Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak beiraren gaikako bilketari buruzko kontzientziazio kanpaina abiarazi du ostalaritzan

Laugarren urtez, Bermeoko Arrain Azokan botilak batzeko kanpaina berezia abiaraziko da

 

 

Bermeoko Arrain Azoka asteburu honetan ospatuko da,  maiatzaren 18an, 19an, eta 20an, hain zuzen ere. Data horiek aprobetxatuta Bermeoko Udalak, Ecovidrio enpresarekin batera, laugarren urtez, kanpaina berezi bat abiaraziko du azoka inguruko tabernetako beirazko botilak aparteko zerbitzu baten bitartez biltzeko. 

Aurten, gainera, maiatzaren 14an hasita, herriko ostalariei zuzenduta, beirazko ontzien gaikako bilketari buruz sentsibilizazio kanpaina orokor bat martxan jarri du; izan ere, ostalaritza baita beirazko ontziak kontsumitzen dituen sektore garrantzitsuenetariko bat, birziklatzen den beira kopurutik %48a ostalaritzatik baitator. 

Horrela, kanpaina honen bidez, beirazko ontzien gaikako bilketa arduratsu zein egoki baten garrantzia azpimarratuko da eta ingurumen-hezitzaile espezializatu bat Bermeoko 70 taberna eta jatetxeetatik pasako da beira birziklatzeak ingurumenean dituen onurak gogorarazteko.  

Bisita horretan informazioa emango zaie, iglu berdean zer bota daitekeen eta zer ezin den bota azaltzeko, langile guztiak informatuta egon daitezen. Ostalarien iradokizun eta ekarpenak ere jasoko dira eta beira birziklatzeko kuborik ez dutenei, eskatzeko aukera emango zaie eta banatu egingo dira. 

Irune Ormaetxeak, Ingurumen, Merkataritza eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, kanpaina honen bidez, Udalak botilen birziklapena gehitzea nahi du. “Kontuan hartuta ostalariek beira hondakin asko sortzen dituztela, kanpaina honekin birziklapena gehitzea nahi dugu”, adierazi du. 

Horrez gain, azoka inguruko ostalariei birziklatzeko laguntza eskaintzen dietela azaldu du;  izan ere,  “Arrain azokako egunetan jende asko batzen da eta tabernariek sarritan gainezka egoten dira beirazko botilak kaleko edukiontzi berdera eramateko”, esan du. 

Horrela, Lamera, Portuzarra eta Askatasun Bidea kaleko taberna guztietan nahi dutenentzat gurpildun kubo bat utziko da botilak bertan batzeko. Azoka bitartean,  langile bat pasako da aldizka lokal guztietatik kubo beteak edukiontzi berdera eramateko eta bueltan hutsik ekartzeko. Bilketa hori ostiral eguerdian eta iluntzean egingo da, larunbat eguerdian, iluntzean eta gauean, eta amaitzeko, igande eguerdian. 

Ormaetxeak gogoratu duenez, aurten, gainera, Bermeoko Arrain Azokak  “Erronka Garbia” ekitaldi jasangarriaren ziurtagiria du.  Nazio Batuen Erakundearen Ingurumen Programaren arabera, ekitaldi jasangarria da ingurumenean izan zitzakeen inpaktu negatiboak minimizatuz diseinatu, antolatu eta gauzatu dena. 

Horrela, Bermeoko Arrain Azokak ingurumena eta iraunkortasuna errespetatzeko neurriak indartu ditu. Ildo horretan, eta besteak beste, aurten ere botilak batzeko zerbitzua eskainiko du eta sentsibilizazio kanpainarekin indartuko du. “Ezinbestekoa da guretzat Arrain Azokan gure ingurumena guztion artean zaintzea, eta horregatik jartzen dugu martxan aipatutako ekimena”, nabarmendu du Ormaetxeak. 

15 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0