Albistea
Itsasoa eta arrantzari lotutako Bermeoren nortasuna eta bizimodua erakusten duen ‘Bizi Bermeo’ ekimen berria abiarazi dute Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak eta Bermeoko Udalak. Horren bidez, pertsona guztiek Gaztelugatxeko San Juan, Bermeoko arrain kontserba lantegiak, Bermeoko arrantzaleen kofradia eta Arrantzaleen museoa ezagutzeko, itsasoan ibilbideak egiteko eta Bermeoko Tuna Pintxo Tour-en parte hartzeko aukera izango dute. Horren berri emateko bideo bat egin da eta esku orriak ere banatuko dira.
‘Bizi Bermeo’ ekimena aurkeztu dute gaur Aritz Abaroak, Bermeoko alkateak; Leire Egiartek, BTWC elkarteko ordezkariak, eta Bego Gangoitik, Bermeoko turismo bulegoko arduradunak. Abaroak azaldu duenez, ‘Bermeo Bizi’ ekimenaren helburu bat da Bermeok itsasoarekin lotuta duen ondare guztia balioan jartzea eta ezagutzera ematea eskaintza bateratu baten bidez, izan ere, “horrela bisitariek zein herritarrek bere eskura izango dute gure ondare garrantzitsua ezagutzeko aukera”.
Ildo horretan, Leire Egiartek gaineratu duenez, BTWC proiektuan jasotzen den moduan, Bermeo Atunaren sektorean erreferentziazko herria gara, gure tradizio historikoagatik, atunaren eta kontserben sektoreen eragin sozial eta ekonomikoagatik, eta mundu mailako erreferentea izateagatik arrantza jasangarriaren praktikarik onenetan. “‘Bizi Bermeo’ ekimenaren bidez horren berri izango dute Bermeora datozen pertsonek. Esate baterako, Bermeoko kontserba lantegietara antolatutako bisita gidatuetan gure produktuen bikaintasuna eta lan egiteko era egokiak erakutsiko dira”, gaineratu du.
Erreserbak
Bego Gangoitik ‘Bermeo Bizi’ ekimenari buruzko zehaztapenak azaldu ditu. Era horretan, adierazi duenez, ‘Bizi Bermeo’ ekimenak jasotzen duen ekintzetan parte hartzeko ez da beharrezkoa pertsona kopuru minimo bat, banaka, binaka, edota taldeka egin daitezkeelako. Gainera, bakoitzak interesatzen zaizkion ekintzak egin ahal izango ditu.
Arrain Kontserba lantegiak, Arrantzaleen kofradia edota Arrantzaleen Museoa bisitatzeko erreserbak Bermeoko Turismo Bulegoan egingo dira: 94 617 9154 telefonoan edo turismoa@bermeo.eus helbide elektronikoan. Gaztelugatxeko San Juanera joateko erreserbak honako estekan egin beharko dira https://www.tiketa.eus/gaztelugatxe/ eta Bermeo Tuna Pintxo tour ekimenean parte hartzeko ez da inon izenik eman behar, taberna parte hartzaileetara joan eta dastatu soilik. Itsasontzien irteerei dagokienez, zerbitzu hori eskaintzen dituzten enpresetan egin behar da erreserba, Hegaluzen eta Bay of Biscay Sailing-en, hain zuzen ere.
Gaztelugatxeko San Juaneko bisitei dagokienez, 10:00etatik 16:00ak arte izango dira Gaztelugatxeko baselizan bertan, ordu puntuetan euskaraz eta erdietan gaztelaniaz. Gangoitik adierazi duenez, bisita gidatuek “Gaztelugatxeko San Juan, gure historia eta istorioak, berarekin lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta batez ere itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dizkie inguruko zein kanpotik datozen bisitariei”.
