Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala ekonomia zirkularra sustatzeko lanean ari da eta Serrats eta Campos kontserba enpresek negozio eredu honen alde egindako apustua goraipatu du

-Bermeoko Udalak tokiko enpresak ekonomia zirkularraren aldeko apustua egitera animatzen ditu eta horretarako laguntza eskaintzen duela gogoratzen du

 

· Lehiakortasuna hobetzeko, negoziorako aukera berriak sortzeko eta garapen jasangarriagoa lortzeko garrantzitsua delako ekonomia zirkularra sustatzeko apustua egiten ari da Udala

 

 

 

Bermeoko Udala ekonomia zirkularra sustatzeko lanean ari da, eta, ildo horretan,  Serrats eta Campos kontserberek eredu ekonomiko horren alde egindako apustua goraipatu du; izan ere, Bermeoko bi enpresa hauek Udalak enpresen lehiakortasuna bultzatzeko martxan jarritako programa baten parte hartu dute, ekonomia zirkularraren inguruan diagnostikoa egin dute eta hurrengo pausoak emateko ildo estrategikoak zehaztu dituzte. 

Serratsek eta Camposek egindako lan hori “gure ingurumena eta gure baliabideak zaintzeko ezinbestekoa” dela adierazi du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta hasitako bidea jarraitzera animatu die. “Eredu bat dira gainerako enpresentzat”, azpimarratu du Bidegurenek, gaur Aintzi Laburu eta Estibaliz Gaubeca, Campos eta Serrats enpresetako ordezkariekin, hurrenez hurren, eta Nere Mintegi, Behargintzako zuzendariarekin, egindako prentsaurrekoan. 

Idurre Bidegurenek azaldu duenez, “ekonomia zirkularra errekurtsoen efizientzian  oinarritutako eredu ekonomikoa da. Ekonomia zirkularrean erabilitako materialak bota ordez, berreskuratu egiten dira, produktu berriak ekoizteko eta horiek ekonomian txertatzeko”. “Hartara, ez dago natur baliabideetara jo beharrik materialak eskuratzeko, eta, era berean, erabilitako produktuak ez dira zabor bilakatzen, berriz ere zirkuituan sartzen baitira balioari eutsiz”, gaineratu du.  

Bermeoko alkateak adierazi duenez, “ekonomia zirkularraren garrantziaz jabetuta, Bermeoko Udalak denbora darama enpresekin elkarlanean eredu ekonomiko berri hau sustatzeko helburuarekin; izan ere, lehiakortasuna hobetzeko eta negozio aukera berriak sortzeko oso garrantzitsua da eta, era berean, tokiko garapena jasangarriagoa izatea lortzen dugu”. 

Ildo horretan, Nere Mintegik azaldu duenez, Bermeoko Udalak, Behargintzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Ekonomia Zirkularra Industrian topaketa egin zen Arrantzaleen Museoan joan den urriaren 18an. Bertan egon ziren, besteak beste, Idurre Bideguren, Bermeoko alkatea; Irune Ormaetxea, Garapen zinegotzia; Begoña Landa eta Nere Mintegi, Behargintzako arduradunak; Marta Pagazaurtundua eta Estibaliz Gaubeka, Campos eta Serrats enpreseetako ordezkariak, hurrenez hurren, eta Aztiko ordezkariak baita ere. 

Topaketa horretan Serrats eta Campos enpresetako ordezkariek; IK Ingeniería enpresaren aholkularitzarekin bi kontserba enpresetan ekonomia zirkularraren inguruan egindako diagnostikoak aurkeztu zituzten, eta hurrengo pausoak emateko ildo estrategikoen berri eman zuten.  Serrats zein Camposeko ordezkariek esperientzia oso ondo baloratu zuten eta, horrela, Ecocanvas-en ikastaro batean parte hartu zuten azaroan, Nicola Cerantola, Diseinu, Ekintzailetza eta Ekonomia Zirkularrean adituaren eskutik. 

Nere Mintegik adierazi duenez, Serrats enpresak ekonomia zirkularraren aurre diagnostikoan irtendako lerro bat martxan jarriko du Behargintza eta Nicola Cerantolaren aholkularitzarekin eta Ecocanvas metodologiarekin. 

