Albistea
Herriko elkarteei esker, adin guztietarako Gabonetako egitarau zabala izango dugu Bermeon
Laster Gabonak dira eta hain bereziak diren data hauetan ekimen asko eta asko izango dira Bermeon. Aurten hainbat berrikuntza izango ditugu; izan ere, Bermeon izotz pista bat ezarriko da guztiok berarekin gozatu ahal izateko. Horrez gain, Bermeoko Udal azokan Gabonetako zuhaitza ezarri da eta argiak bizteko ekitaldi polita izango dugu. Era berean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, puzgarriak igerilekuan, azoka bereziak udal azokan, San Silbestre lasterketa solidarioa, Gospel kontzertua, bestelako kontzertuak, ekimen solidarioak, kirol erakustaldia eta beste ekitaldi asko eta asko izango ditugu Bermeon.
Urtero bezala, Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 24an helduko dira Bermeora eta aurten, goizean Bermeoko udal azokan egongo dira eta, arratsaldean, kalejira txiki bat egin ondoren, Goiko plazan Gabonetako jai polita eskainiko dute eta, zelan ez, urtarrilaren 5ean, Gaspar, Melchor eta Baltasar erregeak itsasotik helduko dira Bermeora.
Bidegurenek azaldu duenez, aurten nobedade garrantzitsu bat izango dugu: izotz pista. Izotz pista Lameran egongo da, abenduaren 28an irekiko da eta urtarrilaren 6ra arte izango dugu. Goizez eta arratsaldez egongo da irekita eta ordu erdi inguruko txandak izango dira, bi euroko sarrera baten truke. Jasotzen den dirua helburu solidarioetara bideratuko da.
Alkateak adierazi duenez, izotza sintetikoa izango da. Hori dela eta, ez du energiarik behar eta horregatik guztiz jasangarria da, eta, era berean, izotza baino bigunagoa denez, erortzen bazara min gutxiago hartzen duzu. “Izotz pista hau oso erakargarria dela uste dugu eta herritar zein kanpoko pertsona guztiak gonbidatzen ditugu Bermeora gure izotz pistarekin, gure herriarekin eta gure dendetan eta gure tabernetan gozatzera”, azpimarratu du. Ildo horretan, aurten Gabonetako erakusleihoen lehiaketa dugula gogoratu du 73 establezimenduren parte hartzearekin.
Zuhaitza udal azokan eta azoka bereziak
Era berean, aurten Bermeoko udal azokan gabon zuhaitz ederra jarri da eta abenduaren 5ean, eguaztenean, 18:00etan, Gabonatako argiak eta zuhaitza piztuko dira Julen Urdaibai bermeotar kirolariaren eta 25. Urteurrena betetzen duen Xixili Gimnastika taldearen eskutik. Bermeoko azokan gabon giro polita sortuko da; izan ere, Berazel elkarteak danontzako txokolatea eskainiko du. Erroxapeko martxa taldeak Gabonetako kantekin giroa alaituko du eta azokako postuak zabalik egongo dira 17:30etik 20:00etara.
Horrez gain, Bermeoko Udal azokan hainbat izango dira Gabonetan ospatuko diren ekintzak. Berazeleko ordezkariek azaldu duenez, abenduaren 14an eta 15ean, barikuan eta zapatuan, Gabonetako azoka bereziak izango ditugu. Abenduaren 14an, barikuan, 10:00etatik 15:00etara eta 17:30etik 20:00etara egongo da irekita azoka eta Lanbide Hastapeneko sukaldaritza ikasleek egindako pastel eta tartak erosteko aukera egongo da (11:30-15:00). Gainera, Bermeo eta inguruko artisauak izango ditugu eta plazako postuak irekita egongo dira betiko ordutegian.
Abenduaren 15ean, zapatuan, Gabonetako azoka berezia izango dugu 9:00etatik 15:00etara. Bertan, gabon giroan, plazako postuen kalitatezko produktuak eta eskualdeko baserritarren eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, esnekiak, sagardoa, txakolina, lorak, gaztainak, ogia, patea, gozoak… Horrez gain, taloa, txakolina eta sagardoa dastatzeko aukera izango dugu udal azokan.
Horrez gain, musika zuzenean entzuteko aukera izango dugu; izan ere, 11:00etan musika eskolako haize taldea, koroa tea Erroxape abesbatza izango ditugu eta umeek Cake pop sukalde tailerrean ondo pasatzeko aukera izango dute.
