Albisteak

Albistea

Irailean martxan hasiko da Emakume Korrikalarien Taldea

Bermeoko Udaleko Kirol Sailak sustatuta, irailean martxan hasiko da Emakume Korrikalarien Taldea. Proiektu honen helburu nagusia da emakumeak ariketa fisikoa egitera animatzea. Kirol saileko arduradunek azaldu dutenez, ahalduntze prozesu baten hasiera izan daiteke: “Guk emakumeei baliabideak emanez, autonomia lor dezakete, gura dutenean korri egitera joan daitezen”.

Horrez gain, Emakume Korrikalarien Taldeko partaide diren emakumeen artean harremana sortzea eta sozializazio esparrua zabaltzea ere badu helburu; “etxeko, familiako edo laneko esparrutik atera eta euren burua zaintzeko, taldearen berotasunean, gustuko duten zerbait eginez”.

Osasun fisikoak eman dezakeen bizi kalitatetik hasita, kirolaren garrantziaren berri emango zaie  parte hartzaileei, eta horretarako lanabesak emango zaizkie. Ondoren, lasterketen munduan hastea edo ez euren esku egongo da. Etorkizunera begira, kirol sailetik talde egonkor bat osatzea aurreikusten da. 

Dagoeneko 2024/25 ikasturterako kronograma diseinatuta dago. Lehenengo saioa irailaren 21ean izango da, 10:00etan. Hurrengoa izango da urtarrilera bitartean aurreikusita dagoena:

  • Irailak 21: Lasterketa teknika.
  • Urriak 21: Saio aerobikoa.
  • Urriak 26: Indar saioa kalean.
  • Azaroak 16: HIIT saioa.
  • Abenduak 14: Indar lana TRX-arekin.
  • Urtarrilak 11: Bermeoko Herri Lasterketako ibilbidea.
  • Urtarrilak 26: Bermeoko Herri Lasterketa.

Emakumea bazara eta korrika egitea gustuko baduzu, dagoeneko izena eman dezakezu kirol saileko bulego birtualaren bidez. Parte hartzaileek korrikan aditua den pertsona bat izango dute bidelagun, entrenamenduetan lagundu eta mota guztietako gomendioetarako.

24 / 07 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0