Albistea
Bermeoko baleazaleen historia kontatzen duen murala margotu du Bermeoko Udalak Talan. “Mural hau zuri beltzez eginda dauden hainbat irudik eta testuek osatzen dute eta, horien bidez, Bermeoko baleazaleen historia erakutsi nahi dugu modu ikusgarrian, Tala bezalako leku esanguratsuan, izan ere, Talak protagonismo berezia izan zuen balearen arrantzaren garaian eta gaur egun Bermeoko toki ederrenetarikoa da, bertatik ikusten baitira Izaro eta Ogoño”, azaldu du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak.
Bidegurenek XVII. mendera arte balearen arrantzak Bermeon izan duen garrantzia erakusten duen mural hau aurkeztu du gaur. Berarekin batera egon dira, besteak beste, Irune Ormaetxea, Turismo eta Merkataritza zinegotzia, eta Luis Olaso Arte y Muralismo-ko artista eta muralaren egilea.
Guztiak emaitzarekin “oso pozik” agertu dira, izan ere, euren esanetan, bale arrantza eta Bermeoko garai bateko bizimodua aurkezten duen mural hau “benetan ederra eta ikusgarria” da. “Momentu honetan bai Aita Guria baleontziaren eta bai Arrantzaleen Museoaren osagarri bat dela esan dezakegu, aire zabalean, gainera Tala bezalako leku zoragarri batean, ikus dezakegun museoa”, gaineratu dute.
Turismo eta Garapen zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko Udalak edertze planaren barne, hainbat eraikinen horma arte urbanoarekin edertu daitezkeela ikusi zuen, hauei beste balio bat emateko. Horrela, bere esanetan, Alde Zaharra indartzeko eta biziberritzeko Bermeoko Udalean dagoen lan taldeak, Talan mural bat egitea pentsa zuen, “Bermeoko toki esanguratsu honi oraindik balio gehiago emateko”.
“Horretarako, Arte y Muralismoko artistek lan hau egiteari ekin zioten”, esan du. “Mural honek balearen arrantzak Bermeon izan duen garrantzia azpimarratzen du, hamar irudi eta hauek azaltzen dituzten hamar testuen bidez eta mural honen abiapuntua da Bermeoko armarriaren irudia, izan ere, bertan bale arrantzak protagonismo berezia du”.
“Beste irudi batean Bermeoko Talako hormatik bermeotarrak itsasontziak ikuskatzen zituztela ikus daiteke, izan ere, urteetan zehar bermeotarrok Talara joan gara itsasontziak irteten eta etortzen ikustera”, gaineratu du.
Horrez gain, besteak beste, bale arrantzaren tresna eta jantziak ikus daitezke beste irudi batean eta Talan bertan arrantzarako sokak nola egiten ziren ere bai. Bale baten irudia ere jasotzen du mural honek eta baita ere bale arrantza egiteko teknika ezberdinak ikusi ahal dira Bermeo atzealdean duen beste irudi batean.
“Alde batetik Tala edertu nahi izan dugu eta, beste alde batetik, Bermeoko historiaren une garrantzitsuak konta nahi izan ditugu arte lan baten bidez, gure historia modu erakargarri eta ikusgarri batean jakinarazteko bai bermeotarrari eta baita ere gure herria bisitatzen datozen guztiei Tala bezalako toki paregabe honetan”, nabarmendu du Bidegurenek.
Horregatik, Bidegurenek eta Ormaetxeak eskerrak eman die Arte y Muralismoko artista dien Luis Olasori egindako lanagatik “guk mural honetan islatu nahi genuena, gure ideiak, gogoak eta helburuak eta Bermeoren izaera, hasiera batetik ederto ulertu dituelako eta oso ondo jaso dituelako. Lan bikaina dela uste dugu”.
Azkenez, pertsona guztiak gonbidatu dituzte Talara mural hau ikustera etortzera, izan ere, “gure historia arte lan baten bidez eta leku zoragarri batean ezagutzeko aukera eskaintzen digu”.
010 (94 617 91 00)