Albistea
Bermeon, 2023ko abuztuaren 30ean.- Datorren larunbatean, irailak 2, Salome Campos Zeharkaldiaren IX. edizioa ospatuko da Bermeon. Bertan, 670 parte-hartzaile inguru elkartuko dira eta 5km inguru egingo dituzte igeriketan, zehazki, Bermeoko portuaren eta Izaro uhartearen arteko distantzia (joan-etorria). Ibilbide laburragoa nahiago dutenentzat, beste bi kategoria egongo dira: 1.500 metrokoa eta 500 metrokoa. Bermeoko Udalaren eta Gurutze Gorriaren laguntza duen ekimena da, azken hau segurtasunaz arduratuko da.
Horiek eta askoz xehetasun gehiago eman dituzte Bermeoko alkateak Nadia Nemeh Shomalyk, Kirol zinegotziak Xabier Ortuzar Butronek eta Bermeoko Campos kontserba enpresako Marketin zuzendariak Aintzi Laburu Landetak gaur goizean Bermeoko portuan egindako prentsaurrekoan. "Ohore handia da bermeorentzat ekimen arrakastatsu hau hartzea, zeinetan, urtez urte emakume gehiagok parte hartzen duen. Duda barik, emakume gisa eta bermeotar gisa, harro egoteko modukoa da, izan ere, ekimenak Salome Campos omendu nahi du duela mende bat baino gehiago Izaro uharteraino igerian igaro zen emakume bermeotar bat, hain zuzen ere" adierazi du Nadia Nemeh Shomaly alkateak.
Bermeoko jaien bezperan ospatzen den zeharkaldiak, ur irekietan egiten diren horrelako ekimenetan ohikoa dena baino askoz ere ibilbide luzeagoa du. Horregatik, "hain ekimen erakargarria da" gehitu du Xabier Ortuzar Butronek. Izan ere, aurten, "iaz baino 87 izen-emate gehiago izan dira, lehiaketa urtez urte sendotzen ari delaren seinale", adierazi dute antolatzaileek. Era berean, "zeharkaldi honetan emakume askok parte hartu dutela azpimarratu behar da, eta hori albiste bikaina da".
Atzo bertan itxi ziren 5.000 metroko kategoriako inskripzioak. Guztira 284 igerilarik hartuko dute parte. Gainerako kategoriei dagokienez (1.500 eta 500 metro), izen-emateak zabalik daude 2023ko abuztuaren 31ra arte. Oraingoz, 1.500 metroko proban 294 lagunek eman dute izena (6 plaza baino ez dira libre geratzen) eta lehenengo aldiz, 5.000 metroko kategorian baino parte hartzaile gehiago egongo dira. Haurren proban, 500 metrokoan, inoiz baino igerilari gehiago egongo dira, 92, hain zuzen ere (8 plaza geratzen dira libre).
Sexuaren arabera, %40a emakumeak izango dira eta %60a gizonezkoak.
Adinaren arabera, parte-hartzaileen %36,6k 45-54 urte dituzte, %14,3k 35-44, %14,3k 13-17, %9,6k 25-34 eta 55-64, %6,8k 18-24 eta %6,2k 12 urte baino gutxiago.
Eta azkenik, jatorriaren arabera, igerilarien %50,6 Bizkaitik datoz, %14 Gipuzkoatik, %9,4 Zaragozatik, %7,1 Nafarroatik, %5,5 Errioxatik eta Arabatik, besteak beste. Aipatu beharra dago gainera, aurten, 41 bermeotarrek hartuko dutela parte.
Itsaso irekian igeri egiteko proba irabazten duten gizonak eta emakumeak, Campos markako hegaluze eta atun kontserbetan duten gorputz-pisuaren baliokidea irabaziko dute sari gisa. 5.000 metroko kategorian parte hartzen dutenek, halaber, txapela ere irabaziko dute. 2. eta 3. postuan geratzen diren igerilariek, aldiz, atun sorta desberdinak jasoko dituzte.
Antolakuntzaren aldetik trabesian lagundu nahi luketen barkurik balego info@salomecampos.com emailera edota 680 43 48 28 telefono zenbakira deitzeko eskaria luzatu dute Camposetik. Bukatzeko "Udaletik, bermeotar eta bisitari guztiak gonbidatzen ditugu larunbatean Bermeora etortzera eta kostaldeko udalerria urez beteko duen kirol eta jai giroaz gozatzera" amaitu du Kirol zinegotziak.
010 (94 617 91 00)