Albisteak

Albistea

Bermeoko XV. Txistu Alardea zapatuan, ekainaren 11n, Bermeoko erraldoien eta Ana Tere Bengoetxea abeslariaren parte hartzearekin

 

XV. Txistu Alardeak musikarekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du ekainaren 11an, zapatuan, Bermeoko Artza frontoian. Iluntzeko 20:00etan hasiko den ekitaldi honetan guztira 60 musikarik eta dantzarik eta Ana Tere Bengoetxea abeslari bermeotarrak parte hartuko dute. Gainera aurten berrikuntza garrantzitsu bat izango du Txistu Alardeak, izan ere Bermeoko Erraldoien Konpartsak ere parte hartuko du eta Mari, Lorentzo, Anton eta Josefin Bermeoko erraldoiak Txistu Alardeko protagonista garrantzitsu bihurtuko dira. Sarrera dohainik da.

Esti Arrizabalagak, Musika Eskolako zuzendariak, Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, Iban Ibarretxek, Alardea zuzenduko duen Musika Eskolako txistu irakasleak,  Ana Tere Bengoetxeak abeslari bermeotarrak gaur prentsaurrekoa egin dute Bermeon XV. Txistu Alardea aurkezteko.

Astuik adierazi duenez, urtero bezala Txistu Alardearen protagonistak asko izango dira, izan ere, “Udalaren Musika eskolako txistulariak, koroak eta musikariak entzuteko aukera izango dugu. Era berean, Bizkaiko Musika Eskolako txistulariak eta ‘Kankinkabara’ txistu taldea ere izango ditugu gure artean. Horiez gain, Metal boskoteak, Alkartasuna dantza taldeak, Javier Setienen dantza eskolako dantzariak eta herriko txalapartariak eta zantzulariak ere parte hartuko dute XV. Txistu Alardean”.

Gainera, aurten gonbidatu berezi bat izango dugu XV. Txistu Alardean, X. urteurrena betetzen duen Bermeoko Erraldoien Konpartsa, hain zuzen be. Horrela gure erraldoiek Marik, Lorentzok, Antonek y Josefinek Txistu Alardearen giroa alaituko dute euren presentziarekin.

Aurtengo gonbidatua Ana Tere Bengoetxea bermeotarra izango da eta bere kantuak entzungai izango dira XV.Txistu Alardean. Hortaz, Astuiren esanetan, “musikarekin eta dantzarekin giro ezin hobean gozatzeko aukera eskainiko digu aurten ere Txistu Alardeak”

‘Aupa Bermeo arraun’

Iban Ibarretxe Alardeko zuzendariak azaldu duenez, aurten estreinaldi bat sartuko da errepertorioan, ‘Aupa Bermeo Arraun’ kantua, hain zuzen be. Jon Ibarrak bermeotarra, Kankikabara txistu taldeko kidea, da abesti honen melodiaren eta hitzaren egilea eta lehen aldiz kantatuko dute musika eskolako koruko kantariek Bermeoko XV. Txistu Alardean.

“Horrez gain, urtero saiatzen gara Bermeoko kantu zaharrak sartzen;  badira 2 obra berezi sartu direnak alardeko errepertorioan: ”La Pobre Juanita “ eta “ Las mozas de Bermeo”, pasadizo bitxiak kontatzen dituen kantua. Obra hauek Olatz Telletxea Musika Eskolako ikasle eta bermeotar abeslari gazteak abestuko ditu”, adierazi du.

Udal Musika Eskolako zuzendariak adierazi duenez, koruaren ordez kantariak gonbidatzen dira. Horrela, egitarauan, gonbidatutako musikariaren bi edo hiru obra interpretatzen dira Alardearen formatuan. Aurtengoan Ana Tere Bengoetxea bermeotarraren 3 obra sartuko dira errepertorioan : ‘Oskorrian ene zeruan’, ‘Que tinguem sort’ eta ‘Txosnetako kanta’.

Hainbat izendun kantari pasatu dira Alardean kantari, besteak beste, ‘Gatom’, Leire Gotxi, Aitor Gorosabel, Pantxoa eta Pello, Xabier Amuriza, Alex Sardui, Mikel Urdangarin eta José Seijido ‘Tximino’ taldeko abeslaria. Aurtengoan, Ana Tere Bengoetxea abeslari bermeotarra da kantari gonbidatua.

 “Gure kultura landuz eta zabalduz, herritar guztiak kulturaren parte eta jabe izatea lortu nahi dugu. Horretan dihardugu Udalaren Musika Eskolako ikasle eta irakasleok”, azpimarratu du Arrizabalagak.

Ildo berean, adierazi duenez, “ilusio eta gogo handia jarrita buru-belarri prestatu du udalaren musika eskolak zapatuan taularatuko duen herri doinuekin osatutako egitaraua”. Beraz, Arrizabalagak, Astuik eta Ibarretxek eskualdeko musikazale guztiak gonbidatu dituzte XV. Txistu Alardera.

 

07 / 06 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0