Albisteak

Albistea

Bermeoko auzo alkateek kargua hartu dute gaur goizean

Arene, Almike, San Andres, San Miguel, Artike, Agarre, Demiku, Mañu eta Arronategi auzoetako ordezkariek auzo alkate makilak jaso dituzte Bermeoko Kultur Etxean

Bermeon, 2019ko abenduaren 14an.- Bermeok auzo alkate berriak izango ditu gaurtik aurrera. Izan ere, gaur goizean herriko Kultur Etxean egin den ekitaldian, Arene, Almike, San Andres, San Miguel, Artike, Agarre, Demiku, Mañu eta Arronategi auzoetako ordezkariek auzo alkate makilak jaso dituzte Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik. “Geure herriaren nortasuna eta jatorriaren argazki bizia zarete” azpimarratu du Abaroak gaur goizean.

“Nik behin baino gehiagotan esan dut bermeotarrok itsasoaren ondoan bizi garen baserritarrak eta mendi eta auzoz inguraturiko itsastarrak garela. Gure bederatzi auzoek eta auzotako alkateak zarete horren adibiderik argienak; zuek kresalez beteriko baserritarron odola daramazue zainetan”, hasi da Aritz Abaroa alkatea.

Zalantzarik gabe, figura berezi, zahar eta oso baliagarria da auzo alkatearena. Izan ere, lehen gobernu demokratikoa sortu zenetik dator (duela 40 urte baino gehiago) eta bere funtzio nagusia da Bermeoko baserri auzoen eta herriko Udalaren arteko zubia izatea. Auzo hauetan sortu daitezkeen proposamen, beharrizan edo arazoak inork baino hobeki ezagutzen ditu auzo alkateak eta herriko Udal Gobernuarekin batera auzogunea hobetzeko lan egitea da bere lana. Aldi berean, Udaletxearentzako oso figura lagungarria da, auzoekin interlokuzio zuzena lortzen duelako. Alde biak irabazten ateratzen dira.

“Balioan jarri nahi nituzke, egunez egun, borondate eta ilusio guztiarekin, Bermeo hobe bat lortzeko lan nekaezin eta eskerga egiten duten herritar eta talde guztiak. Hau horrela da auzo-alkateen kasuan ere. Zuen denbora libreko orduak dedikatzen dituzue kargu honi, borondate guztiarekin, zuen auzo eta auzotarren ongizatea lehenetsiz eta herrigintzan zuen aportazioa eginez”, gehitu du ekitaldian Abaroak.

Auzo bakoitzeko alkateak auzo alkate makil propioa eskuratu du gaur goizean eta lau urtez izango du bere esku. Gainera, kargua utzi duten auzo alkate bakoitzari plaka bat entregatu zaio ekitaldian. Hauek dira plaka jaso duten auzo alkate ohiak:

-          Mañu auzoa: Ixone Ayestaran

-          Artike auzoa: Gaizka Ruiz

-          San Miguel auzoa: Patxi Erauzkin

-          Arronategi auzoa: Javier Bilbao

Aukeratzeko prozedura:

Figura hau aukeratzeko prozedura ere berezia da. Izan ere, gainontzeko hauteskundeetan ez bezala, herritar hauek ez dira bere kabuz aurkezten. Hau da, ez dute bere burua hautagai gisa proposatzen. Auzoetako herritarrak dira izena paperean idazten dutenak. Noski, boto gehien jaso dituen pertsonak kargua onartu edo uko egin diezaioke. Azken hitza berea da. Bozketa azaroaren 10ean izan zen, Estatu mailako hauteskunde orokorrekin batera. Auzoetako herritarrek euren hautestontzi propioa izan zuten botoa emateko.  

Hauek dira Bermeoko auzo alkate berriak eta eskuratu dituzten botoak:

-          Arene: Jose Angel Lasa 24  (errepikatzen du)

-          Almike: Joseba Ugalde 26 (errepikatzen du)

-          San Andres: Jon Patxi Gutierrez 25 (errepikatzen du)

-          San Miguel: Sabino Aberasturi 12

-          Artike: Aizbea Renteria 33

-          Agarre: Asier Elgezabal 24 (errepikatzen du)

-          Demiku: Milagros Orbe 20 (errepikatzen du)

-          Mañu: Eneko Corral 12

-          Arronategi: Izarra Elortegi 14

14 / 12 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0