Albistea
Gaur, eguenean, otsailaren 14an, sute bat sortu da Bermeoko Bidebarrieta 15 zenbakia duen eraikinean, Alde Zaharrean. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, adierazi duenez, sute horrek, “berriz ere, Bermeorentzat suhiltzaile talde finko bat izatea ezinbestekoa dela adierazten du”.
Bidegurenek adierazi duenez, eskaera hori orain arte eskatu izan diogu Bizkaiko Foru Aldundiari eta, kontuan izanda zenbat sute izan ditugun Alde Zaharrean, gure eskaria aintzat hartzeko eskatzen diogu.
“Gaur berriro ere beste sute bat izan dugu Alde Zaharrean, suhiltzaileek gutxi gorabehera 20 minutu behar izaten dituzte Bermeora heltzeko; eta, denok dakigun bezala, sute batean lehenengo minutuak oso garrantzitsuak dira suaren kontra egiteko”, azaldu du.
“Horregatik, berriro ere eskaera hau luzatu nahi diogu Bizkaiko Foru Aldundiari eta espero dugu, oraingoan, gure eskaerari baiezkoa erantzutea eta ahalik eta arinen Bermeon suhiltzaile talde finkoa jartzea”, nabarmendu du.
Bidebarrieta 15eko sutea
Gaur, eguenean, otsailaren 14an, 11:20ak bueltan, sute bat sortu da Bermeoko Bidebarrieta 15 zenbakia duen eraikinean, Alde Zaharrean. Udaltzaingoa eta Udaleko Zerbitzu eta Urigintzako langileak, Herri Babesa eta suhiltzaileen hiru kamioi, lanean egon ondoren, sutea itzali dute eta 13:30ak inguruan lanak bukatu dituzte.
Bermeoko Udaltzaingoak abisua 11:20ean jaso du eta, jarraian, protokoloa aktibatu du. Alde batetik, Larrialdietarako telefonoan abisua eman eta, bestetik, sutea zegoen tokira joan da Zerbitzuetako langileekin batera. Bizilagunek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eraikina jendez hustu dute eta Bidebarrieta kalea itxi da, segurtasuna bermatzeko. Sei pertsona kea arnasteagatik artatuak izan dira eta horietariko lau Gernikako ospitalera eraman dituzte. Suhiltzaileak eta anbulantziak 11:40an heldu dira eta 13:30ak bueltan lanak bukatu dituzte.
Kaltetutako eraikinak zazpi etxebizitza dauzka, sutea lehenengo solairuko etxebizitza batean sortu da eta, lehenengo balorazio batean, sutea sortu den lehenengo solairuko etxebizitzak ditu kalterik larrienak. Gainontzeko eraikinak kalte puntualak ditu, baina orokorrean egitura ondo dagoela baloratu dute teknikoek. Hala ere, bizilagunak ezin izango dira euren etxebizitzetara bueltatu konponketa lanak egin arte.
Eraikin horretan lau familia bizi dira, 12 pertsona, hain zuzen ere, eta momentu honetan Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuko langileak euren egoera baloratzen ari dira, laguntza eskaintzeko. Horrez gain, Bermeoko Udala Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin eta seguru etxeekin harremanetan jarri da etxebizitza beharrizanei aurre egiteko.
010 (94 617 91 00)