Albistea
Herriko Alde Zaharrean egingo den ekimena asteburu osoan zehar zabalik egongo da eta 40 saltoki inguru izango ditu
Gainera, urriaren 25, 26 eta 27an Barrueta Elkarteak ‘Azalien’ asteburu kulturala antolatuko du Bermeoko Arrantzaleen Kofradi Zaharrean
Bermeon, 2019ko urriaren 16an.- Bermeoko Alde Zaharrean egingo da beste urte batez Bermeoko Udalak eta Napar Bideak kooperatibak antolatzen duten Antzinako Azoka. Herrian gogoz espero den ekimen honek larunbatean (urriak 19) zabalduko ditu ateak (10:00-15:00 eta 17:00-21:00) eta igandean itxiko ditu (10:00-15:00) eta, bertan, 40 saltoki baino gehiagoz gozatzeko aukera izango dugu. Horietan, besteak beste, gazta, eztia, hestebeteak, txokolatea, bitxiak, narrua, loreak, zilarra, kremak, xaboia, buztin eta zeramika-lanak eta arropak ikusi eta erosi ahal izango dira. Gaur goizean aurkeztu du ekimena Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.
Hala ere, Azoka bera ez da izango asteburuko protagonista bakarra. Izan ere, Alde Zaharrari giro paregabea eskaintzeko, Izaro Abesbatzak kalejira egingo du larunbatean. Gainera, egun berean, Arku Tiroaren Bermeoko taldea Santa Maria elizako arkupean arituko da. Kale animazioa ere ez da faltako, herrian ohitura denez. Antzerkiak ikusteko eta musika entzuteko aukera izango dute Bermeora hurbiltzen direnek. Larunbatean ere, arratsaldeko 8tan, antortxekin erakustaldi berezia egingo da.
Umeek, urtero bezala, Antzinako Azokan bere tokia izango dute. Izan ere, zeramika tailerrak eta egurrezko jokoak egingo dira beraiek ere asteburuaz disfrutatu dezaten. Bukatzeko, ‘stand’ guztietan zozketa baterako txartelak banatuko dira. Irabazleak Nafarroako landetxe batean asteburua pasatzeko aukera izango du.
Barrueta Arte Elkartearen asteburu kulturala:
Barrueta Arte Elkarteak ‘Azalien’ asteburu kulturala antolatuko du urriaren 25, 26 eta 27an. Aurtengoa, Bermeoko arte elkarte honek antolatzen duen ekimenaren hirugarren edizioa izango da, aurrekoek izandako arrakastaren ostean. Herriko artisten arte diziplina ezberdinetako lanak espazio bakar batean batuko ditu ekimenak. Horretarako, urtero bezala, Bermeoko Arrantzaleen Kofradi Zaharra aukeratu dute asteburu kulturala aurrera eramateko. Horrela, bertaratzen direnek, besteak beste, margolanez, laburmetraiez, zilarraz, modaz, egurraz edota dantzaz disfrutatzeko aukera izango dute.
Urtero bezala, erakusketaren gaia aldatzen da, eta artistek urte horretan aukeratutako gaiaren gainean egindako esperimentu edota ikerkuntzari esker sortzen dituzte beren lanak. Urte honetako gaia “AMALURRA” izango da.
‘Azalien’ ekimena herriko jendearen agerpena da. Erakusketa hau Bermeoko artista ezberdinen topaketa bezala sortu zen, elkar ezagutu eta lankidetza ezberdinak bultzatzeko. Honetaz gain, bakoitzak urte horretan sortutakoa erakusteko ere bada. Guztira, 10-15 artistek beren lana erakusten dute urtero. Urte honetako erakustaldian, guztien artean erabakiko da hurrengo urterako gaia, guztien partaidetza bultzatzeko.
Barrueta Arte Elkartea Bermeon artearen inguruko kultura sustatzeko sortu zen 1951an. Berton herriko zenbait artista batzen dira eskultura, argazkigintza, margolan eta bideo sorkuntzak lantzeko. 68 urtez darama lanean eta herriko elkarte zaharrenaren titulua du. Azken urteotan, moda bezalako gaiak ere uztartzen dira.
010 (94 617 91 00)