Olentzero eta Mari Domingi
Olentzeroren Laguntzaileek azaldu dutenez, abenduaren 24an, Bermeoko udal azokak bisita berezia izango du; izan ere, Olentzero eta Mari Domingi maiteak menditik jaitsiko dira eta 11:30ean udal azokara helduko dira. Bertan, 14:30ak arte egongo dira, ume zein nagusien azken gutunak batzen eta argazkiak ateratzen, azokako zuhaitzaren alboan. Gainera, udal azokako postuak ere irekita egongo dira betiko ordutegian.
Atsedenaldi txiki bat hartu ondoren, Olentzero eta Mari Domingi, 17:30ean, Atalden izango dira eta, Goiko plazaraino kalejiratxoa egin ondoren, Goiko plazan harrera ekitaldia egingo zaie herriko taldeen eskutik. Kantak eta dantzak izango dira nagusi Olentzerori eta Mari Domingiri ongi etorria emateko gabon jaialdian eta, gainera, indarra hartzeko txokolatea eta gaztainak dastatzeko aukera izango dugu eta umeek gozatzeko hainbat aukera izango dituzte. 20:00etan jaia bukatuko da Olentzerok eta Mari Domingik lan gogorra baitute opariak banatzen.
Pirritx eta Porrotx eta kontzertuak
Urtero bezala umeek hain gustuko duten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango ditugu gure artean. Horrela, Abenduaren 27an, eguenean, umeek ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskainiko duten ‘Musua’ ikuskizunarekin. Artza frontoian izango da eta bi saio egongo dira, 16:00etan eta 18:30ean, hain zuzen ere. Sarrerak abenduaren 11n jarriko dira salgai Kultur etxean, Kutxabank-eko orotarako kutxazainetan eta kutxabank.es web gunean. Umeen sarrerak 5 euro dira eta nagusienak 10 euro.
Era berean, Gabonetan, Gospel kontzertua izango dugu, Goizargi Gospel Choir taldearekin, hain zuzen ere. Kontzertua abenduaren 20an, eguenean, izango da Bermeoko Kafe Antzokian iluntzeko 20:00etan. Sarrerak 8 euro dira eta jadanik salgai daude. “Kalitatezko kontzertua izango da eta Gospel musikarekin gozatzeko aukera eskainiko digu”, azpimarratu du Bidegurenek.
Ildo horretan, Esti Arrizabalagak azaldu duenez, musikak presentzia garrantzitsua izango du Gabonetako egitarauan; izan ere, hainbat dira egun hauetan antolatu diren kontzertuak. Abenduaren 16an, Erroxapeko martxak gabonetako kalejira egingo du. Abenduaren 18an, Musika eskolako taldeek kontzertua eskainiko dute Santa Eufemia Eleizan eta abenduaren 19an, Bermeoko udalaren zaharren egoitzan eta Arrantzaleen museoan kontzertu bana eskainiko dituzte. Egun berdinean, Erroxape abesbatzak Gabonetako doinuak kontzertua eskainiko du Erroxapeko lokalean.
Abenduaren 20an, eguenean, Musika eskolako Arrekatxutxa triki-pandero taldeak Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzan kontzertua eskainiko du eta Musika Eskolako koro txikiak eta Erroxape abesbatzak Egoitz Alai zaharren egoitzan eskainiko dute. Era berean, musika eskolako ikasleen kontzertua izango da Bermeoko Arrantzaleen museoan. Abenduaren 21ean Kanta Kanta Loruen kalejira izango dugu Bermeoko kaleetatik.
Abenduaren 22an, zapatuan, Coro Rociero Maikaren eskutik Gabon kantak eta gabon irudiak izango ditugu San Frantzisko elizan 18:30ean. Egun berdinean Bermeoko Abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du Kasinoan 20:00etan eta abenduaren 23an Almikako elizan beste kontzertu bat eskainiko dute. Izaro abesbatzak abenduaren 25ean, San Frantzisko elizan eguberri meza abestua eskainiko du 13:00etan eta abenduaren 28an Gabonetako kontzertua toki berdinean.
Bermeoko udal liburutegian abenduaren 26an ipuin kontalaria izango dugu, Arrantzaleen museoan Gabonetako tailerrak izango ditugu hainbat egunetan eta euskal gunean gabonetako apaingarriak egiteko guraso tailerra izango da. Demiku elkarteak ere hainbat ekimen antolatu ditu ( Gabonetako otzararen zozketa, sukaldaritza tailerra, urte amaierako jaia).
