Albistea
-Parte hartze handiari esker, Bermeoko itsas ondare kulturalaren, enpresa munduaren eta gure gastronomiaren erakusleiho paregabea den Bermeoko Arrain Azokak, programa zabala eskainiko du.
-Bego Gangoiti Canga Arrain Azokaren sortzaileak jasoko du XXVII. Hegaluze Saria.
-Ohi legez, elkartasuna ere presente egongo da Solidaritza Gunearen bitartez, aurten, Lameran egongo dena.
Ate joka daukagu Bermeoko Arrain Azoka; maiatzaren 17, 18 eta 19an izango da, eta aurten 30. urteurrena ospatuko du sustraietara buelta eginez. Modu horretara, hegaluzea prestatzeko teknika tradizionalak gogora ekarriko dira. “Hegaluzea betiko moduan, hau da, etxean egiten den moduan zatitzen ikasteko aukera izango dugu, eta baita ere etxean beti egin izan den moduan prestatzen”, esan du gaur XXX. Arrain Azoka aurkezteko prentsaurrekoan, Bermeoko alkatea eta Arrain Azoka elkarteko presidentea den Nadia Nemeh Shomalik.
Alkateak gogorarazi du Arrain Azoka Bermeoko “ekitaldirik garrantzitsuenetako bat dela: “Gure produktuen, kulturaren eta nortasunaren erakusleiho onena da. Harro gaude gure kontserbak eta itsasoarekin estuki lotutako ondarea erakusteaz, eta era berean, mahoizko arropak jantzi eta udako jai-denboraldiari hasiera ematea ere gustatzen zaigu. Arrain Azoka Bermeoko kulturaren eta ekonomiaren aldeko apustua da”.
Ildo horretan, Bermeoko herriarentzat azoka honek duen garrantzia azpimarratu du: “Mota honetako lehenengo azoka izan zen Euskal Herrian, aitzindariak izan ginen orain dela 30 urte. Erreferenteak izan gara eta horrela jarraitzeko apustua egiten dugu”. Jarraian, Arrain Azokaren “erronka garrantzitsuak” nabarmendu ditu: “Itsasoari lotutako gure ondarea eta ekonomia zaintzea eta ezagutzera ematea, ingurumenarekiko eta kulturarekiko jasangarritasuna eta elkartasuna”.
Hiru hamarkada, hiru kartel
Arrain Azokaren hiru hamarkada hauetan, horren guztiaren parte garrantzitsu izan diren arrantza, arrain kontserba lantegiak eta herria islatu gura izan dira aurtengo karteletan. Horregatik hiru kartel egin dira, bakoitzarekin bat eta hamarkada bakoitzeko bat; “horiek guztiak baitira Arrain Azokaren parte”.
Aurtengo Arrain Azokan 18 erakustoki egongo dira. Horietan enpresek eta erakunde ezberdinek haien produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko, eta, horrez gain, arrantza mundua erakutsiko dute. Arrain Azokak ordutegi jarraitua izango du: barikuan 11:00etatik 20:00etara, zapatuan 11:00etatik 21:00etara eta domekan 11:00etatik 15:00etara.
Hala ere, Arrain Azoka erakustokiak baino askoz ere gehiago da. Aurtengo edizioan sustraietara salto egin gura denez, hegaluzea zatitzeko eta prestatzeko teknika tradizionalak azalduko ditu Biotza Arostegi sukaldari bermeotarrak, zapatuan eta domekan, Lamerako Gune Gastronomikoan. “Oso ondo daude gaur egungo teknika moderno eta sofistikatuak, baina ezin ditugu ahaztu teknika tradizionalak, betikoak, gure etxeetan ikusi ditugunak. Eta ahanzturan geratu ez daitezen, horien guztiak gogoraraziko dizkigu Biotza Arostegi sukaldari bermeotarrak, Arrain Azokaren baitan”, adierazi du Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikoaren zinegotziak.
Berritasunak ere egongo dira. Esaterako, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak jasangarritasuna bermatzen duen bertoko atunarekin egindako pintxo bereziak jarriko ditu bertaratutakoen eskura, 2 eurotan: “Atuna modu askotara prestatu daitekeela erakutsi gura dute”. Kostako enpresa ere Arrain Azokan egongo da XX. mendeko Bermeoko portuko flotaren istorio grafiko laburra eta abarketa modelo berriak aurkezteko.
Urtero legez, eguneroko ekintzak ere ez dira faltako, batzuk aipatzekotan, arrain salmenta itxurak, Hegaluze eta Taho itsasontzietan irtenaldiak eta Arrantzaleen Museora doan sartzeko aukera.
Gainera, herriko kirol eta kultur taldeen inplikazioari esker, asko izango dira Arrain Azokaren inguruan antolatuko diren kirol eta kultur ekimenak. Horiei guztiei esker, maiatzaren 17, 18 eta 19ko asteburuan “jai giro paregabea” izango dugu Bermeon; “fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroak, estropadak, pilota partiduak… izango ditugu herriko giroa alaitzeko”. Caruezok Arrain Azokako egitaraua osatzen lagundu duten kirol eta kultur talde guztien lana eskertu du.