Arrain kontserberetara eta Arrantzaleen Kofradiara bisitak
Bermeoko Arrain Kontserbetara bisitak asteazkenetan eta larunbat batzuetan izango dira eta Arroyabe, Salica, Serrats eta Zallo enpresek parte hartuko dute. Bermeon kontserbak era tradizionalean egiten dira eta bisita horietan lan horren berri emango da eta, gainera, ondoren, Bermeoko kontserbak, mundu mailan ezagunak kalitate bikainagatik, dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Prezioa, dastaketa barne, 8 euro izango da. Bisita horiek egiteko hitzordua 10:45ak izango dira Lamerako autobus geltokian, bertan Bermibusa hartuko baita.
Bermeoko Arrantzaleen Kofradiako bisitak ostiraletan eta larunbat batzuetan izango dira goizeko 11:00etan. Bisita horietan sareginek eta neskatilek, itsasontzietako herriko emakume langileak, Bermeoko arrantzari lotutako gaiak azalduko dizkigute eta oso interesgarria izango da. Bisita bukatzeko arrain dastaketa batekin gozatzeko aukera egongo da. Prezioa kasu honetan ere 8 eurokoa izango da.
Bermeoko Arrantzaleen Museoa Ertzilla dorrean dago, egun Bermeok duen eraikin zibil zaharrenean, hain zuzen ere. Arrantzaleen Museoa tankera honetako museo bakarrenatakoa da, euskal arrantzaleen bizitzari, lanari eta arrantzari dagokion guztia erakutsiz bisitariari. ‘Bizi Bermeo’ ekimenaren barne, bisita gidatuak eskainiko dira astearteetan 10:30ean eta, bertan, besteak beste, Bermeo Tuna World Capital-eri buruz hitz egingo da eta Bermeo zergatik den atunaren hiriburua azaldu da. Prezioa 3,5 eurokoa da, 1,75 euro sarrera murriztua eta dohainik da 12 urtetik beherakoentzat.
Itsasontzietan ibilbideak
Bestalde, itsasontzian bidaiekin gozatzeko aukera ere izango dugu Bermeon. Hegaluzek egunero ordu beteko ibilbideak eskaintzen ditu 12:00etatik 18:00etara. Helduen prezioa 12 euro da eta 7 euro umeena. Bay of Biscay Sailing-ek bi ordu eta erdiko ibilbideak eskainiko ditu, 11:30ean, 15:00etan eta 17:30ean, eta prezioa 37 euro izango da. “Itsasoarekin eta gure ingurumenarekin gozatzeko aukera bikaina eskaintzen dituzte itsas ibilbide hauek”, esan du Gangoitik.
Horrez gain, ‘Bizi Bermeo’ eskaintzaren barne, Bermeo Tuna Pintxo Tour ekimenarekin gure gastronomiaz gozatzeko aukera egongo da, izan ere, atuna zein hegaluzea dastatzeko aukera izango da, herriko 20 taberna inguruk produktu horren pintxoak eskainiko baitituzte, uda sasoian, Bermeoko itsasontziak hegaluzea harrapatzen duten sasoian, alegia. “Horrela, gure herriak itsasoarekin, arrantzarekin eta atunarekin duen lotura azpimarratuko da eta gure tokiko produktua sustatuko da, kontserbak zein atun edota hegaluze freskoa”, esan du Gangoitik.
Bermeoko alkateak adierazi duenez, aurkeztutako eskaintza Urdaibairako prestatzen ari garan turismo jasangarrirako Europako kartarekin bat dator; izan ere, ekoturismoa bultzatzen du. Era berean, bere esanetan, arrantza mundua sustatzen duen heinean, Bilbao Bizkaia marketing planaren ildoan dago eta baita ere Basquetour-en euskal kostaldeko plangintzaren ildo berean.
Azkenez, Bermeoko alkateak eta BTWC elkarteako ordezkariak pertsona guztiak gonbidatu dituzte ‘Bizi Bermeo’ ekimenarekin gozatzera, izan ere, “itsasoa eta arrantzari lotutako Bermeoren nortasuna eta bizimodua ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du ekimen ezberdinen bitartez”. “Bizi Bermeo!”, adierazi dute.
010 (94 617 91 00)