Albisteak

Albistea

Bermeoko alkateak herriaren mugak berretsi ditu, Nestor Basterretxea gogoan

  • Artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrenari keinu eginez, itsasora bota den teilak Eusko Legebiltzarren sinbolo den Izaro eskultura zeukan inprimatuta.

Izaro uhartea protagonista duen Madalen jaia ospatzen ari gaur Bermeon. Hala,  Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, antzinatik egiten ohi denez, Izaro parean gelditu eta itsasora teila bota du honakoa esanez: ‘Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak’. Modu horretara, herriaren mugak aldarrikatu eta Bermeoren mugak noraino heltzen diren adierazi dugu.

Nadia Nemeh Shomaly alkateak gogoratu du, jakina dela Bermeok jai asko dituela, “baina badaude batzuk beste batzuk baino kuttunagoak”. Hala, askorentzat Madalen Eguna “kuttunetan kuttunena” dela aipatu du. “Gaur gure herriaren itsasozko mugarria non dagoen gogoratzeko eguna dugu, gure teilatuko itoginak noraino heltzen diren adieraztekoa. Beraz gaur jai kuttuna eta mugarria batzen zaizkigu eta zer hobeto ospakizun hau gure herriko seme kuttunaren mugarri batekin lotzea baino: Nestor Basterretxea Arzadunen jaiotzaren 100. urteurrenarekin. Oraindik bizi izan balitz, mugarri ederra benetan!”, adierazi du alkateak.

Izan ere, aurten alkateak uretara bota duen teilak sinbologia “berezia” izan  du; Basterretxeak egindako Eusko Legebiltzarraren sinbolo den Izaro eskultura zeraman inprimatuta: “Ohorea izango beharko litzateke bermeotarrontzat Izaro irudia bermeotar baten eskuetatik jaioa izana, eta gure legeak egiten diren erakunde baten irudi izatea”.

Bermeoko alkateak gogorarazi du Nestorrek “neskalagun” modura izendatzen zuela Izaro, “eta zer egun hoberik Izaro buruan izateko, Madalen eguna baino”, gaineratu du. “Nestorrek neskalagun deitzen zion Izaro uharteari, baina guk mutilagun, neskalagun edo besterik barik lagun deitzen diogu. Gurean askatasuna dago maite dugun horri etiketarik ez ipintzeko, bakoitzak maita dezala gura duen bezala, norbera izan dadila nahi duena, sentitzen duena, bere barrutik ateratzen dena. Guretzat kuttunak denak!”, jarraitu du esaten.

Irudien garrantzia nabarmentzen jarraitu du Bermeoko alkateak: “Irudiak garrantzitsuak dira, eta sarritan irudi batek 1000 berbak baino gehiago adierazten dute. Gaurko egunez, berbetan geratu beharrean, izan gaitezen gu ere askatasunaren, elkartasunaren, tolerantziaren irudi eta Izarotik datorren askatasun haizea zabaltzeko hauspoa!”

Madalen Egunean guztiok ondo pasatzeko aukera izango dugula nabarmendu du alkateak. “Madalen egun on bat izan dezagula mundakar, elantxobetar, bermeotar eta kanpotik datozen neskalagun, mutilagun eta lagun guztiok”, azpimarratu du.

 

Bermeoko bandera eta ikurrina Izaro uhartean

Bermeoko alkateak teila itsasora jaurti baino lehen, ohikoa den moduan, Bermeoko Udalak, Bermeoko bandera eta ikurrina jarri ditu Izaro uhartean. Ondoren, itsasontziak Elantxoberantz joan dira eta bertan ohorezko aurreskua egingo zaie ordezkariei.

Bermeoko udalbatzagaz batera daude gaur, besteren artean, Mundakako  eta Elantxobeko alkate eta ordezkariak, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Idurre Bideguren EH Bilduko senatari bermeotarra; Naiara Fernandez EH Bilduko legebiltzarkide bermeotarra; eta Iker Casanova Bizkaiko Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramailea.

Era berean, azken urteotan bezala hainbat herritarrek ohitura garrantzitsu hau udalbatzarekin batera bizitzeko eta itsasontzi ofizialean joateko aukera izan dute; 18 herritarrek izan dute aukera, hain zuzen.  Urtero bezala hainbat izan dira itsasontzi ofizialarekin batera itsas jaian parte hartu duten herritarrak itsasontzi ezberdinetan.

17:30ean Elantxobetik irtengo dira, Mundakara joateko eta portutik udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Betijai fanfarreagaz. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira. Ondoren, Betijai fanfarreagaz beherakada egingo da San Migeleko eskailerataraino.    

20:00etatik 00:00etara, Puntu Morea jarriko da Portuzarrean; bertan, informazioa, aholkularitza eta eraso sexisten kasuan, laguntza eskainiko dira.

23 / 07 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0