Solidaritza Gunea, Lameran
Bermeoko Arrain Azoka solidarioa ere bada, eta, horregatik, aurten ere ez da Solidaritza Gunea faltako. Hori bai, aurten, leku aldaketa izango du, Lameran kokatuta egongo da. Boluntarioei esker, bertan ere, hegaluzea dastatzeko aukera egongo da, marmitakoan edo erreta. Bertako jakiak etxera eroateko asmoa daukaten horiei eskatzen die, ontziak etxetik ekartzea. Aurten ere, Solidaritza Gunetik ateratako dirua Osakidetzak estaltzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko da; euren familiek jasoko dute.
Bestalde, aurtengo azokak laguntza eta informazio puntu desberdinak izango ditu. Gurutze Gorria bertan egongo da hiru egunetan. Zapatuan, batetik, drogomenpekotasunari buruzko informazioa emateko puntua egongo da 12:00etatik 16:00etara Lameran; eta, bestetik, Portuzarrean, Puntu Morea jarriko dute, 20:00etatik 00:00etara.
Hegaluze Saria Bego Gangoiti Cangarentzat
XXX. Arrain Azoka sustraietara bueltatuko da, eta Arrain Azoka elkarteak erabaki du sustrai horiek landatzeaz arduratu den pertsona izatea XXVII. Hegaluze Saria jasoko duena: Bego Gangoiti Canga. Bera da Arrain Azoka proiektuaren sortzailea; bere karrera amaierako proiektua izan zen. 1994an egin zen lehenengo Arrain Azoka, eta azoka txiki bat modura jaio bazen ere, azoka handi eta ospetsuan bihurtu du Gangoitik, erreferentziazko azokan bihurtuta.
Ibilbide luzea izan da. Azokaren hastapenetan agian ibilbidea zein izango zen ez zegoen horren argi, baina iniziatiba, sormena eta lan egiteko gogoa ez dira falta izan urte hauetan guztietan; Gangoitik mimo handiz antolatu du urtez-urte Arrain Azoka. Aurtengoa azokaren 30. urteurrena izanda, Arrain Azoka Elkarteak ikusi du “urte polita eta borobila” dela Bego Gangoitiri aitortza egiteko.
Nadia Nemeh Shomalyk, Arrain Azoka Elkarteko presidente moduan esan du, ematen duela Bego eta azokaren artean “maitasun istorio polit bat” dagoela: “Bego eta bere taldekideek oso ondo zaindu dute Bermeoko Arrain Azoka. Eskerrik asko bihotz bihotzez. Zuon lanari esker Arrain Azokaz gozatzeko aukera izan dugulako, eta oraindik ere badaukagulako”.
Arduratsuak izateko eskaera
Portuzarra, Lamera, Ispizua tar Segundo eta Prantzisko Deuna artean, zirkulazioa murriztuko da Arrain Azokaren eraginez, horregatik, herritarrei Arrain Azokaren egunetan ibilgailuak “ahalik eta gutxien” mugitzeko deia egiten die, eta, bisitariei, berriz, eskatzen die Bermeora etortzeko garraio publikoa erabiltzea.
Era berean, Arrain Azokan erosketak egiteko bakoitzak bere poltsak erabiltzeko eta azokan eta herrian dauden sastarrontziak erabiltzeko eskaera egiten dute, “herria garbi mantentzeko” eta “ingurumenarekiko arduratsuak” izan gaitezen.
Leire Zarate BBK-ko Ingurumen arloko arduraduna ere parte hartu du gaurko aurkezpenean: “Bizkaiko gizartearen etorkizuna irudikatzen dugunean, bertan ikusten ditugu gure ekoizleak, kalitatezko elikagaiak, gure ohiturak…. Izan ere, kalitatezko eta bertoko elikagai eta produktuak, freskoak, osasungarriak, trazagarriak, jasangarriak eta ingurumen-aztarna txikikoak eskaintzen ditu lehen sektoreak. Eta ez hori bakarrik, gure nortasunaren eta gure sustraien erakusgarri ere bada. Beraz, lurraldearen lehiakortasun jasangarrirako sektore estrategikoa da, eta bere eginkizuna indartu egingo da epe ertainera, adibidez, Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda eta Europako Itun Berdea lako ekimenen bidez”.
XXX. Arrain Azokaren programa oso zabala da; www.bizibermeo.eus/arrainazoka2024 webgunean aurkitu daiteke, eta bertan joango dira eguneratzen. Facebook (@arrainazoka), Instagram (bermeokoarrainazoka) eta YouTube (Arrain Azoka Bermeo) sare sozialetan ere jarriko da informazioa.
010 (94 617 91 00)