Albistea
Nestor Basterretxea 1924. urteko maiatzaren 6an jaio zen Bermeon. 1936an Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Frantziara erbesteratu zen. Nerabezaroan ezagutu zuen bere bokazio artistikoa eta marrazten hasi zen. Urtebete baino gehiago irauten duen itsasontziko exodo baten ondoren, haren familia Buenos Airesen kokatu zen, 1942an. Ikasketa teknikoak egin zituen Huergo Institutuan eta Emilio Pettoruttirekin margolaritza eskolak hartu zituen. Publizitatean lan egin zuen, eta bere lehen pintura sariak lortu zituen. Maria Isabel Irurtzunekin ezkondu zen, eta, ezkontza bidaia aprobetxatuz, 1952an Espainiara itzuli zen; 1958an Euskal Herrira bueltatu zen bizitzera. Hondarribian hil zen 2014ko uztailaren 12an.
Aurten, XX. mendeko euskal artistarik garrantzitsuenetako baten jaiotzaren mendeurrena ospatzen gabiltza. Mendeurren honetan, Nestor Basterretxearen ondarearen zabaltasuna eta sakontasuna gogorarazi gura da, bai eta artistaren gizarte-konpromisoa eta haren lanak Euskal Herriko iruditeria kolektiboan duen iraupena ere. Horretarako, hainbat erakunde eta entitate kulturalek bat egin dute, eta jarduera programa osatu bat antolatu dute urte honetarako. Bermeoko seme kutuna izanik (2002ko irailaren 5eko ez ohiko osoko bilkuran onartuta), Bermeoko Udalak ere Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurreneko ospakizunetan parte hartu gura izan du.
Bermeoko kultura zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak gogorarazi duenez, Bermeo da artista bermeotarraren artelan gehien dituen herria; “modu horretan, haren altxor bat dugu”. Asko dira udalerriko txoko desberdinetan aurki daitezkeen bermeotar unibertsalenaren lanak: Euskal Kosmogonia, Hilargi amandrearen mamuak, Hilarriak, Olatua, Benito Barruetaren omenezko monumentua, Matxitxakoko Bataila eta Lurdeia.
Bermeoko Udaletik maiatzaren 4a, zapatua, aukeratu da Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Goizean zehar, Barrueta Arte Elkarteko kideek Nestor Basterretxea omentzeko marrazkiak egingo dituzte Frantziskotarren klaustroan, bermeotarraren Hilarriak artelanen artean.
11:00etan, Nestor Basterretxea 100 urte erakusketaren inaugurazio ekitaldia egingo da, Nestor Basterretxea aretoan. Erakusketa horretan egongo dira ikusgai, bere lagunak izan diren bermeotar batzuei Nestorrek berak oparitutako artelanak; “inoiz ikusi ez diren lan harrigarriak”. Maiatzaren 4tik 12ra bitartean bisitatu ahalko da erakusketa, egunero, 19:00etatik 21:00etara. Era berean, Nestor Basterretxearen lanekin Barrueta Arte Elkartekoek egin duten liburutxoa aurkeztuko dute elkarteko kideek.
Ordu erdi beranduago, 11:30ean, Nestorren lagunak solasaldia eta bideo emanaldia egongo dira Nestor Basterretxea aretoan bertan. Bermeoko Turismo Bulegoak eta Alberto Bilbaok egindako bi bideo labur erakutsiko dira. Modu horretara, Nestorren lagunen hitz batzuk eta Nestorreri berari egindako elkarrizketa bat entzun eta ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek. Nestor lagunak solasaldia Iratxe Astui kazetariak bideratuko du; horretan, Nestorren alderik ezezagunena ezagutzeko aukera egongo da.
13:00etan, Frantziskotarren klaustrora lekualdatuko da ospakizuna, bertan egingo baita omenaldia, Hildakoen Estela seriearen inguruan. Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezko aurreskua egin eta Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk hartuko du hitza. Amaitzeko, Nestorren gustuko abesti batekin lore eskaintza egingo da, bertaratutakoen artean loreak banatuz.
Bermeoko Udalaren egitarauak udazkenean jarraituko du. Hain zuzen ere, urrian eta azaroan, bisita gidatuak egingo dira Turismo Bulegoak antolatuta. Bisita gidatu horiek, Nestor Basterretxeak oparitutako ohartxo batzuk oinarri hartuta egingo dira. Hala eta guztiz ere, data zehatzen berri, aurrerago emango da.
010 (94 617 91 00)