Serrats eta Campos 

Estibaliz Gaubekak ekonomia zirkularrean Serrats enpresaren esperientzia konta du. Bere esanetan, “behin lortutako emaitzak aztertuta, Bermeon hain ezaguna den hegaluzearen kontserbaren produktua lortzeko  erabilitako baliabideak eta materialak ikusaraztea erraza da”. 

Gaubekak bere “harridura” agertu du; izan ere, proiektuan inplikatutakoek aurkeztutako hainbat proposamen “gure ekoizpen prozesuan lehendik erabiltzen ari ginelako”. Ildo horretan, esan duenez, “baliabideen gutxieneko kontsumo batekin ahalik eta etekin handiena ateratzeko ideia gure kodigo etikoan barneratuta genuela esan genezake, Hijos de José Serrats enpresako langileak ingurugiroaren zaintzarekin konprometituta gauden heinean”. 

Bere ustez, “ideiarik ausartenak eta berrienak aukera gehien eman digutenak dira eta horien aldeko apustua egin dugu”. Hori dela eta, azaldu duenez, “ikerketa prozesua hasi da eta espero dugu lortzen ditugun emaitzak ekoizpen zirkulua oraindik gehiago ixtea ahalbideratzea”. 

“Oso pozik gaude proiektu honetan parte hartu dugulako eta Campos bezalako sektoreko lankideekin esperientziak elkarbanatu ditugulako. Orain ilusio handia dugu etorkizunean ekonomia zirkularrak eskainiko dizkiguna ikusteko”, azpimarratu du. 

Bere aldetik, Aintzi Laburuk ekonomia zirkularrean Campos enpresaren esperientzia azaldu du. Bere esanetan, nahiz eta ISO 14001 (2015) zertifikatua lortzeko hainbat lan eginda izan aspalditik, proiektu horri esker Camposek beste hainbeste gauza lortu ditu, esate baterako, “Bizitzaren Bizi Zikloaren Analisiaren tresnari buruzko ezagupena lortu dugu eta gure ekintzen eragina ingurumenean”. “Orain unitate eta neurrietan kuantifikazioa dugu eta horrek sektore berdineko enpresekin alderatzeko balio du”, azaldu du. 

Ildo horretan, Laburuk gaineratu duenez, proiektuaren ondorioz, IK Ingenieritzak ingurumenean eragina murrizteko ekintza ezberdinak proposatu zituen eta horietariko batzuk martxan jarri ditu Camposek. 

Horien artean honakoa aipatu du Laburuk: “CO2aren izurpena murriztea garraioaren eraginagatik, ordura arte erabilitako abere jatorria duten produktu-azpiko kudeatzailea, kudeatzaile hurbilago bategatik ordezkatuz, distantzia laburtuz erregai gutxiago erabili behar da eta izurpen gutxiago ematen dira”.

“Ekonomia zirkularra etorkizuna da”

Nere Mintegik adierazi duenez, “ekonomia zirkularrean izandako esperientzia oso positiboa dela kontuan hartuta, aurten ere ildo horretan lan egitea erabaki dugu”.  “Behargintzaren apustua da enpresen lehiakortasunean eta negozio aukera berriak sortzeko lan egitea, eta, gure ustez, ekonomia zirkularra heldu den etorkizuna da”, nabarmendu du. 

Ildo berean, Bidegurenek azpimarratu duenez, “ezinbestekoa da ekonomia zirkularrean pausoak ematea baliabideen iraunkortasuna eta garapen jasangarria bermatzeko” eta Campos eta Serratseri gai horretan egindako apustua “aitortu eta aurrera jarraitzera animatu die”.

“Esperientzia hau eredugarria eta interesgarria izan daiteke beste enpresa batzuentzat” dela nabarmendu du. Horrela, beste enpresa batzuk ere animatu ditu ekonomia zirkularraren aldeko apustua egitera eta Behargintza eta Bermeoko Udalaren laguntza izango dutela gogoratu du alkateak.

17 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0