Albisteak

Albistea

Apirilean bere ateak irekiko dituen Bekoportala 0 eta 5 urte bitarteko umeentzako gune bihurtuko da

Horrez gain, Bekoportalak erakusketak, hitzaldiak edota proiekzioak hartuko ditu, erakusleiho soziala ere izango baita

 

Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean (Mokoneko aldatzan) dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin batera definitu zuen eta, lanak bukatu ondoren, gaur Bekoportala izena duen espazio honek eskainiko den zerbitzuaren berri eman zaie herritarrei. Azaldu dutenez, Bekoportalan eskainiko den zerbitzu nagusia 0 eta 5 urte bitarteko umeei zuzendutakoa izango da; izan ere, urte tarte horretako umeak heldu batekin egoteko gunea izango da. 

Horrela, Bekoportala barneko gunea ume txikientzat egokitu da eta bertan mahaiak eta aulkiak daude heldu zein txikientzat eta umeek ondo pasatzeko koltxonetak, jostailuak eta liburuak izango dituzte. Gainera, umeak aldatzeko mahaia egongo da eta mikrouhin bat ere izango da ume txikien bazkaria berotu ahal izateko, umeek bertan jateko aukera izango baitute. 

Bekoportalako zerbitzua apirilean hasiko da eta honakoa izango da ordutegia: astelehenetik barikura 16:00etatik 19:00etara eta zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Udan beste ordutegi bat izango da. Ordutegi horretan begirale bat egongo da, hala ere, umeak heldu batekin egon behar dira. Egun zehatz batzuetan, Txikitzerik elkarteak familia eta umeei zuzendutako tailer eta bestelako ekitaldiak antolatuko ditu. 

Erakusketak, hitzaldiak eta proiekzioak 

Bekoportalako gunearen edukiera 50 pertsonakoa da eta 0 eta 5 urte bitarteko umeentzako aisialdi gunea izateaz gain,  Bekoportalak aukera gehiago eskainiko ditu; izan ere, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak edota proiekzioak hartuko ditu, erakusleiho soziala ere izango baita. 

Hurtado de Mendoza kaleko orube eta lokal horiek egoera oso txarrean zeuden. Hori dela eta, Bemeoko Udalak gune hori berreskuratzeko prozesua abian jarri zuen, parte-hartze prozesu baten bidez. 

Bermeoko Udalak Arkibai, Garapen jasangarrirako eta sozialerako arkitekto elkartearekin, martxan jarri zuen parte-hartze prozesua eta bertan,  lehenenik eta behin,  herritarrekin Alde Zaharreko eta, zehazki, gune horretako beharrak identifikatu ziren; eta, ondoren, orube eta lokal hori zertara bideratu  aztertu zen herritarrekin batera.

Arkibai elkarteko ordezkari batek adierazi duenez, Udalak Arkibai elkartearekin elkarlanean gauzatu duen proiektu honen “asmo nagusia” orube eta lokalaren “berreskuratzea eta herritarren beharrizanetara egokitzea izan da”. 

Alde Zaharreko portale berria 

Ildo horretan, aipatu duenez, Bekoportalako gunea sortzerakoan, “irisgarritasunean eta berdintasunean oinarritutako hirigintza irizpideak aintzat” hartu dira. “Era berean, Alde Zaharreko portale berri bat osatzeko asmoz, orubeko kanpo espazioa Lameratik datozenengana zabaldu da, bertako ikuspegiarekin jokatuz eta bere bukaeran beiratez itxitako lokala aldarrikapen bezala azaltzen da”, nabarmendu du. Proiektua Arkibai elkarteak eta View Arkitektura eta Ikerketa taldeak elkarlanean landu dute. 

Proiektu guztiaren kostua 500.000 euro ingurukoa da eta proiektu honetarako Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailaren 109.394 eurokoa diru laguntza izan du, Itsaspen programaren barne.

23 / 03 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0