Albisteak

Albistea

Bermeoko argiteria berritu du Udalak jasangarriagoa izateko eta gure ingurua gehiago zaintzeko

Bidegurenek eta Ibarrolazak, langileekin batera, herriko kaleak ikuskatu dituzte puntu beltzak dauden ikusteko eta irtenbideak bilatzeko

 

 

Bermeoko Udalak Tekunigaz herriko argiteria eskaintzeko kontratu berria sinatu zuen uztailean eta horren bidez herriko argiteria aldatzen ari da jasangarriagoa izateko eta gure ingurua gehiago zaintzeko.  

Horrela, Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Benito Ibarrolazak, alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, Udaleko teknikariek, Tekuni enpresako ordezkariekin batera, argiteria berria ikuskatu zuten astelehen gauean egoera zein den ezagutzeko eta hobetu beharrekoak  zeintzuk diren ikusteko; izan ere, Bermeoko Udalaren helburua da “herrian puntu ilunik ez egotea, guztion segurtasuna bermatzeko helburuarekin”. 

“Herritarren eskaerak kontuan hartuta, San Andres, Tala, Erreten, Zarragoitxi eta beste kale batzuk ikuskatu ditugu eta ditugun ahultasunei erantzuteko irtenbideak aztertu dira. Tokian bertan teknikoekin batera hartu beharreko neurriak baloratu ditugu eta epe laburrean neurriak hartuko ditugu, ahultasun guztiak ahalik eta arinen konpontzeko helburuarekin”, adierazi dute Bidegurenek eta Ibarrolazak.

Benito Ibarrolazak, alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, azpimarratu duenez, argiteri berriarekin Bermeon “erabiliko den energia guztia (%100) energia berdea izango da”.“Argindar hori iturri berriztagarrietatik eta eraginkortasun handiko kogeneraziokoetatik ateratakoa izango da”, gaineratu du. 

Gainera, adierazi duenez, instalazioen eraginkortasun handiari esker, “energiaren %63 aurreztuko dugu”. “Herriko luminarien %70 LED motakoak izango dira; LED horien argi-tonua Urdaibaiko Biosferaren Erreserba babestekoa modukoa izango da eta gure ikusmena ez da horrenbeste nekatuko”, azaldu du Ibarrolazak. 

Era berean, esan duenez, “argi-kutsadura ezabatzea” lortuko da, “FHSa gutxituko denez, gauez zerua hobeto ikusi ahal izango dugu”. “Horrez gain, instalazioak berrituko dira eta, holan, egon ahal diren arazoak gutxituko dira, eta arazoren bat dagoenean, arinago erantzungo da”, nabarmendu du. 

“Gure herriak energiaren eta argindarraren politika berdeagoaren aldeko apustua berretsiko du eta, aldi berean, ahultasunak zuzenduko ditugu”, adierazi du Ibarrolazak. 

25 / 10 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0