du Ibarrolazak. 

“Espero dugu Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskaera onartzea; eta ahalik eta arinen Landabason Bizkaibusen geraleku hori jartzea, batez ere garraio publikoa erabiltzen duten bermeotarren eskaera bat dela kontuan hartuta”, adierazi du Bermeoko alkateordeak.  

13 / 01 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0