Elkartasuna
Bermeo herri solidarioa da eta data berezi hauetan hainbat izango dira Bermeon izango ditugun ekimen solidarioak. Abenduaren 14an, 18:00etan eta 20:30ean, Txo Sevilla Dantza taldeak antolatuta, Nestor Basterretxea aretoan, Gabonetako ekitaldi solidarioa egingo da, Alicia Gallardónen eskutik eta Laztana elkarteari laguntzeko. Sarrera 2 euro.
Era berean, Bermeoko Minbiziaren aurkako elkarteak antolatuta, Gabonetako Mahai Zentroen XXI. Lehiaketa egingo da eta sari banaketa abenduaren 20an izango da Nestor Basterretxea aretoan.
Horrez gain, aurten bigarren urtez, elkartasuna eta kirola uztatzen dituen ekimen polita izango dugu abenduaren 31n, II. San Silbestre lasterketa, Eutsi gogor elkartean alde, gaixotasun arraroak dituzten umeei eta euren familiei laguntzeko, hain zuzen ere.
Eutsi Gogor danok batera ekimenak antolatutako lasterketa hau 13:30ean hasiko da Portuko Olatua eskulturaren inguruan eta adin guztietako pertsonek parte hartzeko aukera izango dute, hiru ibilbide egiteko aukera egongo baita: 500 metrokoa, 2 kilometrotakoa eta 4 kilometrotakoa. Dortsalak hiru euro izango dira eta abenduaren 31era arte Aribike, Orain Bai Fitness Clubean, eta Intersport dendetan egongo dira salgai. Abenduaren 31n Lameran, Kiosko alboan, eskuratu ahal izango dira dortsalak. “Hortaz, ez dago aitzakiari, denok parte-hartu San Silvestreren 2. edizio honetan”, azpimarratu dute.
Kirol ekimenak eta Puzgarriak igerilekuan
Kirolarekin lotuta, hainbat izango dira Gabonetan ospatuko diren lehiaketak, besteak beste, Gabonetako esku pilota txapelketa eta Gabonetako eskubaloi txapelketa. Horrez gain, puzgarriak izango ditugu igerilekuan abenduaren 23an, 24an, 30ean, 31n eta urtarrilaren 5ean 11:00etatik 13:45era.
Abenduaren 8an, ohitura den moduan, Sollube 707 mendizale taldeak antolatuta, Burgoara mendi irteera egingo da jaiotzea ipintzera eta abenduaren 15ean, 18:00etan kirol erakustaldia izango dugu Artza frontoian. Erakustaldian Senior Gimnasia, karatea, gimnasia erritmikoa, zumba eta Line dance ikusteko aukera izango dugu; izan ere, talde ezberdinek urtean zehar egindako lana erakutsiko digute era polit batean.
Urtero bezala, klasiko bat bihurtu dena, abenduaren 31n, astelehenean, urteko azken bainu dibertigarria egingo da Bermeoko Portuan 11:30ean Bermeoko Txirrindularitza taldeak eta Udalaren Kirol Patronatuak antolatuta.
Urte amaierako meza eta Erregeak
Abenduaren 30ean, ohitura den moduan, urte amaierako meza izango dugu gure Gaztelugatxeko San Juanen.
Gabonak bukatzeko zelan ez, urtarrilaren 5ean, zapatuan, Ekialdetik datozen Gaspar, Meltxor eta Baltasar Erregeen desfilea izango dugu. Erregeak itsasotik helduko dira Bermeoko Portura, eta ilusioa eta opariak ekarriko dizkie Bermeoko ume guztiei.
Desfilean zehar gozokiak banatuko dituzte, zeliakoek ere jan ahal dituztenak. Bukatutakoan umeek aukera izango dute Gaspar, Meltxor eta Baltasarrekin argazkiak ateratzeko udal liburutegian. Antolatzailea Budek elkartea da, eta laguntzaileak Bermeotarrak fanfarrea, musika eskolako ikasle eta irakasleak, Herri Babesa, Gurutze Gorria, Itsas Salbamendua, eta Izaro Bikers, besteak beste.
Bidegurenek ekimen guzti hauek antolatzen dituzten elkarte eta herritar guztiei eskerrak eman dizkie. “Gabonetan egitarau zabala izango dugu Bermeon; eta espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, ekimen hauekin gozatzea”, adierazi dute. Azkenez, Bidegurenek “bermeotar guztiei gabon zoriontsu batzuk opa izan die”. “Ondo pasa, famili eta lagun artean!”.
Informazio guztia: https://issuu.com/bermeokoudala/docs/abendua_2018_web_bz_abendua
010 (94 617 91 00)