Albistea
Bermeon etxeko sastar gutxiago sortzea lortu da laugarren urtez jarraian. Izan be, joan den urtean sastar kopurua %0,32a jaitsi da, 2013. urtearekin alderatuz. Hau da, iaz 4.800 tona sastar sortu ziran Bermeon, 0,77 kilo sastar egunero eta biztanleko, hain zuzen ere. Arrazoiei dagokienez, alde batetik, krisi ekonomikoa da, kontsumoa murriztu ondorioz, hondakin kopurua ere bai, baina arrazoi nagusia hondakinen birziklapenaren igoera izan da.
Izan ere, 2014an hondakinen birziklapena %2,11 igo da Bermeon eta guztira 1.447 tona hondakin errekuperatu dira. Bermeoko Udalaren Ingurumen Sailak adierazi duenez, honek esan nahi du bermeotarrek gero eta hondakin gutxiago sortzen dutela, batez ere gero eta gehiago birziklatzen dutelako. Zehazki, iaz sortutako hondakin guztietatik %26a errekuperatzea lortu da. Beste guztia Zabalgarbiko errauste plantara doa.
Goranzko joera hau bereziki etxetresna zaharren eta ontzien kasuan nabarmendu da. Etxetresna eta altzari zaharren kasuan, igoera %19,4koa izan da (177 tona) eta ontzi arinen kasuan %2,7koa (281 tona). Nabarmentzekoa da baita ere papera eta kartoiaren bilketak izandako %1,3ko igoera (531 tona). Aipagarria da baita etxeko olio zikinaren %18,7ko igoera, baina kasu honetan baturiko kopurua proportzioan txikiagoa da (11 tona). Kontrara, arropa bilketaren kasuan, iaz %15,5ko jaitsiera ikusi da (35 tona) eta beiraren kasuan, baturiko kopurua ia berdin mantendu da (468 tona).
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak adierazi duenez, “garrantzitsua” da kontsumitzerako orduan “arduratsuak” izatea eta “jasangarritasunaren ikuspuntua kontuan hartzea: bertoko produktuak kontsumitu, gain-ontziratutako elikagaiak ez erosten saiatu, erosketarako orga, telazko poltsak erabili…”. Horrez gain, esan duenez, “bermeotarrak birziklatzeko ohituran denborarekin hobetzen joan gara”. Dena den, adierazi duenez, “hainbat arlotan gure jarrera hobetu behar dugu, esate baterako, hondakinen gure etxeetan bereiztu behar ditugu ondoren birziklatzeko”.
HONDAKINEN BERZIKLAPENA BERMEON 2014
| 2014 | Bariazioa 2013-2014 (%) |
ETXEKO SASTARRAK | 4.800 ton | - 0,32 |
BIRZIKLATUTAKOA | 1.447 ton | +2,11 |
PAPERA eta KARTOIA | 547.590 kilo | +1,29 |
BEIRA | 468.290 kilo | - 0,76 |
ONTZIAK | 281.239 kilo | + 2,72 |
BOLUMEN HANDIKOAK | 117.300 kilo | +19,41 |
ARROPAK | 35.440 kilo | -15,48 |
OLIOA | 11.389 kilo | +18,75 |
PILAK | 1.590 kilo | +13,21 |
010 (94 617 91 00)